Aitzol Atutxa. Aizkolaria

«Lasai nago; ez dut bitan jarraian huts egingo, badakit»

Azken bi urteetan irabazi du txapela, eta faboritoa da iganderako apustuetan, Euskal Herriko txapelketako finalerako. Badaki Iker Vicente dela aurkari nagusia, baina ez bakarra.

Imanol Magro Eizmendi.
2016ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Azken ukituak emateko garaiak dira Aitzol Atutxarentzat (Dima, Bizkaia, 1988), «hauteskundeetan bezala, hausnarketa egunetan gaude». Azken saioak, aizkorak ondo zorroztu... Igandera arteko orduak luzeak egingo zaizkio.

«Azken ukituak» diozu. Nola zorrozten dituzu aizkorak?

Eskulangintza da hori. Hasieran,makina edo rotaflex batekin, eta gero eskuz, harri batekin. Finalera hamar bat aizkora eramango ditut, baina hiruzpalau erabili.

Aizkorak ondo egongo dira, eta zu? Zer moduz zaude sasoiz?

Gustura. Azken entrenamenduak onak izan dira, eta ez dago aitzakiarik. Azken egun hauetan gutxi hartuko dut aizkora, jolas moduan bakarrik, eskuak eta gorputza ahaztu ez daitezen.

Joan den astean Urrezko Aizkorako finalean ez zenuen bikain aritu. Zalantzarik sortu al dizu horrek?

Ez, egia esan motibazio handiagoa eman dit. Gutxi izaten dira huts egiten dudan egunak, eta hori joan den astean gertatu zen. Horrek lasaitasuna eman dit, badakidalako ez dudala birritan jarraian huts egingo. Entrenamenduetan gustura ari naiz, eta, egun horretan, amaieran ezin izan nion gorputzari buelta eman. Halere, ez dut atera beste ondoriorik.

Finaleko lana egin al duzu etxean? Noiz azkenekoz?

Bai. Duela hamar bat egun-edo, eta gustura bukatu nuen. Ondo. Beste urte batzuetan baino hobeto. Ez dakit ohitzen joan naizen edo. Baina, tira, finala egun ezberdina da, eta egur batzuetatik bestera sekulako aldeak egoten dira, eta, askotan, hor dago gakoa.

Zenbat egur bota duzu final hau prestatzen?

Asko. Azken bizpahiru hilabetetan trailer bat bete egur moztu dut. Erakustaldiak ere erabili ditut finala prestatzeko. Egurra ez da merkea.

Seigarren finala duzu, honezkero kirioek tarterik ba al dute?

Aste ezberdina da, nik final ugari jokatu ditut, eta atarian beti nabaritzen da zerbait ezberdina. Zain eta zain egoten zara, eta finalak ez dizu ematen huts egiteko tarterik. Edozein akatsek hankaz gora jar dezake dena, eta hor jaiotzen da urduritasuna.

Txapelduna izateak presio erantsia sortzen al du?

Egia esan ez. Ohituta nago faborito izaera hori eramaten. Norberak bere buruari eransten dio presioa, eta bakoitzak bere helburua du, izan txapela izan azken postua saihestea. Presioa denok eramango dugula uste dut.

Apustuetan zu zara faborito.

Bai, ikusi dut. Aurten, hiru aldiz lehiatu naiz buruz buru Vicenterekin, eta, hiruretan, atzetik gelditu naiz, eta, hala ere, ni lehen.

Zuk esan duzu, aurten hiru aldiz zure aurretik, sailkatze fasean onena, Urrezko Aizkorako txapeldun... Vicente al da aurkaria?

Iker nola zetorren esaten ziren garaiak aspaldiko kontua dira. Orain «nola dago» esan behar da, errealitate bat da. Iazko denboraldia ikaragarria egin zuen,eta aurtengoa are hobea. Eta aurkari zuzenena bera izango da.

Harritu al zaitu hain goiz iritsi izana maila horretara?

Ez, ez nau harritu. Egia da 19 urte dituela, baina haren kasuak ez nau harritu, 16 eta 17 urterekin ere ikusi nuelako. Egina dago, aizkolaria da, baina denbora kontua zen. Izan 19 urterekin edo 20rekin, banekien Lehen Mailan ariko zela eta txapelaren lehian.

Zuen arteko lehia dela esatea justua da?

Ez, ez da justua, finalera doazen aizkolari guztiek dituzte txapelak irabazteko aukerak. Egia da Vicente eta biok apustuetan aurrerago agertzen garela, baina ez dugu ahaztu behar Mikel Larrañaga Gipuzkoako txapelduna dela, Joseba Otaegik final asko jokatu dituela, Juanjo Lopezek eskarmentua duela, eta Ugaitz Mugertzak lehen finala izatearen motibazioa.

Ezustekoa posible dela, alegia.

Bai, beti egongo da hirugarrenen bat zuhur. Agian gutariko batek irabaziko du baina bigarren postua beste horrek har dezake. Niretzat gauzak ez daude hain garbi.

Aspaldiko finalik gazteena da, sei finalistetatik lauk 30 urtetik behera dituzue. Aldaketa iritsi al da aizkorara?

Bai. Aurreikusten zen eta aldaketa hori etorri da eta nik uste dut hemendik aurrera gazteagoak etorriko direla. Etorkizunean joera hori errepikatu egingo da, eta Lopezen kasuan beste gazte batek ordezkatuko dela. Belaunaldi hau gelditzeko etorri da eta nik uste dut albiste ona dela hori.

Finaleko apustu handietako bat tokia da, Bilboko pilotalekua.

Apustu polita da, ni gainera erdi bilbotarra naiz, bertan jaioa bainaiz eta 22 urte bete arte han bizi nintzen. Niretzat, gauza berezia izango da pilotaleku horretan jokatzea. Pilotalekua ez da beteko, baina sarrera ona badago uste dut arrakasta izango dela. Zortziehun mila ikusle inguru egotea espero dut. Baina ikusi beharko da nola erantzuten duen jendeak, zein ikusle mota agertzen den, eta gero aztertu beharko da hori.

Herri kirola hiri kirol bilakatzeko garaia iritsi da.

Nik argi eta garbi diot herri kirolak beste ikusle mota bat behar duela. Garai bateko ikasle klasikoa ez da hainbeste mugitzen edo hil egin da, eta kirolarien artean izan den belaunaldi aldaketa hori ikusleen artean ere lortu beharko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.