Inazio Arregi

Euskarazko irratigintzaren aitzindari bat

Jesuita eta kazetaria, Loiolako Herri Irratiko zuzendaria eta EITBren irratietako administratzailea izan zen Arregi. Vatikano irratiko albistegietan hogei urtez egin zuen lan. 89 urterekin hil da, Loiolan.

JUANAN RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Zer esan bai, baina, batez ere, nola esan; irratian, mikro aurrean, gauzak nola esan. Formatan trebea zen Inazio Arregi (Oñati, Gipuzkoa, 1931), eta horretan irakaspen «oso onak» eman zizkien Loiolako Herri Irratian lanean ari ziren esatariei 1960ko eta 1970eko hamarkadetan. Hala baieztatu dute Joxe Mari Oterminek eta Joxe Mari Iriondok. Biek nabarmendu dute euskarazko irratigintzan «oso garrantzitsua» izan zela Arregiren ekarpena. Jesuita, Teologian eta Filosofian lizentziaduna, Italiako Bergamo hirian egin zituen komunikazio eta irratigintza ikasketak. Italian jasotako trebakuntza hura «abantaila handia» izan zen Loiolako Herri Irratian ari zirenentzat, Iriondoren arabera.

1965ean iritsi zen Arregi Loiolako Herri Irratira. «Lau urtez AM-n arituak ziren, eta ordurako bazituen entzule fidelak. FMrako aldaketa egin genuen guk», kontatu zion BERRIAri, 2011n. Irratiko zuzendariorde izendatu zuten, eta gero, zuzendari ere bai.

Txaro Arteaga Donostiako Herri Irratian ari zen lanean, eta gogoan du Loiolako jesuitek nola erosi zuten hiriburuko irratia. «Donostiako Herri Irratian euskarazko edukiak egon zitezen bultzatu zutenetako bat izan zen. Ekarpen handia egin zuten hark eta Loiolako Herri Irratian zeuden zuzendaritza taldekoek».

Ez hori bakarrik; Oterminen iritziz, «oso elkarrizketatzaile ona» zen Arregi. Elkarrizketa eta erreportajea ziren haren formatu kutunak. «Gainera, euskaraz egindako irrati moldeetan aitzindaria izan zen Arregi». Jesuitak irratiaz zuen definizioa laburbildu du Oterminek: «Istorio on bat badago eta ondo janzten badakigu, hori da irratia. Horrez gain, asko begiratzen zion ahotsari; asko begiratzen zion isiltasunari. Eta haren teoria zen ez dagoela inprobisaziorik, aldez aurretik lantzen ez baldin bada». Iriondok, ildo beretik, adierazi du edukietan baino gehiago «tankeratan» jartzen zuela begia Arregik.

Loiolako Herri Irratiko lanaren ostean, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Ramon Labaienek Eusko Irratia (EITBren irratien taldea) zuzentzeko proposatu zion. «Helburu nagusia herri osoari guztien zerbitzura egina zegoen irrati publiko bat eskaintzea zen», azaldu zuen Arregik BERRIAn. 1982tik 1985era arte aritu zen karguan. Otermin Euskadi Irratiaren lehen pausoak gidatzen ari zen Donostian, eta adierazi du Arregiren ekarpena jarraitzen saiatu zirela. «Bere eskolak asko balio izan zigun, irratiak sortzerakoan eta ahotsak aukeratzerakoan».

Vatikanotik deia, 1986an

Arregik ez zituen inoiz albo batera utzi erlijio eta fede kontuak. Deustun (Bilbo) bizi izan zen azkeneko urteetan, eta Loiolan (Gipuzkoa) pasatu ditu azkeneko asteak, heriotza gertu zuela jakitun.

Kazetari gisa erretiroa hartu aurreko hogei urteak Vatikanoko irratian egin zituen —1986tik 2006ra—. Albistegiak zuzendu zituen, eta beste kargu batzuk ere bete zituen irratian. Gainera, Euskadi Irratirako berriemaile aritu zen Erroman, eta TVEk Vatikanoko mezak ematen zituenean, harena zen emankizunen ahotsa.

Vatikanoko irratian lanean aritu zen urte horietan guztietan, Erroman bizi izan zen. «Oso tristea da Vatikanoan bizitzea. Suitzako guardiak kontrolak dituzte une oro, eta gauez kanpora joaten bazara, komeriak izaten dira gero itzultzean», kontatu zion BERRIAri.

Hango lanetik erretiratu zenean, jarraitu zuen Vatikanoarekin harremanak izaten. Iriondok aipatu du Erromako eta Vatikanoarekin lotutako informazio asko bidaltzen zizkiela azkeneko urteetan, Whatsapp bidez —teknologia berrietan eta sare sozialetan aritzen zen—. Iriondok azaldu duenez, gainera, harreman ona zuen gaur egungo aita santuarekin. «Sentimendu bereziak zituen Frantzisko I.arekiko, eta ez soilik lagundi berekoa zuelako».

Beste jesuita batek, Txema Auzmendik, aipatu du Arregi «oso umore onekoa» eta «tratu errazekoa» zela, «gertukoa». Arteagak pertsona «berezitzat» jo du, zentzu onean: «Oso ondo portatu zen nirekin».

2010ean, Eta orain, zer? Gure urte haiek (1931-2009) liburu autobiografikoa idatzi zuen Arregik.Bere bizitzako hiru esparru «bereizi ezinak» uztartu zituen: apaiz jesuitaren bizipenak, euskaldun izatea, eta irratian egindako lana. Auzmendiren arabera, Arregik uste zuen merezi zuela euskara eta euskal kultura bultzatzea.

Aitortza bat iritsi zitzaion bizirik zela: Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko ohorezko aipamena egin zioten, 2011n. Lehendik, Ondas sari bat jasoa zuen, 1970eko hamarkadan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.