Hezkuntza. PISA azterketa

Irakasleen formakuntza egokitu nahi du Uriartek, PISAren emaitza gogoan

Irakasle ikasketak egiteko sarbideko azterketa bat jartzeko asmoa du Jaurlaritzak. Irakasteko modua aldatzea eta ulermena lantzea ere aipatu ditu PISAren emaitza kaskarrei aurre egiteko neurrien artean

Irakasleen formakuntza egokitu nahi du Uriartek, PISAren emaitza gogoan.
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Emaitza eskasagoak izan dira azken PISA azterketan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horri erantzuteko neurriak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Arreta berezia jarri du irakasleen prestakuntzan, irakasteko moduetan eta ikasleen ulermenean. Ikasleak konpetentzietan heztea ezinbestekoa dela ohartarazi du Hezkuntza Sailak, eta irakasleek gai izan behar dutela horretarako. «Paradigma aldaketa» horretarako prestakuntza iragarri dute, horrenbestez. Eta aldaketa handiago bat ere bai: unibertsitateekin hizketan hasi dira irakasle izateko ikasketetan sarbideko proba bat ezar dezaten.

Joan den abenduan plazaratu zituzten PISA azterketaren emaitzak. Lehenbiziko datuak dira: ranking baten eran, herrialdekako emaitzak aurkezten dituzte. Nafarroan aurrerapausoak agertu dira —zientzietan jaitsiera txiki bat izan da—, baina zenbakiek behera egin dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aztertutako hiru alorretan kaskartu dira zenbakiak: zientzietan, matematikan eta irakurketan. Areago, 2003an PISA lehen aldiz egin zutenetik izandako emaitzarik txarrenak dira matematikan eta zientzietan.

Datu horiek guztiak tentuz aztertu behar direla adierazi zuen atzo Cristina Uriarte sailburuak. Eusko Legebiltzarrean eman zituen azalpenak. Zenbaki eta grafiko ugari aurkeztu zituen, azterketa batetik bestera izan diren gorabeherak sakon aztertzeko. Besteak beste, ohartarazi du azken PISAn, lehen aldiz, ordenagailuen bidez egin zituztela azterketak, eta horrek ere eragina duela emaitzetan. Bestetik, ikasleen ISEK indize sozioekonomiko eta kulturala jaitsi egin dela aurreko proben aldean, eta horrek ere eragiten duela. ISEK orokorra jaitsi da, eta orain ere diferentzia handia dago itunpeko sarearen eta publikoaren artean: sare publikoan nabarmen baxuagoa da indize sozioekonomiko eta kulturala.

PISAn izandako beherakadak eragin du kezka, baina egia da ez dela lehen jaitsiera. Orain urtebete, martxoan, Ebaluazio Diagnostikoa aurkeztu zuen ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak, eta jaitsierak agertu ziren han ere —euskararen arloan, gainera, ebaluazioa egiten dutenetik izandako datu eskasenak—.

Irakasteko beste era bat

Uriartek adierazi du Europako Batasuneko helburuei dagokienez ondo dagoela hezkuntza sistema, eta kanpoko ebaluazioek—PISAk eta Ebaluazio Diagnostikoak— dakartela «sakontasunez eztabaidatzea». PISAren emaitzek Hezkuntza Sailean «nolabaiteko ezinegona» eragin dutela aitortu du, baina arinkeriaz ez aritzeko eskatu du: «Ez gaitezen erori gure hezkuntza sistemaren analisi bidegabe eta irreal batean». Neurri batzuk 2015eko PISA egin ondoren martxan jarri zituztela gogorarazi du Uriartek: zientzietarako ordu gehiago daudela orain eta hobekuntza plan bat aurkeztu zutela joan den urtearen hasieran.

Orain iragarritako aldaketetan, irakaskuntza bideetan egin dute indar. Denbora da konpetentzietan oinarritutako heziketaz hizketan ari direla —PISAn ere halako konpetentzia batzuk aztertzen dituzte—: abileziak garatu behar dituztela ikasleek. Hori martxan jartzeko hutsune bat badagoela aitortu du Uriartek: «Curriculum berriek badute konpetentzietan oinarrituriko ikuspegia, baina irakasleriak barneratu behar du horrek zer aldaketa pedagogiko dakarren: akademizismoa utzi, eta azalpenezko pedagogiatik ikertzaileagora pasatzea, ikaslearen ikasketa aktiboa nagusi delarik». Ikasgelan esku hartzeko eta konpetentziak garatzeko formakuntzan jarriko dute «lehentasuna».

Horretarako neurrien artean, «ikastetxe berritzaileen sareak» sortu nahi dituzte hiru konpetentzia giltzarrietan: matematika, zientziak eta hizkuntza komunikazioa. Bakoitzarekin, sare bana. Matematikan, esate baterako, haren «alderdi soziala» bultzatu nahi dute; zientzietan, umetatik lantzea. «Oso garrantzitsua da haurrek oso adin goiztiarretatik ikastea galderak egiten, ikertzen eta esperimentatzen». Eta gaitasun digitalak: hutsuneak konpontzea. «Ikasgelan baliabide digitalak benetan erabiltzera» bideratu nahi dute prestakuntza. Konpetentziak ebaluatzen jakiteko premia ere nabaritu du sailak.

Irakasleen formazioa

Irakasleen prestakuntzarekin lotuak daude, hain justu ere, neurri proposamen gehiago. Ikastetxeetan jasotako iritzien arabera, zuzendaritza taldeek sumatzen dute «defizitak eta formakuntza beharrak» dituztela maisu-maistrek: «heziketa eta esperientzia» luzea, bai, badutela, baina heziketa gehiago behar dutela «paradigma aldaketa» ikusita. Konpetentzietan oinarritutako heziketan aritzeko formakuntza, alegia.

Unibertsitatean dago aldaketa handiena: irakasle ikasten hasteko sarbide proba bat jartzea. Unibertsitateekin gaiaz hitz egiten ari direla jakinarazi du Uriartek. Espainian eztabaida izan zen orain urtebete pasa, Jose Antonio Marina pedagogoaren eskutik; Hezkuntza Ministerioak txosten bat eskatu zion irakasle lanaz, eta sarbideaz aritu zen, besteak beste. Hauxe esan zion BERRIAri: «Asko irakasle ikasten hasten dira ez dutelako beste ezer ikasteko notarik». Lanbidera «onenak» erakarri behar zirela ohartarazi zuen. Sarbide notari dagokionez, EHU Euskal Herriko Unibertsitatean ez dira sarbide nota baxueneko karrerak: 7,5etik gora Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Sarbide proba berezirik ez dago; beste gradu batzuetan, bai —kirol zientzietan eta itzulpengintzan—.

Oposizioak kritika egin dio sailburuari, ardura irakasleen bizkar utzi nahian ari delakoan. «Irakasleen gain jarri nahi duzue ardura, arreta desbideratu. Baliabideak behar dituzte irakasleek», erantzun du, adibidez, EH Bilduko ordezkari Rebeka Uberak. PPko parlamentari Juana Bengoetxeak, bide beretik: «Irakasleek ez dute suspentso atera, baizik eta ereduak». Salaketa horiek ukatu egin ditu Uriartek: «Ez da inori errua botatzeko; ez dugu esan irakasleen errua dela. Diogu indarra non jarri beharra dagoen». Irakasleekin lotuta, haien egonkortasuna handitu behar dela ere nabarmendu du Jaurlaritzak, eta haien lana aitortu egin behar dela.

Ulermena lantzeko

Emaitzak hobetzeko beste lan ardatz bat ere ezarri dute: ulermena areagotzeko neurriak. Hezkuntza Sailaren esanetan, alor horretan lan egitea ez dagokie soilik hizkuntza esparruko ikasgaiei, denei baizik. Hori oinarri hartuta, beste neurri bat iragarri du Uriartek: irakurketa plan bat izan beharko du ikastetxe bakoitzak. Eskolako hezkuntza proiektuan sartu beharko dute, eta eleaniztasun planarekin ere lotuta egongo da. Irakurmen arloan egoera soziolinguistikoa ere aintzat hartu behar dela esan du Uriartek: «Kontuan izan behar da euskal gizartearen elebitasun desorekatua, eta, beraz, hizkuntzen irakaskuntza era integralean planteatu beharra».

Lehenbiziko neurriak izan dira atzo iragarritakoak. Eragileekin eta eskolekin hitz egiten ari direla adierazi du Uriartek, eta «diagnostiko xeheagoa» egingo dutela. Neurri gehiago proposatzeko aukera ere mahai gainean ipini du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.