Baris Turgul. Bakearen Aldeko Akademikoak taldeko kidea

«Sorgin ehiza hasi da; ez genuen hau espero»

Ankarako Hacettepe Unibertsitateko ikertzaileak dio kurduen kontrako sarraskiak ez duela etenik eta ahots kritikoen kontrako jazarpena hasi duela Recep Tayyip Erdoganek.
ANAKOZ AMENABAR

Anakoz Amenabar -

2016ko urtarrilak 20
Bakearen Aldeko Akademikoak taldeak iragan astean aurkeztutako manifestua sinatu dutenen artean dago Baris Turgul (Ankara, 1982). Ankarako Hacettepe Unibertsitateko ikertzaileak dio ahots kritikoen kontrako jazarpena hasi duela Erdoganek. «Irakasle izateak ez du inor intelektual bilakatzen». Hala esan du Erdoganek.

Halako erantzunik espero zenuten gobernuaren aldetik?

Sorgin ehiza hasi da; ez genuen hau espero, horren kritika gogorrik eta halako jazarpenik. Kezkatuta gaude. Joan den ostiralean makila eta aizkorekin sartu ziren eskuin muturreko taldeak gure unibertsitatean, Poliziaren erabateko babesarekin. «Ez dugu terroristarik nahi gure fakultatean», oihukatu zuten, eta gu, zer egin jakin gabe. Estatuko instituzioekin ezin gaitezke fidatu, babes gabe gaude. YOK Goi Mailako Hezkuntza Kontseiluak, 1980ko kolpe militarraren ostean jaiotakoak, gure izenen inguruko ikerketa abiatu du, gure argazkiak hainbat webgunetan jarri dituzte, eta hainbatek kargu kriminalei aurre egin beharko diegu. Gure izena batean eta bestean agertu da medioetan. Irakasleen artetik ere kontrakoak agertu dira, eta guk manifestua atera eta hurrengo egunean estatuaren alde agertu ziren, terrorismoaren konplize izango ez direla esanez.

«Gorrotoa sustatzea» egotzi dizue Erdoganek.

Turkiako Gobernua Ipar Kurdistanen egiten ari den sarraskia salatu dugu, eta berriz hitz egiten has daitezela eskatu. Horregatik «traidore» garela esatea barregarria da, kontuan hartuta, gainera, sinatzaile gehienak turkiarrak garela. PKKren su-etena amaitu zenean Turkiako armadaren okupazio militar basatia hasi zen, eta horrek mugiarazi zuen hezkuntza arloko jendea. Bakearen Aldeko Akademikoak taldea sortu zen, estatu mailakoa, eta manifestua idatzi genuen bi aldeei negoziazio mahaira buelta daitezela eskatzeko. Bertatik bertara ezagutu dugu Kurdistango egoera gutako batzuek, eta kezkatuta gaude. Egoera gaitzetsi eta entzunarazteko elkartzea erabaki genuen, hedabideak isilik daudelako eta iritzi publikoak ere zer gertatzen ari den argi ez zekielako.

Irakasleen manifestua argitara eman eta jarraian gertatu zen Sultanahmet plazako atentatua, joan den asteartean...

Eta adierazgarria da nola jokatu zuen egun hartan Erdoganek. Herrialde guztietako enbaxadoreekin elkartu zen, eta 30 segundotan aipatu zuen Estatu Islamikoaren atentatua. Beste hamabost minutu gu kritikatzeko erabili zituen, gainera, modu zatarrean. PKKren kolaboratzaile garela eta ez ditugula haiek ere kritikatzen esan zigun. Eskuin muturraren jomugan jarri gintuen, eta jazarpena hasi zen jarraian. Haren aldekoak ez bagara haren etsaiak garela dio.

Bien bitartean, manifestuaren aldeko atxikimendu kopurua haziz doa.

Hasieran 1.200 lagunek eman genion atxikimendua, baina zabalduz doa nazioarteko unibertsitateetara ere; Noam Chomskyk ere bat egin du agiriarekin, baina harritzen nauena da Mendebaldeko hedabideetan ere nekez aurki daitekeela informaziorik. Siriaz ari dira, Estatu Islamikoaz; baina, Kurdistanen sarraskia daukagu, herri kurduak militarki okupatu dituzte, jendea handik alde egitera behartu eta auzo batzuk husten ari dira. Nazioartearen benetako erantzun baten zain gaude oraindik.

Turkiako ezkerraren babesa izan al du manifestuak?

Turkian ezker tradizionalak arazo moduan ikusi du kurduen afera, eta ez du izan inoiz irtenbide bat bilatzeko asmorik. Erdoganen tiraniaren kontra ezkerra batzea lortu du, baina Kurdistanekin begiak itxi ditu. Kurduez ari garenean, Mendebaldean isiltasuna gailentzen da; denek dakite hildako zibilak daudela eta gerra dagoela, baina inork ez du pausorik ematen. Istanbulen eta Ankaran hainbat manifestazio antolatu ditugu, baina, tamalez, oso jende gutxik parte hartu du.

200 hildako baino gehiago zenbatu dituzte azken hilabetean Ipar Kurdistanen.

Eta ez du etenik. Eta zibilak dira hildakoak. PKKren mugimendu gaztearen (YGH) aldetik hildako asko egon dira, eta hainbat hiritan etxeratze aginduarekin jarraitzen dute. Euren hildakoei ere ezin diete lur eman, beldurra dagoelako. Hamabost terrorista hil dituztela esaten dute, atzean dauden umeak aipatu gabe. Denak dira terroristak estatuak antolatu berri duen diskurtsoaren arabera.

Zer helbururekin dio hori?

Autonomia demokratikoaren proiektua amaitu nahi dute. Modu baketsuan herri mailako parlamentuak osatzen ari dira, kurduen instituzioak sortzeko eta proiektu hori amaitu nahi dute. Zerikusi handia du Siriarekin; Turkia oso haserre dago Siria iparraldean, Rojavan, gertatzen ari denarekin. Kurduen eskuetan daude hiru kantoi, eta beraiek dira Estatu Islamikoaren kontra borrokatu direnak.

Lehen agintalditik hona gogortu egin al da Erdoganen erantzuna?

Lehen agintaldian lehen ministroa zen, eta presidente laikoak asko mugatzen zuen, baina bigarrenetik aurrera, 2009tik, oposizio guztia amaituz joan da, unibertsitatekoa, mediatikoa, gizarte mugimenduak...

Prentsa askatasuna ere kolokan dela salatu dute...

Kurdistango irakasle batek telebista saio batera zuzenean deitu zuen aurrekoan egoera salatzeko. Kurduak erahiltzen ari zirela azaldu zuen, eta kazetariak telefono deia eten ez zuelako, hari ere terrorismoa goratzea leporatu diote. Txiste txar bat da. Oposizioko edozein hots isilarazten dute: nik, esate baterako, kurduen web atariak jarraitzen nituen, eta orain debekatuta daude, ez dago sartzerik. Eta kazetariek ere gero eta zailagoa dute lana. Ez dago adierazpen askatasunik. Erdoganek medioen %40 kontrolatzen ditu zuzenean; medio oso alternatiboez harago ez dago hedabide kritikorik. Cumhurriyet izan daiteke beharbada kritikoena, eta editorea gaur egun kartzelan dago, Can Durdun erredaktore zuzendaria.

Joan den ostegunean PKK-k Diyarbakirren lehergailu bat zartarazi zuen, polizia etxe batean. Tartean, zibilak hil ziren. Horrek oihartzun handia izan du.

Ni ere harritu ninduen horrek. PKK-k lehen ez zuen sekula modu horretan atentatu. Armadaren eta gerrillaren arteko konfrontazioa izan da orain arte. Gobernuaren gertuko sektoreek, noski, gaitzesteko eskatzen digute. Ez da gaitzesten aritzeko ordua, negoziazio mahaia osatzekoa baizik.

Zergatik uste duzu negoziazioetara bueltatuko direla?

Militarki ezinezkoa da PKK akabatzea, eta PKK-k ere ezingo du estatua garaitu. Beste biderik ez dago hitz egitea baino. Halere, Ekialde Hurbilean zaila da luzera begirako politika aurreikustea, duela bost urte inork ez zuen espero halako gerrarik izango zenik Sirian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna