Jose Antonio Martin Pallin. Espainiako Auzitegi Goreneko fiskal eta magistratu ohia

«Legea interpretatzeko aintzat hartu behar da errealitatea»

ETArik gabeko aroan, espetxe politikan aurrerapausoak eman behar direla deritzo Martin Pallin Goreneko fiskal eta magistratu izanak; kasurako, presoak Euskal Herriratzearen alde azaldu da.
JON URBE / FOKU

Enekoitz Esnaola -

2019ko otsailak 7
Jose Antonio Martin Pallin (Coruña, Galizia, 1936) 2006an erretiratu zen magistratu modura —Espainiako Auzitegi Gorenekoa zen; aurretik, hango fiskala—, baina aktibo jarraitzen du, 82 urte dauzkan arren: Madrilen abokatu bulegoa du, eta hitzaldiak ematen ditu. Atzo arratsaldean Donostian eman zuen, Orain Actua plataformak antolatuta: El gobierno de las togas —Togadunen gobernua—. Euskal gatazkaren ondorioak izan ditu hizpide BERRIArekin; jarrera irekia du auziarekiko.

Goreneko fiskala eta magistratua izanik, landu zenituen euskal gatazkako kontuak ere. Nola ikusten duzu garai berri hau?

Etxetik ere ezagutu izan dut Euskal Herriko giroa, nire aita-amaginarrebek Donostian pasatzen zituztelako oporrak —urtean hiru hilabete—, eta etortzen nintzen. Gorenean fiskala (1982-1989) eta magistratu (1989-2006) izan nintzenean, garai gogorrak bizi izan nituen, baina etorri da aldaketa, ETAk indarkeria utzita. Jaurlaritzako Bizikidetza Sailak antolatutako jardunaldi batzuetan hartu izan dut parte. Bistan da egoerak funtsezko aldaketa bat izan duela, eta badela elkarbizitza.

Madrilen bizi zara. Zer giro han?

Madrilen Kataluniaz baino ez da hitz egiten; artilleria politikoa hara begira jarria dute. Ona da hori Euskal Herriarentzat, lan egin daitekeelako Madrilgo prentsaren presio toleraezinaren esku hartzerik gabe. Aukera ona da Euskal Herriarentzat, politika autonomoa egiteko eta bertakoek aurkitzeko irtenbideak; besteak beste, etorkizuneko proiektuak, Konstituzioaren barruan.

Gatazkaren ondorioetan, Espainiako Estatuak ere egin beharko ditu pausoak irtenbiderako. PSOEren gobernuak esan zuen bestelako espetxe politika bat gauzatuko zuela. Ari al da?

Bere garaian sakabanaketa politikaren hasiera kritikatu nuen, Espainiako Giza Eskubideen Elkarteko presidente nintzela. Gaur egun ez dago terrorismoaren inolako aztarnarik, baina ikusiko da. Espetxe araudiak ez dio, zehazki, presoek nahitaez etxetik gertueneko kartzeletan egon behar dutenik; esaten duena da espetxe administrazioa saiatu egingo dela hori hala izan dadin. Kartzela politika legeek eta araudiek markatzen dute, baina ez dago inolako arrazoi juridikorik eta baleko argudiorik gaur egun euskal preso guztiak ez gerturatzeko. Gainera, presoak erabat aske izan aurreko neurri batzuk hartzeko baldintzak ere badaude.

Gerturatzeaz aritu zara. Espetxe araudiak sustraitze sozialaren garrantziaz hitz egiten badu, presoak Euskal Herrira hurbildu behar dira ala Euskal Herriratu?

Euskal Herriratzeaz ari naiz, zalantzarik gabe.

Salbuespenak salbuespen, Madril ez da ari euskal presoak Euskal Herriratzen; gerturatzen ari da, eta tantaka. Gobernuaren ordezkariek azaldu izan dute exijentzia batzuk egingo dizkietela Euskal Herriratzea lortzeko.

Egitate objektiboa da indarkeriaren erabilera utzi dutela, eta hori da aldaketaren frogarik garbiena. Eta datua da presoek kondenak jaso zituztela, delitu batzuk leporatuta, eta autokritika nik uste norberaren kontua dela. Niretzat, etikoki, ezinbestekoa da etakide izandako batek autokritika egitea eta azalpen bat ematea gizarteari, baina legedian ez litzateke jaso beharko horren beharra. Begira Ipar Irlandako kasua: Martin McGuinnes zena IRAko buruetakoa izan zen, eta, IRAk utzi eta ez urte askora, gobernuko presidenteorde ere izan zen.

EPPK-ko kideen %90 inguru oraindik lehen graduan dauzkate estatuan, eta lege ibilbidea ezin eginda daude.

Oso erregimen gogorra da. Egongo dira kasu berezi batzuk, baina, bestela, uste dut gradu progresioa behar dela. ETAk indarkeria utzi zuen , eta horrek nahikoa izan behar luke herri demokratiko bateko espetxe sistemarentzat; kasuan, presoak Euskal Herriratzeko eta gradua aldatzeko.

Egoera politikoarekin zerikusirik ez luke preso erien auziak. Jaiki Hadi mediku elkarteak dio 21 euskal presok dituztela eritasun larri eta sendaezinak.

Ez dago dudarik, nire iritzian: diagnostikoa halakoa bada, kalean behar dute pertsona horiek.

Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak zorroztasuna eskatu du zerrenda egitean.

Ez bada fio, enkargatu dezala beste txosten mediko bat berak.

Frantziako zigor urteak ez batzearen aurka azaldu izan zara.

Askatasun eta justizia espazio komuna badugu Europan, berdin dio pertsona batek delitu bategatik herrialde batean edo bestean betetzea kartzela urteak. Ondorioz, pertsona batek Frantzian horrenbeste urte konplitu baditu preso eta gero Espainiaratzen badute, Frantziako urte horiek zenbatu egin behar zaizkio Espainiako kondenari. Bere garaian Parot doktrina izan genuen; aurka bozkatu nuen, eta gero poztu nintzen Estrasburgoko epaiak gure botoen argudioak aitatu izanagatik.

Kongresuak zigorrak ez batzearen legea dagoen bezala uztea erabaki zuen orain aste batzuk.

Espainian eskuina biktimekin jokatzen ari da, beti, haiek umiliatzen direla esanez, abandonatzen direla... Eta kasu honetan ere erabili ditu argudio horiek.

Zer funtzio ari dira betetzen ETAren biktimen elkarteak?

Nire ustez, ezin dute espetxe politika gidatu, baina eragiten ari dira. Eduki behar ez luketen protagonismo politikoa dute. PSOEren gobernua egoera ahulean da Kongresuan, 350 diputatuetatik 84 baititu, baina jaso izan ditu babesak: EAJrena, katalanena... Ordea, orain hiru bertsio dituen eskuina oso errotua dago gizartean.

Justizia arloa nola ikusten duzu Euskal Herriko aro berrian?

Bere sasoian dena Auzitegi Nazionalean zentralizatu zen. Fiskaltza egun ere politika murriztailearekin dabil, eta ez dut bat egiten.

Euskal legelari askok diote «salbuespen legedia» dagoela.

Ez dago salbuespen legerik. Dagoena da salbuespenezko aplikazioa espetxe legedian.

Moldatu al daitezke legeak?

Interpretazio kontu bat da. Gauza bat une batean era batera interpretatu daiteke eta beste batean beste era batera. Epaileok legeak interpretatzeko pribilegio eta, aldi berean, zama daukagu.

Zer hartzen da kontuan?

Kode Zibilean artikulu batek dio legea interpretatzeko aintzat hartu behar dela uneko errealitate soziala. Artikulu hori aplika daiteke ezein jarduera judizialean.

Garaileen eta garaituen eskemaz hitz egiten da. Zer diozu?

Terrorismoaren kasuan ez dut uste eskema egokia denik. Zoritxarrez, Espainian oraindik 36ko gerrako kontuarekin gabiltza, garaileez eta garaituez hizketan. PPko senatari batek esan du hamabost milioi alferrik galduko direla hezurrak argitara ateratzeko.

Ezker abertzalearen legez kanporatze garaian Gorenean magistratu zinen, lehen urteetan.

ETAren jarduerak eragin handia zeukan gure esparruan. Juan Mari Atutxa bera ere jo zuen ilegalizazioaren auziak, Sozialista Abertzaleak ez desegiteagatik legebiltzarrean, eta Europako auzitegiak orain arrazoia eman dio. ETAren ingurua tesia eraiki zen garai hartan. Politologoen artean nahi dena egin dezatela, baina, Zigor Zuzenbidean behintzat, ezin da erabili tesi hori, nire ustez.

Horren arrastoa bada oraindik: Egin-en zorra Gara hasi da ordaintzen, enpresen eta ideologia jarraitutasuna egotzita.

Edozein balorazio politikotik at dago enpresen jarraikortasunaren kontua. Zera administratibo bat da. Ados, Egin-en itxieraren zioa ez zen auzi laboral bat izan, baina gero zigor administratibo bat jarri zuen estatuak.

Hor dago Altsasuko auzia ere. Epaia atera behar du Gorenak.

Altsasukoan prozesuaren manipulazio lotsagarria egin zen, Zigor Zuzenbidean onartezina zen gauza bat gertatuta: Guardia Zibila zen ustezko biktima eta Guardia Zibilak berak esan zuen terrorismoa izan zela. Gehiegikeria eta desproportzioa gertatu dira, nabarmen. Altsasuko liskar hartan guardia zibilen partez beste edozein balitz edo Algecirasen izan balitz —gertatu ohi da—, ez zen prozesu hau egongo.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna