Christian Allard. SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko eurodiputatua

«Erreferenduma 'brexit'-erako trantsizio aldian egin behar da»

Diputatu eskoziarra ziur da Johnsonek beste independentzia erreferendum bat onartu beharko duela azkenean Eskozian. «Zenbat eta lehenago baietz esan, orduan eta hobeto Johnsonentzat».

GORKA BERASATEGI OTAMENDI.
Gorka Berasategi Otamendi.
Estrasburgo Berriemaile berezia
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroari ezezkoa eman dion egun berean —hilaren 14an— elkarrizketatu du BERRIAk Christian Allard (Dijon, Frantzia, 1964) SNPko eurodiputatua. Johnsonek uko egin dioEskoziak beste independentzia erreferendum bat, bigarrena, antolatzeari. Aste honetakoa azken osoko bilkura izan da SNPko kideentzat europarlamentuan; «itzultzen garen arte». Erresuma Batuko ordezkariek utziko dituzten aulkiak estatu kideen artean banatuko dituztenez, aulki horietako bat hartuko du Eskozian erbestean den Clara Ponsati Kataluniako kontseilari ohiak. «Ezin zen era hobean gertatu. Ezagutzen dut, eta emakume bikaina da».

Johnsonek ez du onartu beste erreferendum bat egiteko Sturgeonek egin dion eskaria. Kezkagarria da?

David Cameronek lehen ministro zenean ere ez zuen akordiorik nahi, baina sen onari jarraitu behar izan zion, garai politikoa ere aintzat hartu behar izan zuelako, eta akordioa onartu zuen. Gauza bera gertatuko zaio Johnsoni. Sen onari erantzun beharko dio presio politikoaren ondorioz.

Zer dio sen onak?

Gogoratu Johnsonek esan zuena: «[Europako] Batasuna ezin da kartzela izan». Oso zaila da orain esatea Eskoziak ez duela eskubiderik erabakitzeko zer egin nahi duen. Azken hamabi urteetan hauteskunde guztiak irabazi ditugu. 2016an, manifestu bat onartu genuen, eta bertan jaso zen Eskozia bere nahiaren kontra EBtik kanpora irteten bada bigarren independentzia erreferenduma egin beharko dela. Horrek guztiak eskoziarren babesa jaso du. Azken bozetan, Eskoziako eserlekuen %80 eskuratu ditugu Westminsterren. Eskoziarren nahia oso argia da.

Londresek dio beste belaunaldi bat igaro behar dela beste erreferendum batera deitzeko.

Hori ez da sekula idatzi. Idatziz jasota dago, berriz, eskoziarrek beste erreferendum batera dei dezaketela hala egin nahi dutenean. Hori oso argi gelditu zen Smith Batzordean, eta Eskoziako alderdi guztiek eta Erresuma Batuko eta Eskoziako gobernuek onartu zuten.

Zer urrats egin ditzakete Eskoziako erakundeek Londresek jarrera alda dezan?

Erakundeetan egin beharreko bidea egina dago jada. Eskoziako Parlamentuak independentzia erreferenduma egiteko lege proiektua onartu du. Orain akordio politiko bat behar da Sturgeonen eta Johnsonen artean. Ongi ezagutzen dut Nicola Sturgeon. Nik haren aldeko apustua egiten dut. Johnsonek iritziz aldatzen du etengabe; ez dut uste gai izango denik Eskoziako herriaren borondatearen kontra eusteko.

Baina hori gertatu arte...

Jakin arte, ez dakigu. Brexit-arekin gertatzen den gauza bera da. Ez genekien brexit-a gertatuko zen ala ez. Hiru urte pasatu dira bozkatu zenetik Erresuma Batuko parlamentuak onartu duen arte, eta, hala ere, ba al dakigu noiz gertatuko den? Ez daukagu ideiarik ere.

Nola egin diezaioke presio independentismoak Johnsoni?

Hirugarren alderdia gara Westminsterren. Gu gara oposizio erreala. Alderdi Laborista ez da oposizioa egiten ari orain, krisi handia baitu alderdiaren lidergoarekin. Liberal-demokratak gutxi batzuk dira. Gu 47 kide gara. Beraz, Johnsonek Eskoziaren aldarria entzungo du. Zerbait egin nahi badu, erraza da: David Cameronek egin zuen gauza bera egin behar du.

Londresek ezezkoari zenbat eta gehiago eutsi, independentismoa orduan eta gehiago haziko dela uste duzu?

Bai, automatikoki; eta Johnsonek badaki hori. Ezetz esatea ez da ideia hona. Lortuko duen bakarra da egoera jasangaitza bihurtzea. Zenbat eta lehenago baietz esan, orduan eta hobeto Johnsonentzat.

Erreferenduma 2020an egitea posible izango al da?

Hori da gure lehen ministroak proposatu duena. 2020ko bigarren erdian egitea. Oso garrantzitsua da oraindik ere brexit-erako trantsizio aldian gaudenean egitea, Eskoziak Europako Batasunean jarraitzea nahi dugulako.

Hori ala izan dadin, akordioak hurrengo hilabeteetan beharko luke.

Ez naiz Boris Johnson eta ez naiz Nicola Sturgeon, baina bilduko dira, eta orduan izango da unea erabakitzeko nola lortzen dugun akordio bat.

Brexit-erako trantsizioa otsailaren 1ean hasiko da. Zer eragin izango du?

Hasieraren hasiera izango da. Brexit-a gauzatzeak oso luze jo dezake. Johnsonek dio urtebete hartuko duela soilik, baina Johnsonek gauza asko esaten ditu. Hemendik hilabete batzuetara edo urtebetera kontrakoa esango du. Berdin Eskoziarekin ere. Aldaketak independentziaren aldeko kanpainarekin hasten garenean ikusiko dira. Hala gertatu zen 2013an: %30ean hasi ginen, eta %45ean amaitu genuen. Gauza bera gertatuko da oraingoan. Kontua ez baita soilik Erresuma Batuak EB utziko duela, Johnsonek sortzen duen gaitzespena ere nabarmena da.

Kataluniako independentzia prozesuak eragiten al dio Eskoziakoari?

Auzi desberdinak dira. Eskozia ez da Katalunia, Londres ez da Madril. Historia, eragile eta arazo desberdinak dituzte, antzekotasunak ere badituzten arren.

Oriol Junqueras kartzelan dago autodeterminazio erreferendum bat antolatzeagatik.

Haren izena hemiziklora sartzeko sinatzen den zerrendan dago. Berdeak/EAL taldeko presidenteorde hautatu dugu, eta europarlamentuko laugarren taldea gara. Junquerasek aske egon behar du dagokion aulkia hartzeko. Ez da Kataluniari buruzko auzia soilik; demokrazia kontua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.