LIBURU AURRERAPENA

Alardeak, ukatutako plazara

Irungo eta Hondarribiko alardeen inguruan hogei urteotan izandako gatazka aztertu dute Maite Asensio Lozano eta Arantxa Iraola Alkorta BERRIAko kazetariek, 80 pertsona baino gehiago elkarrizketatuta. Ostegunean aurkeztuko dute liburua, Donostian.

2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Jeneralak kontatu zigun alardearen egunean musika bandako emakumeak goizetik ateratzen zirela, diana jotzen zutela, eta auzoz auzo ibiltzen zirela, bandan jotzen, normal, baina Gernikako Arbolara iristen zirenean bakoitzari lore sorta bat ematen ziola, eta emakumeak negarrez joaten zirela, ezin zutelako alardean parte hartu. Konturatuta zegoen zer min ematen zien alde egin behar izateak». 1993an Hondarribiko alardeko agintariekin izandako bilera hartaz oroitzapen gardenak ditu Ana Mari Aristondok. Emakumeek soldadu gisa desfilatzeko aukera lagun gutxiren arteko hizpidea zen oraindik, baina ezezkoa izan zen lehen erreakzioa. Iltzatuak ditu jeneralaren hitzak: «Jakin beharko zenuke Hondarribiko emakumeen ohorerik handiena dela beren senarrek ondoen lisatutako alkandora eramatea alardean».

Mende laurden joan da solasaldi hartatik, baina andreek oraindik ez dute aukerarik Irungo eta Hondarribiko alardeetan berdintasunez desfilatzeko. Eta tartean izan dira bilera gehiago, izan dira eskariak eta desobedientzia ekintzak, izan dira irainak eta kolpeak, izan dira txilibitu doinu eta danbor hots isilduak, izan dira jazarpenak eta bidegabekeriak, izan dira barre algarak eta gorrotoak. Baina ororen gainetik izan da emakumeen borondatea, natural sentitzen zuten desio bat bideratzekoa: euren herriko jai nagusian parte hartzea, ez soilik kantinera postuan, baizik eta soldadu gisa; gizonek egiten zuten bezalaxe. Beste batzuentzat, ordea, naturalagoa zen emakumeak eta gizonak bereizita mantentzea: alardearen esentzia gordetzearen eta tradizioa zaintzearen izenean, desfilean parte hartzeko eskubidea ukatzen diete oraindik andreei.

Borroka hura abiatu zutenen ahotan, maiz errepikatzen da ideia bat: «Inozentzia handiz hasi ginen. Ez genuen espero halako gatazka sortuko zenik». Urteetan jasandako jazarpen bortitzaren zauriak sendatuta dituzten honetan heldu zaie memoria egiteko aukera.

Emeki hasita

1996an piztu zen gatazka bi herrietan, baina, ordurako, emaku- meek urteak zeramatzaten parte hartzeko eskatzen. Hondarribian, 1993an hasi ziren gaia lantzen, Emeki elkartean. Maria Jesus Berrotaran izan zen bultzatzaileetako bat. Aitzindaria izana zen: herriko lehen emakumezko udaltzaina. Gogoan du urtero laneguna zela beretzat irailaren 8a, eta lau konpainiaren bila joan behar izaten zuela goizean: «Alarde egunean, oinez joaten nintzen konpainien aurretik, eta konturatzen nintzen nik hura nahi nuela, eta ez lanean, baizik desfilatzen, hura zoragarria baitzen. Gizonei esaten nien, eta haiek erantzun: 'Nahi duzunean!'. Goizean, haiekin ibiltzen nintzen kafea hartzen, eta sinetsi egin nuen bat gehiago nintzela: edozein lekutara joan, eta, gizonak izan arren, onartuta nengoen; beraz, iruditzen zitzaidan gizartean jada gauza normala zela».

1993an egin zuen Emekik lehen eskaera ofiziala: Hondarribiko Alardeko Juntarekin biltzea galdegin zion Alfonso Oronoz alkateari. Konpainia guztietako kapitainei ere gutun bana bidali zieten, adierazteko parte hartu nahi zutela. 1995eko abenduan erantzun zien juntak: aho batez ebatzi zuten «desegoki» jotzea emakumeek soldadu gisa parte hartzea. Tartean, inkesta bat ere egin zuen Emekik herrian, 1995eko udan. 382 erantzun jaso zituen galdetegiak. 140 lagunek babestu zuten emakumeen parte hartzea «dudarik gabe»: %36,6k. «Helburua zen gaia hiltzen ez uztea, etxeetan hitz egitea; emaitzak ez ziren izan hain garrantzitsuak», gogoratu du Aristondok.

Irungo eta Hondarribiko emakumeen bideak 1995ean elkartu ziren, martxoaren 8aren bueltan. BAE Bidasoaldeko Emakumeak plataforma sortu, eta emakumeen eguna elkarrekin ospatu zuten eskualdeko andreek. Han hasi ziren gaia zabalago lantzen. Irungo HB Herri Batasunako emakumeek aurreko hilabeteetan egindako hausnarketa eraman zuten Maider eta Idoia Larran?aga ahizpek. «Aita hatxero ateratzen zen; ama kantinera izandakoa zen; izebak ere bai... Esaten ziguten kantinera aterako ginela, baina guri ez zitzaigun askorik gustatzengura hori: miss-aren irudiarekin lotuta geneukan», azaldu du Maider Larran?agak. «Orduan planteatu genuen zergatik ezin genuen alardean parte hartu besteek bezala. Bagenekien atera izan zirela emakumeak soldadu, bakanki, mozorrotuta-edo, baina ez emakume gisa. Iruditu zitzaigun polita izan zitekeela aztertzea». Karpa bat jarri zuen Irungo HBk martxoaren 8an. «Gaiari buruzko informazioa biltzen hasi nahi genuen. Orritxo bat prestatu genuen, galdera batzuekin: 'Ongi irudituko litzaizuke emakumeak alardean ateratzea?'; 'Uste duzu ondo ordezkatuta daudela kantineraren figuran?'. Egia da jende jakin bat hurbildu zitzaigula, baina ez genuen inolako arazorik izan».

Irunen ere, gune ofizialetara eramaten hasi ziren eskaera. Alardea udalak antolatzen zuenez, udal ordezkariek aukera zuten Alardeko Juntan parte hartzeko, eta Josune Urrusolo HBren partez joaten hasi zen: «Alardeko agintariak ageri ziren deserosoen, konpainiak: errespetu falta erakutsi zuten». Batzorde berean ziren Maribel Castello EA Eusko Alkartasunako zinegotzi eta bigarren alkateordea eta Rosa Sanchez EB Ezker Batuko zinegotzia. Castello: «Gaia iritsi zenean, pentsatu nuen: 'Ederra dator oraintxe!'. Baina, jakina, noizbait egin behar zen. Hasieratik gauzak serio egiten saiatu nintzen: era demokratiko batean, instituziora eramanez. Eta izutu egin ziren, txosten bat eskatu niolako Emakunderi, beste bat Arartekoari, hirugarrena Eusko Ikaskuntzari... eta udalbatzara eraman nuelako gaia».

1996ko apirilean, Bidasoaldeko Emakumeek desfile parekide bat galdegin zuten lehen aldiz Irungo Udalean, osoko bilkuran alardearen ordenantzak moldatzea eztabaidatu behar zutela eta. Arauak ez zuen aipatzen emakumeen parte hartzea, ez baimentzeko, ez debekatzeko. BAEk ordenantzaren bigarren artikulua moldatzea proposatu zuen, alardean parte hartzea ukatu ezin izateko «arraza, sexu edo erlijio arrazoiengatik». Txaro Arribasek irakurri zuen gutuna: «Errespetuz egin genuen eskakizuna. Esan genuen gizarteek eboluzionatu egiten dutela, ohiturek ere bai, eta emakumeek sakonki maite zutela herriko jaia; beraz, parte hartu nahi zutela». Eskariak, ordea, ez zuen aurrera egin: HBko, EBko eta EAko zinegotziek baino ez zuten alde bozkatu; kontra agertu ziren EAJ, PSE-EE eta PP. Beste zuzenketa bat aurkeztu zuten jeltzaleek, soldadu hitzaren ordez gizon jartzeko; hura ere ez zuten onartu.

«Ate guztiak itxi zizkiguten», gogoratu du Idoia Larran?agak. «Gaia herrian zegoen, hitzaldiak egiten genituen, bilerak udaletxean... baina ez gintuzten serio hartzen; ez zuten benetan eztabaidatu nahi. Ez geneukan pentsatuta ateratzea, baina antzematen genuen ezin genuela gaia aurrera eraman, eta aldarrikapena ezerezean geratuko zela». Bat dator Rosa Sanchez: «Lan handia egin zen azalpenak emateko, kontzientziatzeko, argudiatzeko. Baina norbaitek entzun nahi ez duenean, ez dago esateko deus. Ukazioa nagusitu zen, argudiorik gabea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.