LIBURU AURRERAPENA

'Neska bat leku inposiblean'

Xabier Amuriza (Zornotza, Bizkaia, 1941). Bertsolaritzan ibilbide oparoa izan du, eta hamaika libururen egilea da; orain, bere zortzigarren eleberria kaleratu du. Bertatik bertara ezagutu zuen Zamorako apaiz kartzelan kokatu du istorioa, eta hau du hasiera.
UNAI ARANA

Berria -

2018ko martxoak 3
Zein erraza izan zen ezina! Nola santu errugabeen irudiak palma-orrizko arkuen azpitik, hala pasatu ziren aparatuak kontrol suzesiboetan, ongi kaxkatuak eta hobeki haztatuak. Pertsonak, atean poliziaren, barruan funtzionarioen aldetik, xeheki identifikatuak izan ziren, eta miatuak azken biloetaraino. Hauen kopurua, agian numerazioa, sarrera-erregistroan egon liteke. Nahi zutena egiten utziz gero, oso edukatuak ziren. Mila esker. Segi!

Horrelaxe izan zela jakin genuen geroago soinu-ekipoaren sarrera, zazpiehun preso atxikitzen zituen Zamorako presondegiko patio zentralean. Denak ziren preso sozialak, gure taldea salbu: hemeretzi apaiz. Eraikin pentagonalaren hegal-pabiloi batean bereiz bizi ginen, presondegi probintziala izan zena konkordatu-espetxe bihurtua zen hartan. Elizaren eta Estatuaren preso ginen, beraz, ez sozial, ez politiko. Hibridoak agian? Transgenikorik ez zegoen oraindik; origenistak ginenik (irenduak) ez genuen uste; tomistak izateko, esparru meharregia zen. Ba, bai! Beharbada, transgenikoen ernamuin bat ginen.

Kontua da, ezarria ziguten beste presoekiko inkomunikazioan, egun hartarako salbuespen bat lortu zela, edo eman zitzaigula, «etxearen adeiz eta instituzio penitentziarioen gizatasunez». Mila esker! Geuk ere bagenekien edukatuak izaten etxe batean, non duintasuna baitzen, ez agian deuseztua, baina bai mutantea, bere gabezia ere aukera humano bat izateraino. Argi esanda, ez geunden aukera batzuei uko egiteko moduan.

Eta han ari ziren teknikariak eta soinu-ekipoa, patio zentraleko murru gorenaren kontra, presondegiak urteko kupo humanitarioan eratzen zuen jaialdia abiatzeko prestatzen. Udaberri Jaia. Inguruan ehunka lagunen harrabotsa zebilen, ulu-lehia bat bailitzan. Multzo informeak hur-hur pasatzen ziren, begiluze, ekipoa nola muntatzen zen ikusten, agintzen, alferreko laguntzak eskaintzen. Galdera bitxiak, zakarkeria handiak, eta egoera miserableek sortzen dituzten jenialitateak.

Jaialdirako kontzertu sail bat programatua zen, tramite amaigabeen ondoren. Amaigabeak literalki, tramite prebioek eguna igaro eta gero ere luze jarraituko baitzuten. Kantari eta musika-talde ugari zeuden jardunaldirako iragarrita, baina guri (apaizen taldeari) axola zitzaiguna soinu-ekipoa zen, Madrilgo Mostoleskoa berau, zeinaren arduradunarekin Euskal Herriko gure lagun batek, isil-tratu delikatuen ondoren, «lantxo» bat adostua baitzuen, jaialdi hartarako.

Bafle eskergak deskargatuak izan ziren euren kokapena izateko guneetan. Bi, eszenatokiaren eskuin-ezker, patio pentagonalaren alde nagusian, eta beste bana alboko murruetan. Ordura arteko bilakaera, duintasun kontuak albora utzita, ez zen izan konplikatua, baina errazena falta zen, soinu-ekipoaren txoferrak bakarrik zekiena, «Kabestro» deitzen ziotena bera. Izatez, bere ekipokide guztiek zekiketen zerbait, baina ez zuten ezer jakin behar.

Plana egina genuen bezala, apaiz-talde insolitoa patio jendez pilpiltsuan sartu ginenean, nik, Simutek, taldearen ordezkari, eszenatokirantz hurbildu behar nuen, begiluze baboen antzera. Beste hamazortzi lagunak kartzela-masan galdu ziren, galdu behar ziren, arrain-ugaltzearen mirarian bezala. Egiteko zehatz bat nuen: «Kabestro»rekin kontaktatu, zeina izen, abizen ala goitizen zen ezin baitzen miatu. Nahitaezko ez zen gauzarik ez jakitea jakinduria handia zen. Inguratu nintzen soinu-ekipora, zerbaitetan laguntzeko disimulu entseiatuan, eta hura urduritasuna, errazegi baitzihoan dena.

Patioko harrabotsak min egiten zuen, ehunka labana tente, sumin, elkar zorrozten, mozten ari bailiran. Efektua bazitekeen izatea harrabotsaren gainetiko musika irritantearena ere. Nino Bravoren Te quiero, te quiero kanta zirudien, ez txarra berez, kartzelako patioetan akastu arte ipinia izan ez balitz. Bozgorailuek pertz maspilduak ziruditen; edo ziren, sukalde-lanak amaitu ondoko zoroaldietan, futbolean erabiliak izan ondoren. Jo, kon?o, erregearen burua ere ez baita! Ba, nik, bera balitz bezala! Patioko erresonantziarena ere izan zitekeen, kartzelan fenomeno naturalak asko alteratzen baitira.

«Kabestro» zein zen segurtu nuenean, pasaeran esan nion, izen adostua emanez:

Simut naiz. Alegia, neu naiz Simut.

2 zenbakiduna da erantzun zuen berak, esan balu bezala: zapata-kordela tarraz daroazu.

Bigarren baflea metro baten altuerako eszenatoki gainera deskargatu zutenean, funtzionario-aldra bati erreparatu nion galeria zentraleko harmailan, bokila-zigarroak ketan eta barreka, patio zabalerantz kon rmatzen bezala: Zer ondo portatzen ari den gaur gure kabroiteria! Eszenatoki inguruan, txakur nekatu bat nirudien, zeinak, usterik hezurra ehortzi ziotela, itxaroten baitzuen mami eta guzti atera ahalko zuela, bakarrik gelditutakoan.

2 zenbakidunik ez dakust esan nion «Kabestrori», eta honek erantzun:

Ez naiz bafleez ari. Teknikarien numerazioa da. Berak 1 zenbakia zeraman dortsalean, eta 3a eta 4a ere ikusiak nituen.

2a non dago? ahopetu nuen, eta atzera begiratzeko keinu egin zidan.

Bafletik murru kontrara bitartean, penitente itxurako gizaseme ez luze, nahiko argal, zurbil bati erreparatu nion, eta «Kabestrori» galdetu:

Nor da hori?

Ez al duzu ezagutzen?

Ez.

Entzuterik ere ez?

Izenen bat ematen ez badidazu...

Urtubi.

Urtubi apaiza?

Berbera.

Ostrafford!!

Nire urduritasuna txundimenak irentsi zuen. Entzutea banuen, baina ezagutza pertsonalik ez. Are gutxiago nuen pentsatua fisionomia hura izango zuenik. Eta gutxien, gure presondegiko patio zentralean agertuko zenik.

Teknikari moduan sartu naiz diost Urtubik ahopean.

Mostoleskotzat pasatzeko, mihia uzkian-da sartu beharko zinen ihardetsi diot.

Mututzat sartu naiz.

Mutu eta gor? Ezaugarri idealak soinu-teknikari batentzat!

Zamari ere egin behar du norbaitek. Badabil taldean nafar bat, Lakuntzatik ezabatu zena, Madrilerako asmoz. Mostolesen gelditu zen, Madril zelakoan, eta bere errakun- tza ez aitortzearren, bertan errotu zen.

Poza ematen du horren konplize dagarrien mende gaudela jakiteak.

Hemen begi harrapari asko dabil! dio «Kabestrok», bere garraioan gugana inguratuz. Ezin zarete hizketan luzatu.

Gai zentrala aipatu beharko da, ezta? ahopetu diot doi-doi entzuteko moduan, baina haize polarraren zorroztasun ebakorrean.

Kontrakorik esan ez bazaizu, baiezkoa den seinale «Kabestrok».

Baiezkoa, zerena? Ekarri al duzue...?

Mmm! baieztu du mutu erara.

Urgentea baitugu! berriz ere nik, neure ahots-dardara ezin menperatuz.

«Nisi videro» zuek ere? emulatzen du San Tomas haserretu bat.

Ez nintzen ausartu konkrezio gehiago eskatzen. Bere erreakzioaz damuturik-edo, «Kabestrok» mutu-irribarre ondo neurtuz azaldu zidan, begi harrapariak gain-gainean balitu bezala, guk ez genuela arduratu behar... ezertaz! «Zera» kartzela barruan zela, toki seguruan, eta seguru iritsiko zela behar zen tokira. «Zera» zen «zertxobait», Mostolesko soinu-ekipoak ba e baten barruan kartzelaratu behar zuena. Dagoeneko sartua behar zuena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna