Debekuaren sagarra

Apple telesailak ekoizten dabil, baina ez dago argi noiz hasiko den ematen. Hainbat egitasmo baztertu edo atzeratu ditu, ez duelako sexurik, bortxarik eta drogarik nahi bere produktuetan.

Tim Cook Apple konpainiako burua. ALEKSANDAR PLAVEVSKI / EFE.
Edu Lartzanguren.
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Ez sexurik, drogarik, indarkeriarik eta biraorik telebistan. Apple konpainiak datorren urtean telebista zerbitzua abiatzeko asmoa du, Netflix eta halakoei lehia egiteko. Horretarako, telesailak ekoizteko ia mila milioi euro inbertitu ditu aurten bakarrik. Baina The Wall Street Journal egunkariak berriki argitaratu duenez, horietako batzuk bertan behera utzi dituzte, edo atzeratu, sagarraren konpainiak «familiari begirako» telebista bat egin nahi duelako.

Dr. Dre rap abeslariaren Beatsaurikular eta audio konpainia erosi zuen Applek 2014. urtean, 3.000 milioi euro pasatxo ordainduta. Orduan, artistaren bizitzan oinarrituriko telesail bat egingo zuela iragarri zuen Applek. The Wall Street Jounal-ek zabaldu duenez, Vital Signs telesaila iaz ikusi zuen Appleren buru Tim Cookek, eta bere telebistan lekurik ez zuela izango erabaki zuen. Izan ere, telesailak «drama iluna» izan behar zuen, eta, besteak beste, rap abeslariaren etxean giroturiko arma, droga eta sexu orgia bat antzezten zuten.

Ez da adibide bakarra. Urrian, ituna sinatu zuen Applek Reese Witherspoon eta Jennifer Aniston aktore eta ekoizleekin. Hitzarmenaren arabera, Witherspoonen Hello Sunshine ekoiztetxeak telesail bat egingo zuen, Appleren telebistan emateko. Telebista bateko goizeko magazinean lan egiten duten pertsonaien inguruko istorio bat izango zen. Egunkariak zabaldu duenez, telesaila ekoizteko lanak atzeratu egin dira, ekoizleak eta Appleko buruak ez direlako ados jartzen telesailaren tonuaren inguruan.

Applek sortzaileei ezarri nahi dizkien beste tabuak politika eta erlijioa dira, egunkariaren arabera. M. Night Shyamalan zinema zuzendariari, esaterako, eszena batetik gurutzeak kentzeko eskatu diote.

«Erantzukizun handia»

Netflix, HBO eta halako plataformen telesailak sexuz, indarkeriaz, drogaz eta politikaz beteta badaude, nola egingo du Applek haiekin lehiatzeko bere irudiari eragin gabe? Disney konpainiak beti izan du arazo hori, baina ongi konpondu du, familiari begirako edukiak bere izenean zabalduta, eta helduentzako gauzak bere jabetzako konpainiaren baten zigilupean banatuta; Touchstone Picturesekin, kasurako. Baina Apple ez dago fase horretan oraindik.

«Plataforma handi bat duzunean, erantzukizun handia daukazu», esan zuen udaberrian Eddy Cue Appleren presidenteordeak. «Batzuetan errieta egiten digute, eta jendea ez dago pozik irizpideak ditugulako», gaineratu zuen. «Baina inor ez da guztiz libre. Uste dugu adierazpen askatasuna garrantzitsua dela, baina ez dugu uste diskurtso arrazista edo gorrotozkoa adierazpen askatasuna denik». Appleri ezin zaio ukatu koherentzia jarrera horretan: irailaren lehenengo astean, Info Wars eskuin muturreko konspirazio teoriak zabaltzen dituen podcast-a Apple Storetik kanporatu zuen konpainiak.

Steven Spielberg dago Applek bere telebistarako fitxaturikoen artean. Hark 1980ko hamarkadan sortu zuen Amazing Stories misterio telesailaren bertsio berria ekoitziko dute. Familiarentzako edukiak sortzen aditua da Spielberg. Ekainean, Oprah Winfreyrekin kontratua sinatu zuela zabaldu zuen Applek berak.

Apple puritano eta zentsuratzaile den edo bere irizpideak ezartzeko eskubidea duen, hortxe dago koska. Edonola ere, bekatu ororen jatorria irudikatzen duen sagar koskatuaren logoari eusten dio konpainiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.