Jon de la Cuesta. Gidoilaria

«Nortasun oso umoretsu eta alaia dauka Benidormek»

Dramatik hasitako komedia gustuko du Jon de la Cuestak. Bide horri jarraitzen dio sortu duen telesail umoretsuak: 'Benidorm'. Atresplayer Premium plataforman dago ikusgai.

JON DE LA CUESTA.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
«Bizitzaren paradoxak» erakusten ditu Benidorm telesailak, Jon de la Cuesta (Sevilla, Espainia, 1982) sortzaile donostiarraren iritziz. Atresplayer Premium plataforma digitalean dago ikusgai, eta «barre asko» eragiten duela esan du De la Cuestak.

Zer kontatzen du Benidorm telesailak?

Xabier Zuritak bizitza osoa pasatu du abokatu izaten, izan behar zuelako: bere aitak eta aitonak lanbide bera zuten. Baina medikuak minbizia diagnostikatzen dio, eta bizitzeko hiru hilabete geratzen zaizkiola jakiten du. Beraz,Benidormera [Herrialde Katalanak] joatea erabakitzen du, bere bizitzako lehen amodioaren bila. 16 urterekin ezagututako neska aurkitzen du: hura ere bere zain zegoen. Baina aurkitzen duen emakume hori ez da gaztetan benetan ezagutu zuen pertsona.

Zergatik Benidorm?

Benidormen inguruan pentsatzen dugunean, denoi bururatzen zaizkigu gauza bitxi batzuk, eta, gainera, grazia egiten digutenak. Hiri demente bat da; izugarrizko etxeorratzak ditu, eta nortasun oso umoretsu eta alaia dauka: zu gustura egon zaitezen, ez dauka mugarik hiriak.

Aktoreek ondo gorpuztu dute zuk idatzitako gidoia?

Bai. Egia esan oso gustura gelditu gara. Denon artean lan txukuna egin dugu, eta haien lanarekin pertsonaiek gora egin dute. Oso pertsonaia bitxi eta barregarriak atera dira.

Erraza da umorezko gidoi bat idaztea?

Edozein gidoi idaztea da zaila. Umorezko gidoiak idazteko arauak ez dira hain finkoak, subjektibotasunarekin lotuago daudelako.

Zer duzu gogokoen, drama ala komedia idaztea?

Niri gehien gustatzen zaidana da komedia bat egitea dramatik hasita.

Zergatik ikusi beharko luke jendeak Benidorm telesaila?

Ondo pasatzeko eta barre egiteko. Saiatu gara ikusleak telesaila irribarre batekin ikusten, eta uste dut lortu dugula.

Gainera, konturatuko zara azpitestuan dagoena serioa ere badela, eta telesaila ari dela askotan pentsatzen ditugun gauzei buruz ere. Bizitza aprobetxatzen ari naiz? Beste zerbait egin beharko nuke? Zer da hobea: egia jakitea ala zoriontsu izatea? Erantzunik ez daukaten galdera horiekin jolasten dugu, eta nik uste dut interesgarria dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.