HERRI HEZITZAILEEN. BOST ADIBIDE

2015eko apirilaren 30a
00:00
Entzun

BAZTAN (NAFARROA)

Haurrak eta arkitektoak, lankidetza estuan

Auzolanean eta herritarren aterpean atondutako ereduak ez zaizkie batere arrotzak Baztanen (Nafarroa). Udalerria osatzen duten hamabost herrietan aski txertatua dute «udalerri antolatu eta parte hartzailearen» nortasuna. Askotariko egoerak izanik, egunerokoan kontzientzia hori bistakoa dela deritzo Amaiurko eskola txikiko zuzendari Nora Salbotxek. Proiektua bide onean doala dio: «Udaberriarekin, haziak ereiteari ekin diogu».

Lekarozen, esate baterako, hasiak dira umeen batzarrak egiten. Herriko hainbat gairen inguruan eztabaidatu ez ezik, haurren kezkei ere tokia egingo diete ardurak har ditzaten: besteak beste, haiek antolatuko baitute jaietako haurren eguna. Amaiurren, halaber, nerabeen lokal bat kudeatzeaz arduratuko dira aurrerantzean herriko gazteak. Berroetan, auzolanari buruzko lan bat egingo dute, eta Elizondon, haurrentzako parke bat zaharberritu. Proiektua prestatzeko lanean, umeak elkarlan estuan arituko dira arkitektoarekin. XXI. mendeko euskal kultura irudikatuko duen sokadantza baten sorkuntzan ere buru-belarri dabiltza.

DIMA (BIZKAIA)

Umeentzat onura,denentzat mesede

Euskalduna, parte hartzailea, hezitzailea eta herritarra. Osagai horiekin proiektuari ezetza ematea «ia ezinezkoa» dela dio Dimako (Bizkaia) zinegotzi eta irakasle Ibon Izak. «Ezinbestekoak diren osagaiak biltzen ditu». Parte hartze prozesuak egin bai, baina haur eta nerabeen iritzia aintzat hartzen ez zela igarrita egin zuten egitasmoan buru-belarri murgiltzeko hautua. Izaren hitzetan, erraza izan zen erabakia hartzea: «Umeentzat ona bada, denontzat da mesedegarri».

Biztanle gutxi izan arren, Dima herri handia da hedaduraz. Haur eta gazte ugari, ordea, herrigunetik at bizi dira —auzoetan, kasurako—. Eskolara herrira bertara joaten dira, baina joan-etorriak ibilgailuan egin behar dituztenez, aisialdiarekin lotutako ekintzak alboko herrietan garatzen dituzte sarri. «Arazo bat dugu: haurrek eta gazteek ikastetxea dute topagune bakar, aisialdi jarduerak beste toki batzuetan egiten baitituzte». Premietatik abiatuta, parte-hartze prozesuak abiarazi dituztela kontatu du: «Helduontzat soilik ez, guztientzat erakargarria izan zitekeen proiektu bat behar genuen».

ARRASATE (GIPUZKOA)

Indar metaketa,Arrasate hobetzeko

Ikuspegi hezitzailetik herria hobetu gura dute Arrasaten (Gipuzkoa), eta, horretarako, Arrasatek Hezi proiektua ipini dute abian. Txatxilipurdi aisialdi eta euskara elkarteko zuzendari Amaia Etxabek nabarmendu duenez, indarrak metatu eta herri eredu «justuago» baterako bidea egin nahi dute, hezkuntza ardatz hartuta: «Hezkuntzaren ikuspegi integralaz berba egin nahi dugu, elkarrekin: norbanako eta esparru anitzetako eragile ezberdinak batuz eta sarea osatuz».

Iragan irailean jarri zuten martxan egitasmoa. Orain arte, hezkuntzari buruzko kezken eta beharren diagnosia egiten aritu dira, errealitatearen aurreneko argazkia ateratzeko. «Haur, nerabe eta gazteen ekarpen askotarikoak jaso ditugu, epe luzerako erronkak finkatzeko». Aurrerantzean, berriz, herri antolamenduan eragiteari ekingo diote, bigarren urrats gisa. «Berba handiak dira. Herri handia da Arrasate, eta orotariko herritarrak batzen ditu. Dena den, elkar hartuta, ilusioz eta konpromisoz amets horiek egia bihur ditzakegula sinesten dugu». Erronka horiei zelan erantzun da orain erabaki behar dutena. Bide luzea, aldakorra eta aberasgarria iragarri du Etxabek, «iraunkorra izango baldin bada».

AGURAIN (ARABA)

Haurrak, herria aldatzeko «beharrezko motorra»

Parte hartze prozesu franko egin dituzte azken boladan Agurainen (Araba), «gabezia nabarmen batekin»: ez dute haurren iritzia aintzat hartu. «Aspaldiko hutsa da: haientzat lan egin dugu, baina ez haiekin. Haurren premiak eta kezkak helduok aurreikusi, eta horren arabera hartzen ditugu erabakiak. Ez diegu zuzenean galdetzen». Maider Garcia alkateak egin du oharra. Haren esanetan, hori izan da Herri hezitzailea, eskola herritarra lantaldean parte hartzeko zio nagusia. «Asmo apartak izan ditugu, baina oinarririk gabe. Umeek asko dute emateko eta proposatzeko. Herriak aldatzeko motorra dira».

Uneotan haur eta gazteei iritzia ematea ahalbidetuko dien prozesuak bultzatzen ari direla adierazi du Aguraingo hautetsiak. Horren isla da, adibidez, alkateak berak haurrekin duela gutxi eginiko bilera. Ikastetxera joan zen Garcia, ikasleekin udalari buruz hitz egitera eta iritziak trukatzera. «Ez daude ohituta parte hartzera. Lagundu egin behar diegu, eta sinetsarazi nahi dutena adieraz dezaketela».

SORALUZE (GIPUZKOA)

Ohitura aldaketak:helduengan, bereziki

Haurrei jarduera guztien plangintza egina eman beharrean, erabakitzeko ahalmena txertatzen ere dihardute Soraluzen (Gipuzkoa). Batzarraren kontzeptua ardatz, lau paretetatik irtetea eta karrikak jolasleku bihurtzea proposatu dute. «Helduok programatu dugu dena, baina haurren nahiak aintzat hartzeko ordua da: haientzat egin ordez, haiekin jarduteko garaia».

Kukumixo aisialdi elkarteko Maite Quintanillaren arabera, herriko proiektu bat egiten dihardute orain, haurrei zuzenean parte hartzeko bideak eskaintzeko. Norabide biko prozesua dela gogorarazi du. «Elkarri erakusteko asko daukagu: guk haiei, eta haiek geuri. Izuak uxatzen ez baditugu, sekula ez dugu benetako parte hartzea erdietsiko». Erronka ugari dituzte: «Bereziki, helduon ohiturak aldatzea, kontzientzia hartzea eta boterea nori kendu diogun argitzea». Gazteak entzutea eta konfiantza lantzea du gakotzat Quintanillak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.