Kenneth Mark Burton. Abokatua

«Trinidad aske uztea arrakasta litzateke bakearentzat»

FARCeko Ricardo Palerma 'Simon Trinidad' askatu arte «borrokatzen» segituko duela dio Burton abokatuak. Uste du presoak laguntza eman dezakeela Kolonbiako bake prozesuan.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Hiru estatubatuar bahitzea egotzita, 60 urteko zigorra betetzen ari da Simon Trinidad segurtasun handiko kartzela batean Coloradon, AEBetan. Hamahiru urte daramatza bakartuta. Kenneth Mark Burton abokatua (Chicago, AEB, 1959) Euskal Herrian daegunotan presoaren egoeraren berri emateko.

Nola ezagutu zenuen Simon Trinidad? Zergatik erabaki zenuen haren defentsa lana egitea?

2011n, giza eskubideetan lan egiten zuen abokatu talde batekin joan nintzen Kolonbiara, eta afari batean politikari batek Simon Trinidaden kasuaz hitz egin zidan. Kezkatuta zegoen haren egoerarekin, eta hura laguntzea erabaki nuen.

Haren aurkako akusazioek oinarri politikoa dutela salatu izan duzu.

2004ko urtarrilaren 2an Ekuadorren atxilotu zuten, handik bi egunera, Ekuadorretik kanporatu, eta AEBek Kolonbiatik AEBetara estraditatzeko eskatu zuten, nahiz eta bertan haren aurkako inolako akusaziorik ez zegoen. FARCeko kide bat zelako hartu zuten erabakia. Horregatik diot auzia erabat politikoa dela. Garai hartan Kolonbian esaten zen Simon Trinidad FARCeko buruzagi garrantzitsuenetako bat zela, eta AEBek horregatik erabaki zuten preso sartzea.

FARCek itxaropena zuen Barack Obama AEBetako presidente ohiak presoa aske utz zezakeela. Zergatik ez zuen egin?

Itxaropen handia zegoen Obamarengan, duda barik. Bake negoziazioetan FARCeko ordezkari izendatu zuten Trinidad, eta AEBetako gobernu ohiak hainbat adierazpenetan iradoki zuen presoa aske utz zezakeela. Kolonbiako Gobernuak ere itxaropen hori elikatu zuen. Azkenean, baina, Kolonbiako Gobernuak ez zuen inolako pausorik eman.

Kolonbiako Gobernuak ez duurratsik egin presoaren alde?

Askoz gehiago egin zezakeen, baina ez du egin. Eta ez dut nik bakarrik esaten, Ivan Marquez FARCeko buruetako batek ere baieztatu du Juan Manuel Santos presidenteak aitortu diola ez dutela ezer egin Trinidaden alde.

Donald Trumpen gobernu kontserbadorearekin zirrikiturik ikusten duzu Kolonbiara estraditatua izan dadin?

Zaila da, baina ez ezinezkoa. Trumpekin ez dago jakiterik zer gertatuko den. Oraingoz, gauza bakarra dakigu: gobernuko estatu idazkaria Kolonbiako bake prozesuaren alde mintzatu dela. Edonola ere, gure lana izango da baldintza politiko egokienak lortzea Trinidad aske gera dadin. Trumpen gobernuaren barruan militar asko daude, eta hori oztopo izan daiteke, baina guk borrokatzen jarraituko dugu aske ikusi arte.

Oraintxe bertan zein da presoaren egoera juridikoa?

Bere egoera berriz aztertzeko hainbat aukera ditugu mahai gainean. Batetik, AEBetako presidenteak indultua ematea edo zigorra jaistea, eta, bestetik, Kolonbiako Gobernuak estraditatzeko eskatzea, bertan epaitua izan dadin.

Kolonbiako bake prozesuak lagundu dezake presoaren egoera arindu dadin?

Bake prozesuak garrantzi handia izan dezake bere egoeran. Eta,aldi berean, Europak betebehar garrantzitsua izan dezake bake prozesua sendotu dadin.

AEBentzat zein garrantzi du FARCeko kide bat preso izateak?

Indarra erakusteko erabiltzen du, bere garaian Kolonbiako Gobernuak FARCeko gerrillariekin egin zuen moduan. Kolonbiak FARCeko kideei mehatxu egiten zien esanez AEBetako presondegietara eramango zituela han hil zitezen.

Gaur egun nola dago presoa?

Hamahiru urte daramatza erabat bakartuta, eta soilik familiako kide gutxi batzuekin eta abokatuekin dago harremanetan. Orain aukera eman diote egunero beste hiru presoekin harremanetan egoteko. Hala ere, oso baldintza gogorretan dago oraindik.

Nola dago animoz?

Oso pertsona azkarra eta adimentsua da. Oraintxe, bere buruaren defentsa ari da prestatzen, Kolonbian hainbat auzi irekita dituelako eta haiei nola aurre egin aztertzen ari da. Badaki bere egoera ez dela egun batetik bestera konponduko, eta borrokatzen jarraitu behar duela argi dauka.

Kolonbian Trinidad aske uzteko eskatzeko martxan dauden kanpainak lagungarriak dira?

Trinidadek zeregin inportantea izan zuen azken bake prozesuan, eta oso pertsona garrantzitsua da Kolonbian. Kolonbian sektore askorentzat erreferentzia da, eta aske nahi dute. Simon Trinidad aske uzten badute, arrakasta izango da bake prozesuarentzat. AEBen esku dago ekarpen hori egitea bakeari.

Aro berria abiatu da Kolonbian. Zer espero duzu?

Gerra amaitu izana positiboa da. Besteak beste, Egiaren Batzorde bat sortuko dute auzi politiko askori irtenbidea emateko eta berriro gerta ez daitezen bermatzeko. Kolonbiarrek badakite beren herria zer gertatu den, badakite egia zein den, eta uste dut Simon Trinidadek ekarpen handia egin diezaiokeela egiari.

FARC, gerrilla izateari utzi, eta alderdi politikoan bilakatu da. Herritarren babesa lortuko al du datorren urteko hauteskundeetan?

Gizartearen hainbat sektoreetan babes handia du; batez ere, landa eremuetan. FARCeko kideen helburua ez da boterera iristea otsaileko bozetan, baina zeregin garrantzitsua izango dute bakea sendotu dadin. Trantsiziozko gobernua nahi dute, hau da, bakea nahi duten sektore guztiak batuko dituen gobernua sortzea lortu nahi dute, Kolonbiak gerratik bakerako jauzia eman dezan. Uste dut ekarpen handia izango dela Kolonbiarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.