LIBURU AURRERAPENA

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama

Hirugarren eleberria du Alaine Agirrek: 'Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama'. Joseba Jaka saria irabazi zuen 2016an, eta elementu ugari biltzen ditu: amari eskainitako maitasun kanta, familiaren historia, haurtzaroko oroitzapenak... Honako hau da eleberriaren hasiera.
Z /

Berria -

2017ko maiatzak 6
1

Zure amak ez zuen ama izan behar, agian, baina ama izan zen eta zeu jaio zinen.

Zuk ez zenuen ama izan nahi, ez guztiz behintzat, baina ama izan zinen, eta horri esker ari naiz ni orain hau idazten.

Nik ama izan nahi nuke, baina uste dut ez dudala ama izan behar, ez zaidala komeni, eta nahi ere, ez dakit zenbateraino nahi dudan benetan ama izan.

2

—Asumitzen nabil ez naizela inoiz ama izango.

—Zergatik diozu hori?

—Neure gaixotasunagatik.

—Baina sendatu ahal zara.

—Edo ez.

—Eta, gaixotasunarekin ere, asko dira haurra izatea erabakitzen dutenak.

—Medikazioa utzi beharko nuke.

—Aldi baterako bakarrik.

—Eta diozun aldi horretan erotzen banaiz?

—Ez jarri beti txarrenean.

—Eta leihotik behera botatzen badut neure burua?

—Ez jartzeko beti txarrenean, A.

—Gainera, umeari gaitz hau transmititzen badiot?

—Nork esan dizu genetikoa denik? —diost W doktoreak.

3

Nire ama nitaz erditu zenean, ez ninduen besoetan hartu nahi izan. Edo, hobeto esanda, ezin izan zuen.

Sudurra tolestuta nekarren, alde batera plazentarekin itsatsita, eta aitak jarri zidan bere lekuan, eta garbitu, eta ukitu, eta laztandu; eta neure izenez deitu ninduen, belarrira. Nire ama nitaz erditu zenean, negar egin zuen. Nire amak negar egin zuen hamabi ordu luzez erditu ezinean egindako indarrek akituta utzi zutelako; negar egin zuen azkenean mina bukatu zelako eta aldi berean ez zelako bukatu; negar egin zuen bere barrutik irtendako ume plazenta txixa kaka odol eta batek daki zer gehiagorekin batera maitasunaren antzeko sentimendu indartsu bat atera zitzaiolako, gelako leihoak lurruntzeraino, gelako zarata aldarri agindu intziri ziztu oro isilarazteraino; negar egin zuen, bere bizitzan lehenengo aldiz, ama izan zelako; negar egin zuen, ama izan arren, ez zekielako nola izan ama; negar egin zuen bat-batean lotzen gintuen zilbor-hestea nork ebaki ez zegoelako, eta beti eskegita izango zuen kate herdoildu bihurtua zela konturatu zelako; negar egin zuen zoriontasunez; negar egin zuen ikararen ikaraz; negar egin zuen maite zuen gizona, nire aita, bere alboan zegoelako, baina, aldi berean, gehiago behar zuelako haren presentziatik, gehiago, are gehiago; negar egin zuen, ezin zuelako hitz edo pentsamendu forman zizelkatu sentitzen zuena; negar egin zuen, negar egin zuen, negar egin zuen.

Baina nik, ama, badakit zergatik egin zenuen negar. Une hartan, zure ama ez zegoelako zurekin egin zenuen negar, gehienbat. Eta, aldi berean, ni, zure alaba, han nengoelako, azkenean, zure titietatik hozka tira zupa eginez, bizitza eskatuz bezala, zu xurgatu zurrupatu zupatu nahian, eta intzirika negarrez, zuk bezalaxe, neuk ere, momentu hartan, ez neukalako nire ama alboan; ez behintzat behar nuen moduan.

4

Nire amak zortzi hilabete pasatu zituen ohean, nire haurdunaldian zehar.

Behin odola isurtzen hasi zen, haurdunaldiaren lehenengo asteetan. Medikuek esan zuten haurra galduko zuela. Abortu naturala izango zela. Ez zegoela aurrera ateratzeko aukera handirik. Amak esan zuen ezetz, ez zela hori gertatuko, eta edozer, edozer egingo zuela hori saihestearren. Deskantsua behar zuela esan zioten medikuek orduan, baja hartzeko, eta ohean pasatzeko egun osoa. Ez altxatzeko, komunera joateko ez bazen. Eta horrela pasatu zituen amak zortzi hilabeteak, ohean lotan, ohean bazkaltzen, ohean bizitzen; aspertuta batzuetan, baina zoriontsu oro har; ohean etzanda, haurdunaldiari eta haurra izateari buruzko liburuak irakurtzen, azpimarratzen, musika klasikoa ipintzen; niri berba eginez, esanez ez zitzaidala ezer gertatuko, asko maite ninduela, eta itxaron nezala apur bat, beste apurtxo bat, jaio gura izan arte.

Ia galdu ninduzun hiru edo lau aldiz. Bazirudien nik mundua ezagutzeko gogo handiegia neukala, eta ahalik eta arinen atera nahi nuela zure barru gozo horretatik. Edo akaso ez zen hain epela zure leku hura. Agian nabaritzen nituen zure zoriontasunaren atzean, ezkutatuta, ostuta zeuden zalantza zatiak, ikara izpiak. Beharbada min ematen zidaten kristal zatiak zenituen barruan. Igual horregatik atera nahi nuen handik ahalik eta azkarren, nahiz eta Chopin entzuten nuen, nahiz eta maite ninduzula esaten zenidan: banekielako jakin ez zeundela ondo; ez guztiz, behintzat.

Gogorra izan zen oso haurdunaldia amarentzat. Horrez gain, amaren lana zegoen. Nire amak, garai hartan, denda batean egiten zuen lan, dekoratzaile moduan. Baja hartu behar zuela esan zienean goikoei, bidali egin zuten. Hamar urtean bertan lanean egon ondoren.

Ama, uste dut horrek ere eragina izan zuela zure beherakadan. Horrenbeste lan egin ostean, denda zeuk bakarrik eraman ondoren, hainbeste lan aurrera atera eta gero, kale gorrira bota zintuzten. Eta hondoratzen hasi zinen.

Juiziora joan zineten. Nire lehenengo urtebetetze egunean izan zen epaiketa. Aitak folio inprimatuz osatutako pankarta handi bat jarri zuen saloian, Zoridxonak, A zekarrena. Familia guztia batu ginen. Nire lehen urtebetetzeaz gain, epaiketa irabazi zenuela ere ospatu genuen.

5

Halere, ezin zenuen ebitatu galduta sentitzea, ama; nora ezean, lanik barik etxean geratu beharko zenuelako, nirekin. Lan egin nahi zenuen, badakit. Baina ez zenekien, ama, jabeek zu denda hartatik bidali izanak zerbait ona ekarriko zuela gerora.

Bost urtez egon zinen etxean, ni eta nire ahizpa zaintzen. Etxea eramaten. Labadorak jartzen. Fardelak aldatzen. Nire ahizpari titia ematen zenion bitartean, niri purea koilaratxo batekin ahora ematen. Bi urteko gelara eroaten ninduzun, nire ahizpa txikia karroan eramaten zenuela. Nik negar egiten nuen, zurekin egon nahi izaten nuen. Baina ni eskolan nengoen bitartean harrikoa egin ahal izaten zenuen, erosketak, bazkaria, afaria. Ez dakit, egia esan, nola egin zenuen bi haur txiki eta etxea eta beste ardura batzuk aldi berean eramateko. Baina egin egin zenuen, ama, eta, egunaren amaierarako nekatuta bukatuko bazenuen ere, uste dut pozik egon zinela bost urte haietan.

Zeure denda propioa ireki zenuen arte. Zure aitak esan zizun ea zertarako nahi zenuen etxetik kanpo lan egin, senarraren soldatarekin justu antzean baina bizitzeko lain bazeneukatela eta. Aldiz, zure amak, nire amonak, denda irekitzeko eskatu esan agindu zizun, ona izango zela zuretzat; agian amonak bazekielako zer zen independentea izatea. Nire aitaren aitak, nire beste aititak, dirua utzi zizun, eta lagundu denda muntatzen. Ez dakit nire aitak apoiatu zintuen ala ez, seguru nago baietz.

Beldurrez blai zeunden, baina horrek ez zintuen blokeatu: zeure indarrez esfortzuz izerdiz atera zenuen aurrera denda, eta lanean hasi. Oraindik hor jarraitzen duzu. Eta badakit, ama, zuretzat, gu edukitzeaz aparte, denda ireki izana zeure lorpenik handienetakoa sentitzen duzula. Harro zaudela zeure buruaz, eta, ez dakit inoiz esan dizudan baina, ni ere harro nago zutaz.

6

Beti izan duzu, izuak eroanda, dena kontrolpean edukitzeko beharra.

Dendan ondo joan zitzaizkizun gauzak, eta horrek, lasaitasun segurtasun egonkortasun maila bat eman zizun, gerora kolokan jarriko zena, eta, ondorioz, zeure bizitza ere (kontrolatzen zenuen oro, alegia) hankaz gora jarriko zen.

Aitak esan zidan behin, ez orain dela asko, hiru inflexio--puntu ikusi izan dituela zure jarreran bizitzan zehar.

Lehenengoa, aita bidaia batean zegoenean, ahizpa bat-batean gaixotu eta larrialdietara eraman zenuenekoa.

Bigarrena, neure gaixotasuna.

Hirugarrena, 2008an hasitako krisi ekonomikoa.

Kontrola galdu zenuen momentu edo denbora-tarte horietan guztietan. Baita beste batzuetan ere. Baina hiru horiek dira, aitaren arabera, erabat aldatu zaituztenak. Harrezkero joan zaizkizu ikarak handitzen.

Puta lavadora aldarrika entzun zintudan egun batean. Baduzu zerbait garbigailuekin, harreman berezi bat, diagnostiko bat egiteko lagungarritik duena. Garbigailu nahiko berria eta modernoa daukazu etxean, bere programa askotariko, bere aukera guztiekin. Baina zu hor ibiltzen zara, jo eta ke, labadorari xaboia botatzen, kentzen, leungarriaren bi tanta, garbikaria erabili beharrean ioiak botatzen dituen bola bat sartuz, eta, baita ere (edo, batez ere), ura eta ura eta ur gehiago sartzen garbigailuan, nahiz eta denek mila bider errepikatu dizugun labadoraren programak arropa garbitzeko beste ur daukala.

Hiru inflexio-puntu sentitu izan ditu aitak zure jarreran, baina nik uste aipatu ez didan laugarren bat ere sumatu zuela behin, egun normal, egun normalegi batean, noiz eta aulkitxo batean jarrita ikusi baitzintuen labadorari begira, zur eta lur, telesaio hipnotiko bati nola.

7

2003. urteko uholdeak lapurtu zidan ama bigarrengoz.

Aitita eta amamaren etxean geunden ahizpa eta biok, aitaren gurasoenean, lotan. Esnatu nintzenean, sukaldera joan nintzen. Balkoian zeuden amama eta aitita. Ni ere hurbildu nintzen, zeri begira ote zeuden jakiteko.

Eta orduan ikusi nuen. Errepidean erreka bat ikusi nuen, kotxeak eta kontainerrak eta motoak eta zuhaitzen adarrak zeramatzan erreka. Izutu egin nintzen.

Ibaia apaldu zenean, jantzi, eta korrika atera nintzen kalera. Etxera joan, baina gurasoak ez zeuden etxean. Orduan konturatu nintzen non egongo ziren ama eta aita.

Eta bai, han zeundeten, zure denda aurrean. Zeu negarrez, intzirika, arnasa hartu ezinik. Izan ere, dendaren beheko aldea urak zeukan hartua. Eta altzariak igerian, eta katalogoak basatzan, eta aulkiak bata bestearen kontra dantzan.

Halako batean, ez dakit zerk bultzatuta, atea irekitzen saiatu zinen. Barrura sartu nahi zenuen.

—Ama, ez! Etorri, ama! Ez sartun, ama! Erdu, ama!

Ez zenidan kasurik egin. Atearen kontra indar eginez jarraitzen zenuen, eta orduan aitak eta ezagutzen ez nituen beste pertsona batzuek heldu egin zizuten, oratu, dendan sar ez zintezen.

Lasaitu egin zinen. Baina inoiz ez bezala zeunden negarrez. Aldarrika, bihotzean ireki zitzaizun arrakalan gatza bota balizute eta erretzen ariko balitzaizu bezala.

Ez zen inor hil uholde haietan, zorionez. Baina sentitu nuen, ondoren etorri zitzaizun depresioarengatik, zeu eroan zintuela uholdeak, ama. Arrastaka. Narras. Tatarrez. Eta, bigarren aldiz, galdu egin zintudan. Galdu egin zintudan, ama.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna