Migrazioa. Kolektibo bereziak. Bruno Martinez. Sexu hezitzailea eta terapeuta

«Desirak bideratu nahi dizkiete, eta desagertzea lortzen dute»

Martinez LGTBI kolektiboko errefuxiatuekin aritzen da lanean. Bidaian izaten dituzten arriskuak eta iritsi osteko bizi baldintzak nolakoak diren azaldu du; izan ere, etsi-etsian datoz.
MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Zihara Jainaga Larrinaga -

2018ko abuztuak 31

«Migratzaile» esan, eta gehienei gizon heterosexual bat etortzen zaie burura. Baina beste zenbait kolektibotako pertsonek ere ekiten diote bidaiari, sorterria atzean utzita. Bruno Martinez sexologoak (Bilbo, 1979) emakumeak eta LGTBI kolektiboko pertsonak artatzen ditu. Gutxiengo horrek pairatu behar dituzten egoerez egin du berba.

LGTBI kolektiboko pertsonekin lan egiten duzu. Noiz hasi zineten kolektibo horretako migratzaileak artatzen?

Espainiako estatuan, eta Europan, oro har, LGTBI kolektiboko errefuxiatuak duela hainbat urte hasi ziren iristen; ohikoak dira. Baina, azkenaldian, Siriako gatazkatik datozen pertsonen etorrera nabarmentzen ari da.

Bideari ekiten dioten gehienak gizonezkoak dira. Zerk bultzatzen ditu LGTBI kolektiboko kideak migratzera ?

LGTBI kolektiboko pertsonekin ere gizon gehiago ikusten ari gara emakumeak baino. Eta horrek badu azalpen bat: gure gizartean ere, lesbianen ikusezintasuna oso handia da gaur egun; hau da, andre lesbianetan baino gehiago pentsatzen dugu gizon homosexualetan. Eta, homosexualen kolektiboarentzako baldintzak oro har gogorragoak diren tokietan, ikusezintasun hori are handiagoa da. Hein batean, gizon homosexual bat arrisku handiagoan dago, nabariagoa delako.

Gero eta ohikoagoak dira eraso eta gehiegikeria sexualen lekukotasunak. Zer kontatzen dute horren inguruan?

Denetarik. Siriako gatazkatik datorren jendeak, adibidez, bizia arriskuan jartzen duten erasoak kontatzen ditu. Baita Latinoamerikatik datozenek ere, nahiz eta herrialde horiek lege aurrerakoiagoak dituzten. Alde nagusiena erasoaren ikusgarritasuna da, baina istorio izugarriak bizi dituzte errefuxiatu guztiek eta LGTBI diasporan daudenek.

Zer baldintzatan iristen dira?

Baldintza izugarrietan. Halaber, askotan laguntza psikologikoa behar izaten dute. Oro har, kalte handiarekin datorren jendea da. Etsi-etsian datoz, eta batez ere hor nabaritzen da zer arriskuri aurre egin behar dieten bidaian. Zenbait herrialdetan, nahiz eta legezko izan LGTBI izatea, eguneroko baldintzak hain dira izugarriak eta arriskutsuak, askotan jendea handik atera behar baita. Eta berdin zaie nola iritsi; dauden tokietatik irten eta iristea da beraien helburua.

Zer estrategia erabiltzen dituzte babesteko?

Hona iritsitakoan, Gurutze Gorriak artatzea izaten da ohikoena. Bertatik, elkarteetara bideratzen dituzte, eta beharrezko baliabideak eskaintzen zaizkie. Baina badaude kalean bizi direnen kasuak ere. Nik, esaterako, Albaniako mutil baten kasua ezagutu nuen; bortizkeria handiko egoera batetik zetorren, eta kalean bizi behar ez izateko baliabideak bilatzen lagundu genion, baina ez genuen lortu. Horrelako jendeak, azkenean, lekurik aurkitu ez, eta ihes egiten du.

Zer eragin dute abusuek haien sexualitatean?

Denetarik aurkitu izan dugu: hasi norbere buruarekiko benetako homofobia arazoak dituzten pertsonekin, eta buka desiratzeko gaitasuna desagertu zaienekin. Zapalkuntza handia sentitzen dute. Are gehiago, batzuentzat desiratzea mingarria ere izaten da. LGTBIfoboek haien desirak bideratu nahi dituzte, baina hori ezinezkoa da, eta azkenean desira desagertzea lortzen dute. Eta desira gizakiaren oinarrizko zerbait da, berreskuratzen zaila.

Zenbat berreskuratzen dira?

Zenbat pertsona baino, zenbat denbora behar izaten duten da garrantzitsua. Oso prozesu luzeak izaten baitira.

Andrazkoek bide berdina egiten dute, baina emakumeak dira. Zein eragin du horrek?

Siria edo Ekialde Hurbiletik datozen errefuxiatuentzat, adibidez, alde nabarmenena eraso sexisten arriskuan ageri da. Prozesu hauetan guztietan eraso sexistak daude, eta gizon bati ez zaio burutik pasatu ere egiten horrelakorik gertatu ahal zaionik. Baina, emakume bat horretaz jabetzen da prozesu hau hasten den lehen momentutik. Hortaz, ez da gauza bera gizona edo emakumea izatea, ezin dira ikuspuntu berdinetik abiatu. Prozesuaren ikuspuntu sexualei dagokienez, emakume batek arrisku eta zailtasun jakin batzuei aurre egin behar izango die, eta gizonak beste batzuei.

Emakume migranteak ahulak diren ustea zabalduta dago gure gizartean. Nolakoak dira egiazki? Erresilienteak al dira?

Uste duguna baino erresilienteagoak dira. Ez balira, ez lukete lortuko joaten diren tokietatik joatea eta egiten dituzten bidaietako baldintzak jasatea. Are gehiago, hemen bizi beharrekoak ere hain dira gogorrak, ezingo bailukete bizirik iraun erresiliente izan gabe.

Sexualitatearen zer kontzeptu dute emakume migranteek?

Emakume batzuek kontzeptuak nahasita dituzte , eta, nahiz eta sekula ez aurre egin izan beraien sexualitateari, barne arazo larriak dituzte. Sexualitatea ikusteko era kritikoa dutenekin ere aurkitu izan naiz, baina pluraltasun handia dago. Kontuan izan behar da tradizioak pisu handia duela; tradizio batzuek besteek baino gehiago. Horregatik, batzuetan nahasmen egoeran dauden emakume batzuk aurkitzen ditugu. Emakume horiek modu irekian eta arazorik gabe bizi nahi dute beraien sexualitatea, baina tradizioak ez die uzten, eta batzuetan behartuta daude aurkako sexuko pertsonekin ezkontzera. Alde horretatik, pluraltasun handia dago, eta ez da erraza arau bat ezartzea.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

COVID-19aren jarraipen batzordea, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, atzo Gasteizen. ©JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE

Pandemia osoan izan den kopururik handiena zenbatu dute Bizkaian: 402

Olatz Esteban Ezkati

Hego Euskal Herrian 651 positibo izan dira. Hamasei egoiliar eta 36 langile kutsaturik daude Bizkaiko zahar etxeetan. Eusko Jaurlaritzak ez du baztertzen osasun larrialdia berrezartzea

Nekane Murga Osasun sailburua, atzoko agerraldian. ©Miguel Toña / EFE

Etxeratze agindua, zalantzazko muga

Irati Urdalleta Lete

Eusko Jaurlaritzak etxeratze agindua izan du hizpide; hau da, herritarrei eskubidea kentzea ordu jakin batetik aurrera kalean ibiltzeko. Adituek ez dute argi horretarako eskumenik ba ote duen.

Emakume bat, elikagaiak kalean saltzen, Quiton, Ekuadorko hiriburuan. ©JOSE JACOME / EFE

Birusari, errenta unibertsala

Cecilia Valdez

Koronabirusaren pandemiak pobrezia hedatu eta desberdinkeria areagotu duela ikusita, Latinoamerikako zenbait herrialdetan oinarrizko errenta unibertsala eta haren gisako neurriak ari dira aztertzen. Errentarentzako dirua nondik bildu, horixe da erronkarik handienetako bat.

Donibane Lohizuneko plaza, konfinamendu denboran ©Bob Edme

Donibane Lohizuneko ostatu bat hetsi dute

Ekaitz Etxamendi

Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeturak erabaki du Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Le Miam ostatuaren hestea bost egunez, zigor gisa. Neurria beterik, gaur ireki dute berriro.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna