KRITIKA. Dantza / Performancea

Itsasotik hurbil

Agus Perez.
2014ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
'Itsaslaboa', 'Mu-To' eta 'Hondakindegia'

Lekuak: Lekeitioko Isuntza hondartza, Eako Eskolondo aretoa eta Natxituako bolalekua. Datak: Uztailak 11, 12 eta 13.

Uztailaren bigarren asteburuan izan dira aldi berean Eako Poesia Egunak eta Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdia. Lekeitiokoak bere hogeita bosgarren urtemuga bete du aurten eta Ean hamaika urte daramate poesiari lekua egiten eta euskarazko letren sareak ehuntzen. Izaera eta eduki desberdineko ekimenak dira, duda barik, baina itsasotik hurbil daude biak eta bietan izan dira geure kulturaren ikuspegitik zentraltasuna izan duten ekitaldiak.

Lekeition —non bestela— izan da Dantzaz konpainiaren Itsaslaboa lanaren estreinaldia, hondartzan bertan eta ikusmin handiz, ikusleek emanaldia hasi baino ordu erdi bat lehenago bertan zeudela, euripean. Mirariz edo, atertu zuen dantza hasi orduko, eta horri esker gozatu ahal izan genuen nazioarteko maila ukaezina duen konpainiaren proposamenaz. Josu Mujika koreografoak Laboarekin zeukan zor pertsonala kitatu nahi izan du lan honekin, abeslariaren mediku aldean arakatuz, eta horretarako zoroen mundua planteatu digu emanaldiaren hasieran eta amaieran, tarteko aldi zabalean giza burmuinaren askatasunari bidea emanez.

Hondartzako baldintzak bereziak dira dantzarako, baina zailtasunetatik harago efektu politak sortu dira dantzarien oinek hondarra airetik proiektatzean, eta oihal urdin handiak euri tantak askatu dituenean. Izan ere, osagai guztien arteko koherentzia da lan honetatik aipatu behar den lehena, eta hala oihal handia nola aulkiak, jantziak eta hari elastiko luzeak lagungarriak izan dira koreografiaren garapenean. Bestetik, eta aretorako bertsioaren esperoan, nabarmendu dezagun Iñaki Salvadorrek Laboaren kanta ezagunekin egindako soinu-banda jarraitua. Mikelen musika izan da emanaldiaren gidaria, eta hitzak esanguratsuagoak bilakatu dira dantzarien eboluzioetan. Amaitutakoan jakin dugu Marisol Bastida ikusleen artean zegoela, eta emozio handiz jaso duela Mikelen gaineko ikuspegi berritzaile hau.

Eta Lekeitiotik Eara, dantza ikustera ostera ere. Eako Poesia Egunetan era askotako ekitaldiak atontzen dituzte, eta nik ez nuen galdu nahi Laida Azkonaren lana ikusteko aukera. Egia esan, Mu-To izeneko performancea Bilboko BAD jaialdian aurkeztu zuen orain urte pare bat, baina oraingo bertsioa zabalagoa eta sakonagoa iruditu zait, eta gainera, euskara dotorean eman du, Castillo Suarezen laguntzari esker. Orduko hartan bezala, harrituta geratu gara Azkonaren dantzarako gaitasuna eta prestakuntza teknikoa ikustean, eta bereziki eskertu dugu bere bizipen pertsonalei emandako sakontasuna eta unibertsaltasuna, atzeko pantailan proiektatu diren zuri-beltzeko irudi aberatsak ahaztu barik, jakina.

Domekan, eta Natxituako herri-bazkariaren ostean, Iñigo Astiz eta Mikel Aierberi egokitu zitzaien jardunaldiei amaiera emateko ohorea. Baina printzipioz poesia errezitaldia zena —Astizen Baita hondakinak ere liburuan oinarrituta— dramaturgia finean bilduta etorri zen, elementu eszeniko bakanei rol esanguratsuak emanez eta irakurle biak olerkien hezur-haragizko protagonista bihurtuta. Atzean proiektaturiko irudiek eta egilearen gertukoen testigantzek ere dentsitate poetiko polita hartu zuten, eta sortzaile gazte bien inspirazioak esker on berezia sortu zuen bertan geunden guztiongan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.