Noiz sortua: 2016-08-18 00:30:00

Joseba Belaustegi. GuraSOSeko kidea

«Jendeak jakin behar du bere esku dagoela errauste planta gelditzea»

BERRIA

M.G.F -

2016ko abuztuak 18

Hondakinen kudeaketaren gatazkari «ikuspegi berria» eman dio GuraSOSek Joseba Belaustegi kidearen ustez (Pasai Donibane, 1967). Elkartean gizartea «entzuten jakin» dutela dio, eta aferari irtenbidea bilatzeko gizarteak giltza duelako uste osoa dauka.

Aldundiak ukatu egin zion elkarteari prozesu parte hartzaile bat irekitzeko aukera uztailaren amaieran, baina atzo epailearen erabakiak zirrikitu berri bat ireki du aferan. Parte hartzearen bidea ireki egin dute horrela.

Erraustegiarentzako lizitazioak onartu berritan, Markel Olanok esan zuen «legitimitate demokratiko osoz» ari direla proiektua aurrera eramaten.

Ez da sorpresa izan. Erabakia uztailaren 28an hartzea ez da kasualitatea, hiru lanegun gelditzen ziren edozelako errekurtsoak edo suspentsio eskaerak egiteko. Udan, administrazioak askoz geldoago egiten du lan. Data horiez baliatu dira herritarrei inolako azalpenik ez emateko; 'ez dugu horretaz eztabaidatuko' jendaurrean onartu beharrean. Erabaki politikoa izan dela argi dago. Nahiago izan dute kosta ahala kosta proiektuarekin aurrera jarraitu, gizartean eztabaida piztea baino. Ziur gaude eztabaida egongo balitz, ez litzatekeela errauste planta eraikiko. Beraz, ez, ez daukate legitimitate demokratikorik.

Hondakinen kudeaketaren afera auzi demokratiko bilakatu da.

Zoritxarrez, Gipuzkoako Aldundiak bilakatu du gaia auzi demokratiko. Ziur gaude ez dutela plazerez egin, baina lehenetsi egin dute hauteskunde kanpainan egindako «eskaintza» bat Gipuzkoarron borondatearen gainetik. Edozein preziotan egin behar al dute hori? Azken hitza ez da haiena. Hau hasi besterik ez da egin. Jendeak jakin behar du bere esku dagoela errauste planta gelditzea.

Lortu al da eztabaida joko politikotik ateratzea?

Gure ustetan, bai. Geuk jorratzen dugun ildoa, esaterako, giza eskubideena da gehienbat. Horrela, gizartearen esparrura eraman da auzia; dimentsio handiagoa hartu du gaiak. Ondorioz, esan genezake errauste plantaren afera despolitizatzen ari garela. Hauteskundeak egingo dira irailean, baina ez dut uste horrek eragin handirik izango duenik kanpainan. Politikariak ez dira itsuak; gizartea mugitzen bada, horiek atzetik etorriko dira.

Aberastasun ekonomikoaren gainetik osasuna dagoela esaten duzue. Baina, ezin ukatu gaiak pisu ekonomikoa duela.

Lanketa bat hasiko dugu irailean aldarrikatzeko ez dugula onartuko interes ekonomikoak osasunaren gainetik lehenestea. Obra adjudikatuta egonda kalte-ordainak milioika eurorenak badira ere, kanpaina bat egingo dugu hori ordain dadin. 70.000 umeren osasunak ez du preziorik eta ez dugu onartuko xantaiarik. Geroz eta lehenago gelditu, gutxiago ordaindu beharko da.

Elkarlanean arituko al zarete erraustegiaren auziaren inguruan jardunean ari diren beste eragileekin?

Ez. Gu ez gara frontistak. Eta ez gaude hondakinen kudeaketa plan jakin baten alde ere; horrek bereizten gaitu beste eragileengandik. Gure baitan askotariko pentsamoldeak biltzen dira, eta batzen gaituena da Zubietako erraustegia ez dugula nahi. Gainera, alternatibak bilatu nahi baditugu, hobe da gizartean adostasuna lortzea, eta horixe nahi dugu geuk. Gurea beste bide bat da, baina ez ditugu gaitzesten mugimendu horiek ere.

Zein balorazio egin duzue Batzar Nagusietako alderdi politikoekin izandako bileraz?

Geure ustetan, alderdi guztiak daude ustezko gatazka politiko horretan murgilduta. Zurrunbilo moduko batean sartu ditu eztabaidak, eta, dudarik gabe, kutsatuta daude. Elkarri etengabe egozten dizkiote gauza berak, eta ez dira ateratzen zirkulu horretatik. Lehenaldian mintzatzen direla iruditzen zait. Horrek gure ekimenaren beharra berretsi zuen. Gizarte elkartu bat behar dugu gatazkari irtenbidea emateko.

Lizitazioa onartu da. Izango al da proiektuaren atzera bueltarik?

Errauste plantaren eraikuntza lizitazioak onartuta egon arren, oraindik lan asko dago egiteko. Guk ekinean jarraituko dugu erraustegia funtzionamenduan jartzen den arte; herritarrak gurekin baldin badaude, gu bertan egongo gara. Ez dugu etsipenaren diskurtsorik, alderantziz, itxaropena dugu, ziur gaude badagoela zer egina. Abuztock jaialdia, eskolekin lanketa berezia eta urriko manifestazioa eta jardun juridikoa dira datozen ekimenak.

Epaileak arrazoia eman dizue azken auzian. Zein da egiten duzuen balorazioa?

Epaileak arrazoia ematea baino garrantzitsuagoa da aldundiak eztabaida osoan izan duen jarrera aztertzea. Batetik, kontraesanean erori da, foru arauen onartzen duelako parte hartzeko eskubidea, baina, guri ez digu aurrera eramaten utzi; oinarrizko eskubide bat urratzen ari da. Jendearen erantzuna ere bikaina izan da, eta oso gauza interesgarria ari da gertatzen; herritarrok politikan parte hartzea eskatzen ari gara, demokrazia ordezkatzailetik gaindi; lehia demokratiko bat abiatu da.

Hemendik aurrera, zer?

Bi auzi ezberdin ditugu orain abian, parte hartzearen ingurukoa eta lizitazioaren suspentsioa eskatzen duena. Ez dugu ezer aurreratu nahi, baina inork ez dezala pentsa hemen geldituko garenik.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Ordiziako positiboekin lotutako 48 kasu zenbatu dituzte dagoeneko

Ordiziako positiboekin lotutako 48 kasu zenbatu dituzte dagoeneko

Arantxa Iraola

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da Gipuzkoako herri horretan, eta tabernetako jarduna mugatuko dute

Urkullu mitin batean, Zornotzan, ekainaren 27an. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Urkulluk ez du Ordizian bozketak atzeratzeko asmorik

Igor Susaeta

Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariaren ustez, bozkatu ahal izateko baldintzak «guztiz» bermatuta daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna