LIBURU AURRERAPENA

Bidean ikasia

Emakume talde batek alardean parte hartzea eskatu zuen, lehen aldiz, 1993an. Ondorengo historia gogor eta aldi berean ederra kontatu du Arantxa Urretabizkaiak, «artefaktu literario» moduan definitu duen 'Bidean ikasia' liburuan. Hona liburuko bi testu.
XABIER IDOATE / EZEZAGUNA

Berria -

2016ko azaroak 20
Ordura arte beldurrak ez zuen adierazpen fisiko nabarmenik niretzat. Gaixotasunari beldurra, pobreziari, lana galtzeari, zahartzaroari. Arimaren uzkurdura zen, aise aiena zitekeen hotzikara. Bai, batzuetan uxatutakoa itzuli egiten zen, temati, beste adiskide batzuk eskutik helduta, baina ez zion luzaroan eusten erasoari. Ez zen, beraz, benetako beldurra, beldur garela ulertu baino lehen gorputzak erreakzionatzen duelako eta aldez aurretik bizitutako egoeretan gorputza mutu gelditu izan zelako.

Alardearekin ikasi zuen nire gorputzak zer zen benetako beldurra, gorputzari ere eragiten diona. Ez naiz beldurtia. Are gehiago, egoera askotan nirekin daudenek nik baino beldur handiagoa sumatzen dute. Gogoan dut, gaztetan, frankismoaren garaiko manifestaldietan, grisak atzetik korrika genituenean, batzuetan, ihes egin beharrean, buelta eman eta grisengana abiatzen nintzela, mantso, paseoan nola. Ekar dezaket gogora behin Gasteizen ospatzen genuen Aberri Egun klandestino batean grisak nigandik metro gutxira zeudela, erakusleiho baten aurrean gelditu nintzela, finko, Dato kalean, dendak erakusten zuenak nire arreta guztiz bilduko balu bezala. Etxeetatik hurbilen zegoen poliziak bere ibilbidea desbideratu zuen, nirekin topo ez egiteko eta han jarraitu zuten manifestarien bila. Norantza hartan begiratu nuenean, oraindik erakusleihoaren kristalaren aurrean, sekula ikusi gabekoa ikusi nuen, grisen tropelaren bizkarra.

Beldur fisikoak bihotzaren abiada bizkortzen du, belarrietan entzuten dituzu haren taupadak, arnasa egiteko airea falta zaizula sumatzen duzu, ahoa eta eztarria liz-paper bihurtzen zaizkizu eta, trukean, izerditzen zaizu kopeta eta are eskuak, nahasten zaizu sabela. Gorputza ihes egiteko edo arriskuari aurre egiteko prestatzen da, kobazuloetan bizi ziren arbasoen garaian bezalaxe. Arriskuak eragindako beldur mota hori gainditu izan ez bagenu, ez ginatekeen kobazuloetatik aterako.

Beldurrak harrapatzen zaituen bitartean danborra jotzen ari bazara, aldapa gora, Kale Nagusiaren atarian, ilarak zaintzen, pausoa gainerakoekin parekatzen, aurpegian irribarre bat fabrikatzen, pentsa dezakezu bihotzaren taupada bizkorrak danborraren oihartzun direla, azken batean danborrak («partxe» esaten diogu nik jo izan dudan danborrari) konpainiaren bihotz taupadak direlako. Pentsa dezakezu bero egiten duela goizeko lehen ordutan txaketa beltzaren barruan, eguzkiak izerditzen dizula kopeta eta lehortzen eztarria. Aitzakia korapilatsuagoak asmatzen ditugu geure buruarentzat.

Halako batean, ordea, ulertzen duzu beldurra dela sintoma guztien iturburu, beldur zarela, ez bero edo egarriz. Bi aukera dituzu orduan, ihes egin ala aurrera jarraitu. Beldur naiz, baina beldurrak ez nau menderatuko, ez du neronek hartu behar dudan erabakia hartuko. Ni naiz agintzen duena, ez nire beldurra.

Eta aurrera jarraitzen duzu, beldur eta guzti, danborraren erritmoa galdu gabe, ilarak zainduz, pausoa zuzen emanez, aurpegiko giharrak irribarre egitera behartuz, burua tente, ez dezaten espaloietatik oihuka ari direnek beldurra antzeman. Danborra, ilarak, pausoa, burua, irribarrea eta, berriz, letaniaren hasierara. Pentsatzen duzu txikitan entzundakoa egia balitz, laster izango zenituzkeela inguruan herriko txakur guztiak zuri zaunka eginez, beldurraren usainak erakarrita.

Zeren beldur? Kolpeen beldur, baina, batez ere, garrasika adierazten den gorrotoaren beldur.

Beldur naiz, baina, halere, aurrera egiten dut. Ez du balio esateak ez dela beldurrik izan behar. Ez beldurrik izan, laztana. Esan behar da baietz, beldur zarela, guztiz, gorputz osoa asaldatzen dizula beldurrak, baina, aldi berean, gauza asko egin daitekeela beldur eta guzti. Nahi baduzu, noski.

Geroztik ez nau beldurrak beldurtzen.

* * *

Dendariaren txostenak nabarmentzen duen bigarren kasua, bi zenbakia daramana, ez da lehena bezain zehatza. Xehetasun gutxiago eta hausnarketa gehiago. Seguru aski, biltzen den informazioa ez datorrelako iturburu bakarretik eta, gainera, kontakizunaren mamia bera kontraesankorra delako. Norabide batean hasten da eta kontrakoan bukatu.

Bigarren kasu honetako protagonista neska bat da. Txostenak ezer gutxi kontatzen digu neskaren familiari buruz, aita Jaizkibeleko kide dela ia-ia hasieratik, hori da kontatzen zaigun guztia. Ama ez da aipatu ere egiten.

Txostenaren arabera, neskak aitaren jarrera aitzakiatzat hartuta eskolan jasotako lehen erasoak ohikoak izan ziren, ez beste inorenak baino larriagoak. Azken batean, gizonei askatasun gehiago onartzen zaie, ez dira emakumeak bezain ehizaki xamurra erasotzaileentzat.

Gabonetan eman omen zion neskak buelta egoerari. Txostenak kontatzen digu oporretatik ikastetxera itzuli bezain laster, negu gorrian, neskak pankarta bat zabaldu zuela jolastokian. Lotu omen zuen alde bat zuhaitz batera eta beste ertza eskuetan zuela plazaratu omen zuen mezua. Maindire zuri batean letra beltzek aldarrikatzen zuten «Betiko Alardea», lehen hitza azpimarratua zegoelarik. Guztia garbi gera zedin, lelo bera oihukatu zuen neskak. «Betiko Alardea, Betiko Alardea.» Lau kolpetan: be/tiko/alarde/a.

Hirugarren egunean ordu berean gauza bera egiten ari zela elkartu zitzaion beste norbait, gero hirugarren bat. Hiru neska pankartak zioena oihukatzen urtarrileko goiz ilun batean, eskola publiko baten patioan.

Lehen kasuan ez bezala, bi zenbakia daraman atal honetan dendaria gertatutakoaren arrazoiak ulertzen saiatu da. Zalantzak ditu, lehen kasuan adierazi ez zituen kezkak. Agian dendariak neska ezagutzen zuelako, agian neskak dendariak sekula izan ez duen ausardia frogatu duelako. Dendariak badaki ez duela aitaren ondoan Alardearen inguruan izan zuen amets hura bete, ez beteko. Zalantzak eta kezkak ditu dendariak.

Txostenak kontatzen digu neska gelako liderretako bat bilakatu zela pankarta hura zabaldu zuenetik. Txostenaren zati hau ere bi kolorez idatzia dago, baina, beste zatietan ez bezala, hemen hausnarketak kolore bat du, eta datu edo gertakari zehatzek beste bat.

Izan dezagun kontuan txostena gauez idatzia dagoela hasi eta buka, dendan hamar orduz zutik jardun ondoren. Pentsa dezakegu nekatuta helduko zela dendaria etxera gauero, seguru aski zangoak gora jartzeko premiaz. Eta, halere, txostena osatzen ematen zituen orduak eta orduak. Pentsa dezakegu, era berean, askotan informaziorik gabe helduko zela etxera, agian ñabardura soil batekin. Agian egun hartan bezeroek Belen Esteban izango zuten hizpide edo udalaren zerga gosea. Dirudienez, informaziorik gabeko egun horietan dendariak aldez aurretik idatzitakoa berraztertzen zuen, han eta hemen, hortik idatzitakoaren kolore desberdinak.

Bitartean, bigarren zenbakia daraman neskak eta dendariak berean jarraitzen zuten negu eta udaberri, Alardearen bueltan. Ikasturtea bukatu baino lehen neskak beste pankarta bat egin omen zuen, lelo bera zapi txikiago batean eta makila bana ertzetan. Bi lagunen artean altxatu zuten pankarta eta egin zuten manifestaldi bat ikastetxeko patioan, atzetik neska ugari eta mutil batzuk zituztela. «Betiko Alardea, Betiko Alardea.»

Ez digu txostenak irakasleen erantzunari buruz ezer esaten, ezta neskaren gurasoei buruz ere. Auskalo non antzemandako aipuarekin bukatzen da atala: «Ez bazara zure etsaia menderatzeko gauza, batu zaitez harekin».

Dendariak, bigarren zenbakia zeraman kasuaren bukaerarako, argitu zituen neskaren jokaerak sortzen zizkion zalantzak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna