Nafarroako Gobernua. Barcinaren agurra

Banca Civica kiebra jotzear zen

Kontuz-en datu berriek diotenez, Caixabankek 2012an egindako ikuskaritza azterketaren arabera bankuaren ondarea negatiboa zen, eta azken faktura 5.000 milioi kostatu zaio
Kontuz-eko Patxi Zamora, Banca Civica eta CANi buruzko agiriak erakusten, atzoko agerraldian.
Kontuz-eko Patxi Zamora, Banca Civica eta CANi buruzko agiriak erakusten, atzoko agerraldian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2014ko azaroak 18
Ezer ez da musu truk, eta are gutxiago bankuen munduan. 2012ko martxoaren 26an Caixabankek Banca Civica talde osoa 977 milioi euroren truke erosi zuenean, operazio merkea zirudien. Gerora jakin da, ordea, hasierako prezio horri milaka milioi gehitu behar izan zizkiola kontu liburuetan gordeta zeuzkan galerei aurre egiteko. Azken faktura 5.000 milioi eurotik gorakoa izan zen. Hala ere, Banca Civica erosi aurretik 2012 hasieran egindako due diligence azterketari esker, jakinaren gainean zegoen Caixabank. Are gehiago: azterketa horren arabera, Banca Civicak ondare negatiboa zuen orduan. Laburbilduz, kiebraren atarian zegoen: «Estatuak esku hartzera kondenatuta zegoen, beste erakunde handi batek xurgatu ez balu kiebra joko lukeelako», azaldu zuen Patxi Zamora Kontuz-eko kideak, atzo.

Datu berriak eman zituen ezagutzera atzo Kontuz elkarteak, eta Auzitegi Nazionalak iragan astean hartutako erabakiaren balorazioa ere egin zuen. Kontuz-en arabera, balorazioa «oso ona» da, ikerketa «abiapuntura itzultzen delako» eta orain arteko informazio gabeziari aurre egiteko borondatea adierazten duelako Auzitegi Nazionalak. Ikertu nahi diren gaien artean, aurre-erretiro prozesuak, CANen inbertsio polemikoak eta bulegoen zabaltzeak daude. Jarraian, Kontuz-ek atzo jakinarazitako datu berriak:

NOEL PROIEKTUA



Caixabankek Deloitte etxeari eman zion due diligence ikuskaritza egiteko enkargua, eta operazio hari Noel proiektua izena eman zioten. Isidro Faine Caixabankeko presidenteak ez zuen nahi haren edukia zabaltzea, eta oso pertsona gutxik zuten haren berri erakunde barruan.

Azterketa horrek aditzera ematen du Banca Civicaren kontu liburuek gozoki pozoitsuak zituztela barruan. Nahiz eta taldeak kontu liburuetan 2.735 milioi euroren baliabide propioak aitortu, Deloittek etorkizuneko galeren proiekzioa egiten zuen. Banatutako kredituak, irentsitako higiezin operazioak, beste enpresetan egindako inbertsioak eta bestelako inbertsioak gehituz gero, 2.373 milioi euroren galera garbiak aurreikusten zituen. Hala, baliabide propioak 363 milioira murrizten ziren. Banca Civicari balio bat —eta, ondorioz, prezio bat— ematean, dibidendu fluxuen metodoa erabili zuten, eta «351 milioi eta 97 milioi euro arteko» ondare negatiboa zuela ondorioztatu zuten.

Hala ere, Banca Civicak uste zuen merezi zuela. Kapitalean 3.400 milioi jarri behar zuela kalkulatu arren, 2012 eta 2014 artean 1.376 milioi euro aurreztea espero zuen. Hala, ondare negatiboari aurrezkiaren kalkulua gehituta atera zuen erosteko prezioa: 977 milioi euro. Azkenean, kapital doikuntzetan beste 3.850 milioi jarri zituen —berez, Deloittek 3.400 milioi euro aurreikusi zuen—, eta FROBi 979 milioi euroak itzuli zizkion. Hartara, azken faktura 5.000 milioi eurotik gorakoa izan zen.

WASHINGTONGO BULEGOA



Zifrak abstraktuak izan daitezke, baina jarri behar izan diren milaka milioi euroetan gaizki ateratako negozio ugari daude. Horietako bat izan zen Washingtongo bulegoa. Nafarroako Kutxaren ekimenez eta Estatu Batuetan bankan aritzeko baimenik izan gabe, arrandia handiz, 2010eko ekainean bulego handi bat inauguratu zuten. Egoitza Pennsylvania etorbidean zegoen, Etxe Zuritik 800 metrora eta Nazioarteko Diru Funtsaren egoitzatik gertu. CANeko agintariek gerora arrazoitu zuten iraun zuen bi urteetan 1,5 milioi euro kostatu zela.

Alta, Kontuz-ek bertsio hori gezurtatu du. AEBetako bulegoaz Conciban USA enpresa arduratzen zen, eta, haren zorrak ordaintzeko eta galerak estaltzeko, Banca Civicak 20 milioi dolar jarri behar zituen (16,13 milioi euro). Iraun zuen bi urteetan, ez zuen jardueratik izan; alokairu garestia zuen, eta enpresak langile baino kontseilari gehiago zituen.

ORDAINSARIAK



Nahiz eta Banca Civica hondamendiaren ertzean izan, Nafarroako Kutxako kontseilariek dieta oparoak jaso zituzten azken unera arte. Diru gehien CANeko presidente ohi eta Nafarroako presidenteorde ohi Jose Antonio Asiainek jaso zuen: 37.000 euro Banca Civicako kontseilari gisa, eta beste 21.000 euro CANeko presidente moduan. CANeko kontseilari Juan Cruz Allik, Jose Maria Zarranzek, Ricardo Marti Fluxak eta Jose Luis Errok 17.400 euro jaso zituzten bakoitzak, sei hilabetean.

Nafarroako Kutxaren galeraren arduradun nagusiari, Enrique Goñiri, ez zihoakion batere gaizki. CANeko administrazio kontseiluak kontratua blindatu zion 2005ean. 2005etik 2010era arteko epean, soldata bikoiztu egin zioten: urtean 500.000 euro irabazten zuen hasieran, eta, gero, milioi bat euro. 2010etik aurrera, Banca Civicako presidente moduan zituen beste osagarriak gehituta, urtean 1,9 milioi euro irabazten zituen. 1,2 milioi euroko pentsio funtsa zuen, gainera.

Horrekin guztiarekin zein orain arte ezagutzen zenarekin, berriro ikerketa batzordea irekitzea proposatu dute. Era berean, elkarteak bat egin du abenduaren 13an aldaketa sozialaren alde egitekoa den manifestazioarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna