Juan Ignacio Cirac. Fisikaria

«Ordenagailu kuantiko batekin kalkuluak egitean aldea sumatuko litzateke»

1 MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS, ESKUBID.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2014ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Fisika kuantikoan iraultza eragin dezakeen aurkikuntza bat egin du Juan Ignacio Cirac fisikariak (Manresa, Herrialde Katalanak, 1965). Ordenagailu kuantiko bat egiteko eman beharreko pausoak zehaztu zituen, baina horiek sortzeko materialik ez dago.

Zein ezberdintasun dago ordenagailu kuantiko eta ohiko baten artean?

Lege ezberdinen arabera funtzionatzen dute; fisika kuantikoaren legeak dira, hain zuzen ere. Horien bidez, ezinezkoak diruditen gauzak egiteko gai dira elementuak. Saiatzen ari gara lege hauen mundua ulertzen atomo eta molekuletatik abiatuta. Behin hori menperatuta, informazioa era berezi batean prozesatzeko gai izango ginateke. Ordenagailu arruntekin egin ezingo ziren kalkuluak egingo genituzke.

Esaterako?

Kalkulu handiak batez ere. Herritarrek, oro har, mezu elektroniko bati erantzuteko ez dute behar halako ordenagailu handirik, baina beste batzuek bai. Materialen diseinuan edo sendagaiak lantzen ibiltzen diren profesionalen artean eragin handia izango luke.

Non eragingo luke iraultza?

Kalkulatzeko moduan. Horrek agian gizartean ez du zuzeneko eragina, baina bai zeharkakoa. Ordenagailu hobeak badaude, material gogorragoak, sendagai hobeak eta argindarra garraiatzeko produktu egokiagoak egon daitezke eta.

Oraindik halako ordenagailurik ez da egin, ordea.

Ez, baina lehen prototipo txikiak baditugu erakusten dutenak funtzionatu behar duela. Baina horiek handiago egin beharko dira behar diren kalkuluak egin ahal izateko. Horretarako denbora asko beharko da, ordea.

Zenbaterainoko potentzia izango dute?

Badira kalkuluak ordenagailu kuantikoetan segundo batzuetan egin daitezkeenak, eta egungo superordenagailu handi guztiek batera milioika urte beharko lituzkete horiek egiteko. Kalkulu batzuetan sekulako aldea egon liteke.

Enkriptaziorako ere hobea izan liteke, ala?

Mezuak enkriptatzeko beste era bat izango litzateke, eta askoz seguruagoa, bai, leku batean agertzen zena bestean azalduko delako tarteko biderik gabe. Ezinezkoa izango litzateke deszifratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.