'Teknopolis' saioak koronabirusari eskainitako atal finko bat izango du

Ana Galarragak landuko du COVID-19aren aktualitatea. 23. denboraldia larunbatean hasiko da

Teknopolis-eko lantaldea Errenteriako Tknika lanbide heziketako zentroan, atzo. ELHUYAR.
Lander Muñagorri Garmendia.
Errenteria
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
«Gaur egun, inoiz baino garrantzitsuagoa da zientziaren beharra, eta informazio hori helaraztea; uste faltsu batzuk hedatu baitira, eta horrek kalte egiten baitu». Garazi Andonegi Elhuyarreko zientzia unitateko zuzendaria da, eta dibulgazio lan hori egiteko zubi lana egiten duen Teknopolis saioaren 23. denboraldiaren aurkezpenean egon zen atzo. «Lau ezaugarri betetzen ditu programak: modu argian azaltzen direla gaiak, apal, garden eta zuhur; zientziak ez baititu galdera guztientzako erantzunak, baina eskura daukaguna ematen dugu beti». Larunbat honetan hasiko da zientzia eta teknologia dibulgatzeko saioa ETB1en, 13:30ean.

Beste modu batera ezin, eta lehen programan COVID-19 gaitzaren inguruko errepasoa egingo du Teknopolis-ek. «Uda aurretik gaiari jarraipena egin genion, baina denbora horretan ez dugu saiorik emititu, eta momentu honetan egoera nola dagoen kontatu nahi dugu», azaldu du Nagore Rementeria saioko zuzendariak. Horretarako, Elhuyar aldizkariko zientzia dibulgatzaile eta kazetari den Ana Galarragari elkarrizketa egingo diote. Azken hilabeteotan hainbat hedabidetan gaiaren jarraipena egin du, baita BERRIAn ere. Hain justu, Galarragak Teknopolis-en denboraldi osoan parte hartuko du, koronabirusari lotutako albisteekin osatutako atal berezitu bat egingo baitute programa bakoitzean. «Ez dugu nahi saio denak horri buruzkoak izatea, zientziaren eta teknologiaren eremua zabalagoa delako, baina,era berean, gaitzaren berri ematea dagokigu».

Dibulgazio lana

Koronabirusaz gain, denetariko gaiak landuko dituzte. Euskal Herriko tirolina luzeenean izan da programa fisikari buruzko saio bat egiteko; arraunean darabilten teknologiari buruz ere arituko dira, edo ohiko bizikletak elektriko bihurtzeko zein teknologia erabiltzen den ere erakutsiko dute; led argi biologikoak, klima larrialdia, eta intsektuen gainbeherari buruzko erreportajeak ere egin dituzte, besteak beste. Aurtengo denboraldia anitza izango dela azaldu du Rementeriak.

Andonegiren arabera, Teknopolis-en asmoa beti izan da Euskal Herriko zein mundu zabaleko berrikuntza, teknologia eta zientzia albisteak lantzea. «Inoiz baino gehiago izan nahi dugu komunitate zientifiko horren bozgorailu: egiten dutena modu dibulgatzailean zabaltzen, euren beharra nabarmentzen, ikuspegi etikoan eta kritikoan sakonduz eta zientzia politiketan eragiteko beharra agerian utziz».

Denboraldiko erreportaje asko dagoeneko grabatuta dauzkate. «Aurreko udekin alderatuta, aurten inoiz baino grabazio gehiago egin ditugu, ez genekielako udazkenean zer egoera izango genuen», azaldu du Rementeriak. Koronabirusak lan egitea oztopatuko ote zien ez zekitenez, erreportaje sorta bat landuta daukate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.