Noiz sortua: 2017-11-24 00:30:00

LIBURU AURRERAPENA

Mendi-joak —Ertza

'Erresuma eta fedea' trilogia amaituta, narrazio laburretara itzuli da Aingeru Epaltza (Iruñea, 1960). 'Mendi-joak'-en, mendi giroko ipuinak idatzi ditu, baina, dekoratu horren atzean, bikote bizitza higatuak, beldur gauzatuak eta ilusio zapuztuak biltzen dira.
JULIO PARDO

Berria -

2017ko azaroak 24
Bere ibilia eta bere troparena geldiarazi zuen Castillo kaboak. Ahozko agindurik gabe, eskua jasorik, western zaharretan zalduneriaren buru doan ofizialak nola. Mailoan gora ari zirenek, ordea, ez zuten jaka-urdinik soinean, atorra gorriak baizik. Kaboaren atzetik lagun bakarra zihoan, Ander. Eta ez batak ez besteak zaldirik ez zuten ipurdi azpian. Hogeita bost minutu joan berriak ziren, gehiagorik ez, autoa bide bazterrean utziz geroztik. Denbora aski, izerdika eta mekaguenka jartzeko Foruzaingoaren kidegoak une horretan eta toki horretan zuen ordezkari nagusia.

Esadak, Andre?s Castillok Anderri. Esadak zergatik tokatu behar izan zaidan putakeria hau halako igande arratsalde batean!

Errua balu bezala ari zitzaion bere azpikoari. Errua, pista hain laburra gertatua zelako, eta haren bukaera hain beherean. Errua, largabistetatik ikusten ari zena ere gustukoa ez zuelako.

Ailegatuak dituk, hanka-arin aluak.

Jende saldo bat ageri zen foruzainak baino berrehun bat metro gorago. Maiatzeko eguneko azken eguzkiaren argipean, haien jaka laranjak nabarmentzen ziren harritzaren erdian. Itsu batendako ere ikusgarri, largabisten beharrik gabe.

Garai batean, suhiltzaile boluntarioek borondatea eta gerria baizik ez zitiztean sendo izaten —kaboa predikuan—. Orain, egunero gimnasioan bi ordu egitetik etortzen zaizkiguk, Andre?s.

Sabel hanpatu samarrera inguratu zuen eskua.

Hoa gero, haien ondotik, erreskate batean.

Lurrera listu eginda, ezpain inguruko arrasto hezea ezabatu zuen uniformeko jertse gorriaren mahukarekin. Gerrira lotua zeraman, gazteak bezala; eroriagoa, baina.

Eta makurrenak, ibar puta hauetakoak, Andre?s. Erdi gipuzkoanoak, denak. Bizikletan eta mendi lasterketetan ibiltzen ez direlarik, beste potrotako minik ez ditek bazterrak beren bandera zikinez josten ibiltzea baino. Eskerrak, bi asteren buruan sekulako astindua emanen zieagu, hamaikagarrenez, hautetsontzietan.

Eragin sorgorgarria zuen Castilloren erretolikak. Anderrek begiak blaitzen utzi zituen udaberri beteko paisaia koloreanitzaz. Hartan, eskuin aldeko piramidearen bular bertikalek betetzen zuten ikusmiraren zatirik handiena.

Nola esan duk mendiaren izena?

Kaboak antzemana zion bere azpikoaren begien norabideari. Galdera errepikatu behar izan zuen agente gazteak erantzuteko.

Balerdi.

Nagusiak, hasperen batez, «Balerdi» errepikatu zuen, oroimenean txertatzeko ahaleginean iduri. Largabistak erabili zituen berriz izpi laranjen aldera.

Kaka, hori ere badiagu, Andre?s!

Anderrek begiak apartatu zituen malkorretatik. Segundo bat gabe argitu zion nagusiak:

Emakumeak ere badirela, zera.

Oraingoan ere, agenteak ez zuen buruzagiaren eskandaluarekin bat egin. Kabo gero eta suminduagoak txano beltza kendu eta arestiko mahuka bera erabili zuen kopeta hezetik izerdi geruza garbitzeko.

Ez da ur pixka bat edateko modurik bazter demonio honetan?

Hain goiti ez.

Iturria gibelera utzia zuten, autoa abandonatuta gelditu zen tokitik gertu. Kaboa ez zen artean egarritua.

Orduan ezagutzen dituk inguru hauek?

«Orduan koka trafikoan habil» esateko erabiliko zukeen doinu bera zerabilen gizonak.

—Izana naiz, behin edo behin—Anderrek, zuhur.

«Behin edo behin» zenbat aldiz izan ote zitezkeen gogoetan bezala egon zen Castillo.

Inoiz ez diat ulertu mendiak igotzen hankak lehertzeko xelebrekeria hori.

Deklarazioak indarberrituta, bide meharrari lotu zitzaion berriz. Anderrek lau-bost metroko tartea utzi zuen bien artean, eta gero bestearen urratsera egokitu zituen berriz bere hanka zaluagoak.

Hogeita hamabi minutu geroago hartu zuten boluntarioen diosal herabea, piramidearen zolan. Lau gizaseme eta, kaboak iragarri bezala, bi emakume ere bai. Harrien gainean jarririk, talde nabarra osatzen zuten, bakoitza bere gisakoa, foruzainen uniformeetatik urruti. Elementu bateragileari uko eginda, jaka laranjak erantziak zituzten eta aldamenean hedatu, nahita edo nahi gabe zirkulu obalatu kasik perfektua eraturik harritzaren hasieran. Haien atzean, giza gorputz bat zetzan, ahoz beheiti, motxila oraindik bizkarrean lotua. Soinean jantzirik zuen mendizaleen ohiko haize-kontrakoa, urdina. Gerritik behera, ipurdi erdiaren zuritasunak kliska txundigarria egiten zion ikusleari; galtza eta galtzontziloak hainbat zentimetro zeuden eroriak. Aurpegia, harri artean hondoratua; burua, ez sinesteko maneran bihurrikatua. Lepo gibelean dilindan ageri zitzaion oraino txapel hegal-zabal beltza. Kabo kiskaliak begi bat ere ez zuen ezarri haren gainean.

Ura!

Esku batzuek ailegarazi zioten urontzia agintearen ordezkari gorenari. Segundo gutxi batzuk lehenago, haien solasek oihartzun egiten zuten mailoan gaindi. Orain, isilik zeuden, kaboaren eskerrik gabeko trago luze, zakar eta sukartuari so, programatu gabeko ikuskizun bati bezala. Gizonak eztulka urrundu zuen ontzia bere ezpainetatik. Gorri-gorriturik, Anderri bihurtu zitzaion, erdi itoan:

Egiazta ezak bizirik dagoen. Nik markatuko ditiat koordenadak GPSean.

Gazteak, urdaila uzkurturik, lehen urratsak egin zituen gorputz etzanaren aldera. Boz batek are gehiago mendratu zion gogoa:

Ez egin alfer lanik. Majo hila dago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna