Joseba Ezkurdia. Aspeko pilotaria

«Sailkatzea ez, partida denetan gozatzea da gure helburua»

Joseba Ezkurdiaren ustez, ez litzateke atzerapausoa binakakoaren finalerdietara ez sartzea. Abel Barriola lagun duela baliatuta, ahalik eta gehien ikasi nahi du txapelketan.
IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Jon Eskudero -

2016ko urtarrilak 14
Binakako Txapelketa asteburuan ailegatuko da lan erdietara, eta kontuak argitzen hasiko da sailkapena. Finalerdietarako sailkapena ematen duten lehen lau postuetatik at agertuko dira behin-behinean Joseba Ezkurdia eta Abel Barriola. Bi puntu dituzte, baina lehen itzulia amaitzearekin bat hirugarrena lortuz gero, pozik egongo dira. «Olaizola II.ari eta Urrutikoetxeari irabazten badiegu, aukerak izaten segituko dugu», aitortu zuen atzo Ezkurdiak (Arbizu, Nafarroa, 1991), pilota hautaketaren ondoren. Bi bikoteok etzi lehiatuko dira, Iruñean. Bestalde, Iker Irribarriak gaur erabakiko du bihar jokatu edo ez, ezker eskuan mina baitu.

Azkar joan da pilota aukeraketa. Seinale ona da hori.

Barriola eta biok kontent geratu gara, bai. Asegarceren pilotak gustatu zaizkigu, eta gureak ere egokiak dira. Ezberdinak, baina Labriterako oso egokiak. Txapelketa hasieran astunagoak hautatzen genituen, baina, orain, azkarragoak nahi ditugu. Saskian topatu dugu nahi genuena.

Taktika aldatu al duzue, bada?

Ez, baina ikusi dugu pilota astunekin gehiago kostatzen zaigula irabaztea. Pilota horiekin zailagoa da aurkariaren erasoko jokoa saihestea, eta defentsan gehiago jokatu behar izaten da. Orain, pilota azkarragoak nahi ditugu. Hala, Barriola errazago aritzen da atzeko koadroetatik, eta nik ere abiadura baliatzen dut min egiteko.

Sei partida jokatuta, bi irabazi dituzue. Bizirik jarraitzeko, hirugarren puntua behar duzue azkar.

Horretarako, ezinbestekoa izango da Olaizola II.ari eta Urrutikoetxeari irabaztea. Alde ederra dago lehen itzulia bi punturekin edo hirurekin amaitu! Halere, presioak ez gaitu jango. Sailkapena alde batera utzia dugu.Gehiago esango nuke; inoiz ez gara sailkapenaren mende egon. Txapelketa aurkeztu zenean ikusi genuen ez ginela faboritoak, eta gozatzea zen gure helburua. Gozatzen ari gara, eta zenbat eta partida gehiago irabazi, orduan eta hobe. Baina itsutu gabe. Ondo jokatu eta itxura ona ematea da helburua.

Zer egin behar da Olaizola II.a eta Urrutikoetxea garaitzeko?

Ez dakit. Oso partida zaila izango da. Banekien Urrutikoetxea ongi moldatuko zela atzelari gisa, baina aurreikuspen guztiak gainditzen ari da. Partidak luzatu ahala, gora egiten du. Eta Olaizolari buruz zer esan... Defentsa handiko bikotea da, baina gure esku dagoen guztia egingo dugu irabazteko.

Bi partida 22-21 galdu dituzue. Haiek irabazi bazenituzte...

Bi horietatik bat irabazi bagenu ere bestelako egoeran egongo ginateke. Pena izan da, baina ezin gara horri begira bizi. Partida bat soilik ahaztu nahiko nuke: Irribarria eta Merino I.aren aurkakoa, Tolosan. Gainerako neurketa guztietan pozik geratu gara. Lan ona egiten ari gara. Akaso ni ez nago boladarik onenean, eta distira apur bat falta zait erasoan, baina asko ikasten ari naiz Barriolaren ondoan.

Hirugarren txapelketa duzu binaka. Aurreko bietan Jose Javier Zabaletarekin aritu zara, baina orain ez. Gustura ari al zara?

Debuta egin nuenean, ez nuen pentsatu ere egingo hain ongi ibiliko nintzenik. Lau urte dira profesionaletarako jauzia eman nuela, eta hirutan parte hartu dut binakako txapelketan. Aurreko bietan Zabaletarekin aritu naiz. Iaz, gainera, finalerdietarako sailkatu ginen. Aurten lau onenetan sartzea ez litzateke atzerapausoa izango. Barriolarekin jokatzea ohorea da, eta uste dut etorkizunerako oso baliagarria egingo zaidala aurtengo esperientzia.

Zergatik?

Izugarri ikasten da Barriolaren ondoan jokatuta. Beti ematen dit aholku egokia, eta bikote sendoa osatzen dugula pentsatzen dut. Niretzat maisua da bera. Miretsi egiten dut. Profesional hutsa da, eta ikusten da kirolean garrantzitsuena eguneroko lana dela. Urte asko daramatza onenen artean, eta kantxan egoteko daukan tenplea izugarria da. Niri hori falta zait, eta ahalik eta gehien baliatu behar dut binakako txapelketa. Asko ikasteko balioko dit.

Egunero entrenatzen al zara?

Bai, egun bakar bat ere galdu gabe. Fisikoa Iruñean lantzen dut, eta kantxako lanak hainbat pilotalekutan egiten ditut. Iaz, Lanbide Heziketa egiten hasi nintzen, baina, denbora arazoak tarteko, erdi utzita daukat. Helduko diot berriz. Bitartean, egunero entrenatzen jarraitzen dut. Ez dago lo hartzerik. Enpresako gazteak indartsu datoz: Altuna III.a, Irribarria... Eta norberak bere postuari eutsi behar dio. Nire esku dagoen guztia egingo dut Ezkurdiarik onena izateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna