LIBURU AURRERAPENA

Jenisjoplin

'Jenisjoplin' da Uxue Alberdiren (Elgoibar, 1984) bigarren nobela, eta aste honetan bertan aurkeztuko du. Nagore Vargas du protagonista, gaztaroa intentsitate handiz bizi izan dutenen grinarekin borrokatzera ohituta dagoen emakumea. Hau da liburuaren hasiera.

2017ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Astelehen goiza zen eta Artxandara gindoazen autoz. Azken egunak zituen 2010eko udak.

—Azkuna alkatea bezala, Bilbo gu gabe nola dagoen ikustera!

Umorea zuen Irantzuk larritasunean ihesbidea. Autoaren atzealdean bi neskok, aurrean mutilak: Karra txofer eta alboan Luka. Lau gazte genirudien, mendi-buelta egiteko ideiarekin; Lukak prestatutako patata-tortillaren usainak areagotu egiten zuen sentipen hura.

—Bat ezin dute atxilotu patata-tortilla tupperra orkatilen artean duela, antiestetikoa da —mendiko boten artean zeraman Irantzuk fardela.

—Saiatu tupperwarea eta atxiloketa esaldi berean sartzen. Saiatu, saiatu! Tipularik jarri al diok?

—Pixka bat.

—Seguru gaituk, orduan.

Musikaren bolumena igotzeko aprobetxatu zuen Karrak.

No pasarán! Los venceremos, amor, no pasarán! —Carlos Mejía Godoy kantari koruan jarraitu genion denok—: aunque no estemos juntos, te lo juro: no pasarán!

Lukaren saioko sintonia zen, egun hartan ohi baino erresonantzia sakonagoak eragiten zizkiguna. Kantuan iritsi ginen Artxandara. Hantxe geunden Libre irratiko kideok, eguzkiak hiriari zangosagarrak berotzen zizkion bitartean. Zain egoteko modu bat da hostoaren dardara irailean.

Hitz egin beharreko guztiak hitz eginda geneuzkan. Preso eramaten nindutenean Karrak hartuko zituen ostera nire programaren ardura eta irratiaren zuzendaritza, eta Irantzuren ordezkoa ere prest zegoen tertulia politikoa gidatzeko. Asanbladan erabaki genuen ez ezkutatzea eta kazetari-lana egiten jarraitzea.

Lukak zortea izango zuen akaso, bazitekeen fitxatuta ez egotea. Lauzpabost hilabete zeramatzan gurekin, sarean abian jarri genuen telebistan euskal gatazkaren inguruko informazioa atzerrirako lantzen. Transatlantikoa deitzen genion hibrido poliglota lotsati bat zen. Hirian nora ez eta, etxean hartu nuen apopilo, trukean irratian kolaboratzekotan. Egongelako sofa-ohea eskaini nion, neuretzat hartua baineukan gonbidatuen gela, ama bere azken harreman hondoratutik «sasoi baterako» etxera etorri zitzaidanetik.

Denbora oso laburrean, inori axola ez zitzaion bazterreko hedabide minoritarioa izatetik «Segiren irratia» izatera igaro ginen Espainiako egunkarietan eta, jauzi bakar batean, ETArekin kolaboratzen zuen hedabidea izatera. Entzuleak eta jazarleak ugaritu zitzaizkigun. Karisma handirik gabeko zutabegile batek terrorismoaren goraipamena egiteaz akusatu gintuen. Azken asteetan zelatan geneuzkala sumatzen genuen, Irantzuk eta biok kalez jantzitako polizien jarraipenak jasan genituen. Argiak eta itzalak gauean.

—Biharko erosi dut autobus-txartela —esan zigun Lukak.

Madrilen lehengusu bat bisitatu eta Habanara itzultzekoa zen, zain zeuzkan ama eta neska-laguna.

—Zakurrek dohainik eramaten ez bahaute! —izterrean txaplaka egin zion Karrak.

Igandezaleentzako mahai batera atera genituen garagardoak eta patata-tortilla.

Kideei begiratu nien. Irudipena, atxiloketaren hurbilak edertu egiten ote zituen, lehendik ere hala neritzen arren.

Karra eta Irantzu ohaide izanak nituen, urte luzetan noizbehinka bata eta bolada labur baina intentsu batez bestea; eta sinetsita nengoen horrek ahaidetasun moduko bat ematen zigula. Ez nuen seme-alabarik espero larru-truk; neba-arrebak bilatzen nituen, ahalik eta gehien. Niretzat sexua bazen itun moduko bat, ohetik kanpo ere elkar zaintzen jarraitzekoa. Elkarrekin binan-binan esklusiboki partekaturiko gauetan zubiak jasotzen genituela egiten nuen, nigandik amorante bakoitzarengana eta alderantziz, guk beste inork zapaldu ezinekoak: Salbekoa, Mesedeetakoa, Erriberakoa. Zubi konplizeak. Zubi beti binakakoak. Izatez, endogamiko samarra zen gure erredakzioa.

—Hire erruz, bistan da —baieztatu ohi zuen Karrak.

Bera zen anaia nagusia, irratiko lehenengo liberatua, denon artean zaharrena, urtebete atzera aita egin zenetik soldatapeko lanak albora utzita zituena. Aldika baino ez zen azaltzen estudiora. Bilbora aldatu nintzenetik ezagutzen nuen.

Luka, argazki-kamera hartuta, behatokira aldendu zen. Laster, argazki hura oroitzapen urrun bat izango zen Habanako logela sargori batean.

Irantzu eta Karra korrika hasi ziren; autoko atea zabaldu berri zaien zakur urduriak ziruditen, norabide guztietan eta batere logikarik gabe lasterka. Zigarro bat biltzeari ekin nion haiei begira. Irantzu, Karraren sorbalden gainean zutik jarrita, haritz zahar batean gora egin nahian ikusi nuen; bi eskuekin adar bati heldu eta besoen indar hutsez igotzea lortu zuen. Karrak, haritzaren gerria besarkatu eta jauzi txiki bat egin zuen, oin-zolak enborraren alde banatara finkatuz lurretik gutxira, eta mugimendu azkar bat entseatuz, goragotik besarkatu zuen haritza, oinekin beste salto bat egin eta, zangoak igel, lurrari beste hogei bat zentimetro irabaziz.

—Arrivederci! —oihu egin zigun adarretik Irantzuk—. Gu hemen goian geratuko gara bizitzen!

Errealitatearen erantzuna bailitzan, brau erori zen Karra belartzara. Zapo.

—Lasai al hago? —galdetu zidan nigana itzulita.

—Zuek tximuok baino lasaiago —adarra jo nion.

—Ez ditun indarrezko atxiloketak izango, Nagore.

—Bazagok bestelakorik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.