Podemosek Hego Euskal Herriko 48 herritan izango du ordezkaritza, oraingoz

Hannot Sansinenea izango da idazkari nagusia Donostian, Lander Martinez Bilbon, Oscar Fresan Iruñean eta Fernando Iglesias Gasteizen
Podemoseko ordezkariak, atzo, Madrilen egindako agerraldian.
Podemoseko ordezkariak, atzo, Madrilen egindako agerraldian. EFE

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2015eko urtarrilak 3
Egituratzeko urratsak egiten arida oraindik ere Podemos. Taldea osatzea lortu duen herrietako zuzendaritzak aukeratu ditu. Hego Euskal Herrian 48 herritan izango du ordezkaritza alderdi berriak, eta dagoeneko erabaki du nor izango den, horietako bakoitzean, idazkari nagusia: Donostian Hannot Sansinenea izango da burua, Bilbon Lander Martinez, Iruñean Oscar Fresan eta Gasteizen Fernando Iglesias. Hurrengo pausoa, berriz, erkidegoetako zuzendaritzak aukeratzea izango da.

Internet bidez aukeratu ditu idazkari nagusiak Podemosek, abenduaren 26 eta 31 bitartean emandako botoekin. Parte hartzea nahiko handia izan da, baina boto kopurua urruti geratu da alderdian izena emanda dauden milaka pertsonatik. Donostian, esaterako, 974 lagunek emana dute izena Podemosen; horietako 539k parte hartu dute hauteskunde prozesuan, eta, 297 botorekin, Hannot Sansinenea aukeratu dute idazkari nagusi. Noski, Ahal Dugu taldekoa da buru hautatu dutena, 40 urtekoa.

Donostian ez ezik, Zarautzen, Eibarren, Irunen, Hernanin, Lasarten, Pasaian eta Errenterian ere baditu taldeak Podemosek Gipuzkoan, eta horietako idazkari nagusiak ere aukeratu dituzte.

Bilboko emaitzak, aztergai

Berez Gasteizekoa den eta 25 urte dituen Lander Martinez aukeratu dute Bilboko idazkari nagusi. Antolatu eta Parte Hartu ildokoa da, eta boto-emaileen %45,32ren babesa eskuratu du. 1.568 pertsona daude Bilbon Podemoseko kide gisa izena emanda, horietako 689k eman dute botoa, eta 266ren babesa jaso du Martinezek. Hala ere, alderdiak bere web orrian jakinarazi duenez, bozketa aztertzen ari da Berme Demokratikoen Batzordea.

Herritarren Kontseilua osatzeko hautagaitzak beste bi taldek ere aurkeztu zituzten Bilbon (Ahal Dugu Guztiok Gara eta Noski Ahal Dela). Beste bost pertsonak ere aurkeztu zuten zuzendaritza osatzeko hautagaitza, modu indibidualean.

Beste 21 herritan du taldea Podemosek Bizkaian, eta horietan ere aukeratu dituzte Hiritarren Kontseilua eta idazkari nagusia. Besteak beste, Barakaldon, Portugaleten, Santurtzin, Urdulizen, Derion, Ermuan, Plentzian, Sopelan, Leioan, Basaurin, Mungian, Durangon, Bakion, Muskizen eta Larrabetzun.

Iruñean 950 lagun daude Podemosen zerrendan, eta horien erdiek parte hartu dute bozketan: 439k. Oscar Fresan zen idazkari nagusi kargurako hautagai bakarra, eta 286 pertsonaren babesa jaso du. Nafarroako beste 14 herritan ere aukeratu dituzte zuzendaritzak: Tuteran, Eguesen, Barañainen, Zizur Nagusian, Huarten, Antsoainen, Mendabian, Lizarran, Altsasun, Burlatan, Noainen, Atarrabian, Corellan eta Bruñelen.

Gasteizen 1.012k dute izena emana Podemosen, eta heren batek besterik ez du botoa eman: 339 pertsonak. 164 botorekin aukeratu dute Fernando Iglesias idazkari nagusi. Denok Elkarrekin ildokoa da. Amurrion eta Dulantzin ere aukeratu dituzte idazkari nagusiak Araban. Bi horietako bakoitzean, hautagai bakarra aurkeztu zen bozetara.

Erkidegoetara salto

Herrietako barne prozesua amaitu eta berehala, hurrengo urratsari begira jarriko da Podemos: Erkidegoetako zuzendaritzak aukeratzeko prozesua jarriko du martxan datorren asteazkenean, urtarrilaren 7an.

Hautagaiek Podemos inguruko talderen baten babesa jaso eta hautagaitza aurkeztu beharko dute, eta bozketa otsailaren 9a eta 13a bitartean egingo da.

Botoa emateko epea amaitu eta biharamunean, otsailaren 17an, ezagutaraziko dira Espainiako Estatuko 17 erkidegoetako idazkari nagusiak. Alderdiak berak azaldu duenez, Estatu osoko Herritarren Kontseilua osatuko dute horiek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna