BERRIAk zuzenean emango du Kataluniako prozesuaren epaiketa

Epaiketaren 'Nor da nor?' atala egingo dute webgunean. Hainbat bideo azpidatziko dituzte

Espainiako Auzitegi Goreneko aretoak egokitu egin dituzte, komunikabideen lanerako. ANGEL DIAZ / EFE.
urtzi urkizu
2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun

Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketa BERRIAren webgunean zuzenean ikusi ahalko da gaurtik aurrera, 10:00etan hasita. Espainiako Auzitegi Gorenaren webgunean ere ikusi ahalko da, baita Kataluniako 3/24 katean ere. BERRIAren webgunean, epaiketaren Nor da nor? atal berezia sortuko dute; bertan, epaiketako izen nagusiak zein diren jasoko dute: auzipetuak, fiskalak, abokatuak, lekukoak eta epaileak. Zuzeneko kontakizuna egingo dute, halaber. Epaiketako bideo esanguratsuenak, gainera, euskaraz azpidatzita emango ditu kazetak.

Euskarazko egunkariak luze eta zabal emango du epaiketaren berri, Interneten zein paperean. Igor Susaeta kazetaria Madrilen egongo da; sare sozialetan idatziko du, eta egunero bideo bat egingo du webgunerako. Halaber, epaiketako kontu esanguratsuak gaiari eskainitako bloke berezian sartuko dituzte.

Igandeko BERRIAn, luze eta zabal jorratuko dute gaia: indar subiranistek Bartzelonan deitutako manifestazioaren berri emango dute, epaiketak prozesu subiranistan izan dezakeen eragina aztertuko dute, eta mugimendu independentistaren egoera nola dagoen jasoko dute.

Hamaika telebistan, egunero erreparatuko diote epaiketari Gurean Gaur albistegian. Saioa Baleztena kazetariak Bartzelonatik bidaliko du informazioa, eta, horrekin batera, Euskal Herrian sortzen diren erreakzioak bilduko dituzte. Hilaren 18an, Kataluniari buruzko monografikoa egingo dute Hiriburuan saioan.

170 hedabide akreditatu

Madrilen, gutxienez 170 komunikabide eta 600 kazetari egongo dira akreditatuak epaiketaren berri emateko.

ETBn, indar handiagoa jarriko dute gaztelaniazko katean euskarazkoan baino: Xabier Lapitzek aurkezten duen En jake saioa 09:00etan hasiko da gaur, ohi baino bi ordu eta erdi lehenago. Madrilen izango da Lapitz bera, eta epaiketaren inguruan mintzatuko dira hainbat politikari, kazetari eta aditu. Beste solas mahai bat Bilboko platoan izango dute, Arantza Ruizek gidatuta. Arratsaldeko Está pasando saioan, Odei Esnaola kazetariak zuzenekoak egingo ditu Madrildik. ETB1en ez dute aldatuko ohiko programazioa.

Radio Euskadiko Boulevard ere Madrildik egingo du gaur Dani Alvarezek, 07:00etatik 11:00etara. Euskadi Irratirako, Mikel Arregik egingo ditu epaiketako kronikak.

Igande honetan, bestalde, ETB2k Mediaproren Causa especial 20907/2017 dokumentala emango du —Espainiako justiziaren funtzionamenduan murgiltzen da lana—.

TV3 katalanez, ingelesez eta gaztelaniaz arituko da epaiketaren inguruan. Whatsapp talde bat sortuko dute: harpidetzen direnek eguneko aurreikuspenak jasoko dituzte goizean, eta gertatutako guztia arratsaldean. Catalunya Radiok podcast bat egingo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.