Albistea entzun

Bide bat hasteko ondorioak

'Tortura: 1960-2013' ikerketaren ondorioak aurkeztu dituzte torturari buruzko EHUren ikastaro batean. 4.660 tortura kasu bildu dituzte, eta «aitortzarako urrats bat» dela nabarmendu dute adituek
Paco Etxeberria eta Jonan Fernandez torturari buruzko lana aurkezten, atzo, Donostian.
Paco Etxeberria eta Jonan Fernandez torturari buruzko lana aurkezten, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Hodei Iruretagoiena -

2016ko ekainak 28 - Donostia

Datuak, ebidentziak, dokumentazioa, Istanbulgo protokoloari jarraituta ateratako ondorioak, torturen biktimen sentipenak, Espainiako sistema judizialaren ageriko gabeziak, aurrera begira jorratu beharreko bideak... Lan zabala egin du, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, tortura ikertzen aritu den 40 laguneko aditu taldeak. Paco Etxeberria auzi medikuak zuzendu du Tortura 1960-2013 lana: «Hau dudan jartzen duenak ikus ditzala testigantzen bideoak eta entzun ditzala audioak».

900 pertsonaren tortura testigantzak daude bilduta Etxeberriak aipatutako bideo eta audio horietan. Denera, 4.009 lagunek izenpetu dute torturatuak izan zirela dioen agiria. Gehiago dira kasuak, pertsona horietatik %17k esan baitute behin baino gehiagotan torturatu zituztela. Hala, 4.660 kasu identifikatu dituztela kalkulatzen dute ikerketaren egileek. Hori, Laura Pego juristak nabarmendu bezala, kontuan hartuta zailtasunak izan dituztela 1970eko eta 1980ko hamarkadetako kasuak biltzeko. «Lan handia dago oraindik eremu horretan». Abenduan aurkeztu asmo dituzte behin betiko ondorioak.

Aditu ugarik hartu dute hitza Egia eta aitortza torturen eta tratu gizagabe eta ankerren biktimentzat ikastaroaren lehen saioan, eta aurkeztutako lanaren garrantzia nabarmendu dute denek. Torturaren Aurkako Mundu Erakundeko Helena Solak, esaterako: «Pauso ausarta da ikerketa hau, aurrekaririk ez duena. Pauso instituzional garrantzitsua, lehen hurbilketa egiten duelako, aitortzarako urrats bat. Abiapuntu izan behar luke biktimen egoera aldatzeko». Bide beretik jo du Paco Etxeberria ikerketako zuzendari eta auzi medikuak ere, erakunde publikoen zeregina azpimarratuz: «Lan honek inplikazio instituzional eztabaidaezina du».

Hain justu, erakundeetako ordezkariek ere hartu dute parte ikastaroa hasteko ekitaldian. Eusko Jaurlaritzaren izenean, Josu Erkoreka bozeramaileak nabarmendu du «demokraziarekin eta giza eskubideekin konprometitutako erakunde orok» duela torturak ikertu eta hari aurre egiteko betebeharra. «Gardentasunik eza inpunitatearen mesedetan da beti, eta inpunitate hori funtsezkoa da torturak gertatzeko». Urkulluren gobernuaren hiru konpromiso aipatu ditu Erkorekak: aitortza, erreparazioa eta prebentzioa. EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak, berriz, unibertsitateak egia ezagutarazteko duen zeregina azpimarratu du: «Ezin dugu onartu iraganaren parte bat ezkutuan geratzea».

XEDEAK ETA METODOLOGIA

Aitortza eta prebentzioa

Etxeberriak berak azaldu du zein izan den lanaren helburua. Eusko Jaurlaritzak orain arte egindako oinarrizko txostenetan, tortura «noizbehinkakoa baino gehiago» izan dela jaso izan da, eta zalantza hori gainditu beharra dagoela azaldu du auzi medikuak. Torturen errealitatea gizartean ezagutarazteaz gain, erakundeei ere etxerako lanak ekarriko dizkiela ohartarazi du: «Honek Eusko Jaurlaritzari balio behar dio aitortzarako eta prebentziorako neurriak ezartzeko».

Hainbat modutako materiala bildu dute ikerlanean. Batetik, tortura salatu eta proiektuan parte hartu duten 4.009 lagunek agiri bat sinatu dute, beren eskaerari balio instituzional bat emateko. Kasu horiei buruzko materialarekin batera sailkatu dituzte denak, banan-banan. Bestetik, 900 lagunen testigantza zuzenak jaso dituzte, bideoan eta audioan. Eta, horrez gain, froga dokumentalak (22.782 dokumentu) eta perizialak bildu dituzte ?Istanbulgo protokoloari jarraituta egindakoak, besteak beste?.

KEZKA ETA UKAZIOA

Ezkutatzeko joera

Lehen aldia da Euskal Herrian erakunde publiko batek gisa horretako ikerketa bat babesten duena, baina torturaren salaketa aspalditik egin dela oroitarazi du Etxeberriak. «Errealitate honek eragindako kezka erakusten duten froga orokor asko daude». 1968an gotzain batzuek Gipuzkoako Gobernadore Zibilari bidalitako gutun bat, 1980an Alfonso Guerrak (PSOE) egindako adierazpenak ?Espainiako Kongresuko diputatu zen orduan; «badirudi torturak kontatzea dela delitu, egitea baino gehiago», esan zuen?, 1982an EHUn bertan egindako jardunaldi batzuk...

Espainiako Estatuaren eta haren mendeko estamentuen jarrera, ordea, «ukazioa» izan da beti, ikerketaren egileek nabarmendu dutenez. Berak bizi izandako kasu bat aipatu du Etxeberriak, 1985ekoa. Lau guardia zibil epaitu zituzten, lesioengatik, eta epaiketan parte hartu behar zuen auzi medikuetako bati lehergailu bat jarri zioten autoan. «Gaur, lasai esan dezaket: guardia zibilen lagunek jarri zuten lehergailu hura».

«Ukazio» eta zigorgabetasun horren harira, Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzi medikuen jokabidea ere kritikatu du Etxeberriak. 1997tik, BOE Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean ageri da auzi medikuek erabili beharreko protokolo bat, atxilotuei azterketak egiteko. Etxeberria: «Zergatik ez dute hor jartzen dena inoiz egin ordutik?».

AZTERKETA KRONOLOGIKOA

Hari bat, gorabeherekin

Denboran, etengabea da kasu horien arteko haria, baina garaian garaiko egoera politiko eta legalen arabera, gorabeherak sumatu daitezke tortura kasuetan. 1970eko urteetako salbuespen egoerak, inkomunikazio aldia luzatu edo murrizteak, ETAren su-eten aldiek eragina izan dute salaketa kopuruan. Besteak beste, 1992ko eta 2002ko igoerak dira horren adibide; Argeleko negoziazioen osteko eta ezker abertzalearen legez kanporatze garaiaren hasierako aldiak, hain zuzen.

ISTANBULGO PROTOKOLOA

Ia denak, sinesgarriak

Milaka tortura salaketekin egindako lanaz gain, Istanbulgo protokoloaren bidez ere landu dituzte 202 kasu ?168 kasu 1978tik aurrerakoak?, eta txosten bat osatu dute. Kriminologiaren Euskal Institutuko Benito Morentinek azaldu du kasuen %2 soilik baztertu dituztela, ez dituztelako torturatzat hartu. Gainerakoetatik, %41 «sinesgarriak» direla ondorioztatu dute; %46, «oso sinesgarriak», eta %11, «erabat sinesgarriak». Parte hartu duten pertsonetatik, %20k trauma osteko estresa jasan dute, eta %10ek, nahasmendu depresiboa.

ERREPARAZIOA, PREBENTZIO

Legeak falta dira

Helena Solak azaldu du irakaspen bat atera duela ikerketatik: «Prebentzioa, ikerketa, zigorra eta erreparazioa banaezinak dira. Prebentzioa ezin da existitu erreparazio osorik ez badago». Gaur egun hiru arazo daudela nabarmendu du: inkomunikazioa, ikerketa beharra eta erreparazioa. «Ikertzeko, legeak falta dira. Eta ez dago torturaren biktimak erreparatzeko legerik». Adibide bat jarri du, torturak salatu eta autoinkulpazioa froga bakar gisa erabilita kondenatu dituztenena:

«Zer gertatzen da froga bakarra autoinkulpazioa denean?».

LANDU BEHARREKOAK

Preskripzioa

Laura Pego juristak aurreratu zituen aurrera begira jorratu beharreko auzi batzuk. Lehena, «ukazioari» aurre egitea, egia ezagutaraztea. Bigarrena, tortura delituen preskripzioa gainditzea ?bost urtera preskribatzen dira Espainian?, eta, azkena, sententziarik egon ez arren, ikerlanean jasotakoak biktima gisa hartzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

11 ekintzaileak, Baionako auzitegi aitzinean ©Guillaume Fauveau

Martxoaren 9an emango dute 11 'bakegileren' aurkako deliberoa

Ekhi Erremundegi Beloki

Hamar auzipeturentzat 950 euroko isuna eskatu du fiskalak, gibelapenarekin. Uztailaren 23ko protestetan errepidea blokeatzea egotzita epaitu dituzte.

Iratxe Sorzabalen zauriak, 2001eko atxiloaldiaren ostean. ©Berria

Iratxe Sorzabalen kontrako zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak, torturak ukatuta

Berria

Euskal preso horrek pairatutako torturen berri eman izanak ez du «egiaztatzen» halakorik sufritu zuenik, Gorenaren arabera.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, iazko azaroan, Eusko Legebiltzarrean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Artolazabalek otsailaren 14an utziko du sailburu postua

Mikel Elkoroberezibar Beloki

EAJren Gasteizko alkategaia izango da Artolazabal, eta kanpainaurreari heltzeko utziko du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu postua. Esan duenez, «oso gustuko» izango luke bere ordezkoa emakume arabar bat izatea.

GKSko kide baten atxiloketa salatzeko mobilizazioa, iazko ekainean ©Bob Edme

GKSko kide bat epaituko dute Pauen

Ekhi Erremundegi Beloki

Asteartean eginen diote epaiketa, Paueko Dei Auzitegian. Margoketak egitea leporatzen diote.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...