Urtzi Errazkin eta Patrizia Velez. Etxerat elkarteko bozeramaileak

«Helburu komun batzuk ditugu biktima desberdinek»

Euskal gatazkako indarkeriaren biktima guztiei «begirunea eta enpatia» agertu die Etxerat-ek, adierazpen batean. Elkarbizitzarako ekarpen gisara hartu behar dela diote Errazkinek eta Velezek.
JON URBE / FOKU

Enekoitz Esnaola -

2019ko martxoak 23
Egoitza berria du Etxerat euskal presoen eta iheslarien senideen eta lagunen elkarteak Hernanin (Gipuzkoa); helburua, betikoa: haiek «etxean eta bizirik» izatea. Elkarbizitza ereiteko, indarkeriaren biktima denekiko «enpatia» agertu berri du adierazpen batean. Etxerat-eko kideak ere biktima dira, Patrizia Velez (Hernani, 1972) eta Urtzi Errazkin (Hernani, 1975) eledunek dioten moduan.

Zergatik Etxerat-en adierazpen hau, eta zergatik orain?

URTZI ERRAZKIN: Ibilbide luze baten ondorioz sortu den ekarpena da. 2010ean, Etxerat izan zen Gernikako Akordioaren sinatzaileetakoa, eta, geroztik, eman ditugu pauso gehiago: sufrimenduaren aitorpena adieraztea; Foro Sozialeko partaidetza; beste era bateko biktimekin harremanak... Gatazkaren konponbiderako elkarbizitza pisua hartuz joan da, eta testuinguru horretan egin du Etxerat-ek bizikidetzarako ekarpen hau, eta orain. Guk ere bagenuen enpatia azaldu beharra indarkeriaren biktima guztiekin.

Etxerat noiz ohartu zen «urruntasunaren bidez, ETAren biktimen mina areagotu» ahal zuela?

ERRAZKIN: Bakoitza bere lubakian egon da, eta, halakoetan, ez zara bestearen minaz ohartzen. Gero eta kontaktu gehiago izanda, aldiz, bestearen sufrimenduaz gehiago sakontzen duzu, eta enpatiarako bidea zabaltzen da.

PATRIZIA VELEZ: Biktima desberdinak elkar entzuten hasi gara, eta ikusten da baditugula helburu komun batzuk. Orain arte, bereizten gaituen horretan jarri da azpimarra. Hori aldatzen ari da.

ERRAZKIN: Gure diferentziak izkin batean utzi, eta adostasunetan sakontzen ari gara.

Zein dira adostasun nagusiak?

ERRAZKIN: Elkarbizitzaren beharra eta gatazkak sortu dituen ondorio guztiak gainditzea, hau guztia berriro ez dadin gerta.

VELEZ: Ikusi da bukatu beharra dagoela salbuespeneko espetxe politika, eta auzi hau ez dela gure arazoa, gizarte osoarena baizik.

Zuekiko «indiferentzia» deitoratu duzue dokumentuan.

ERRAZKIN: Oro har, Etxerat oso zokoratuta izan dute alderdiek, sindikatuek, hedabideek... Horregatik esan dugu hori. Egun, aldiz, lehen biltzen ez ginen alderdi eta sindikatuekin biltzen gara.

Adibidez, zein alderdirekin?

ERRAZKIN: PSE-EErekin.

Zeinek ez zaituztete hartzen?

VELEZ: Hego Euskal Herrian ordezkaritza instituzionala duten alderdien artetik, PPk eta UPNk.

ETAren biktimei «benetan barkamena» eskatu diezue...

ERRAZKIN: ...dokumentuan esan duguna da gure urruntasunaren bidez besteen sufrimendua areagotu ahal izan badugu, barkamena eskatzen dugula. Gero, hortik beste titular batzuk atera dira, eta horiek sor zezaketen harridurarik, baita minik ere. Baina guk esan duguna esan dugu.

VELEZ: Geure samina ere handitu izan da geure artean atxiloketak gertatu eta jendeak esan duenean zerbait egingo zuela.

Etxerat aitatzeke, elkartearen adierazpenaren aurkako gutun bat azaldu da, euskal presoen 32 senide eta lagunek sinatutakoa.

ERRAZKIN: Iritzi guztiak dira errespetagarriak. Denon artean jo behar dugu konponbidearen bila.

Zer harrera egin dizuete beste motatako biktimek?

VELEZ: Orokorrean, ona. Pauso garrantzitsutzat jo dute gurea.

ERRAZKIN: Auzi honi benetako konponbidea eman nahi diotenen artean, horrelako pausoak onuragarritzat jotzen dira.

VELEZ: Baina aitortu behar da bide hau oso partikularra dela eta batzuei barruak ez diela uzten halako pausoak ematen. Errespetatu egin behar da hori ere.

Agintari instituzional batzuk pauso berrien eske ari dira.

ERRAZKIN: Beti dabiltza besteei pauso eske. Hori argi ikusi da EPPKren urratsen kasuan.

VELEZ: Pauso eske dabiltzan horiek urrats asko dituzte egiteko.

ERRAZKIN: Berriro diogu: ez dugu nahi gatazka hau berriro gertatzerik. Baina onar gaitzatela biktima modura. Estatuak onartuko bagintu hala, bukatu egin beharko luke sakabanaketa politika. Asteburu honetan ehunka senide eta lagun atera dira errepidera bisitak egiteko, eta biktima mortal izateko arriskua daukate.

VELEZ: Estatuak eragiten du min hori. Hamasei lagunen heriotza eragin du sakabanaketa politikak.

Fernando Buesa fundazioaren jardunaldi batera joan zineten iazko urrian. Haiek gonbidatuta.

VELEZ: Bai. Espetxe politikari buruzko jardunaldia izan zen. Aldaketaren beharra aipatu zen.

Etxerat-en horrelako aurreneko keinua izan al zen?

VELEZ: Bai. Eta positiboa.

PSOEren gobernuak pauso batzuk egin ditu: EPPK-koen artean, pare bat dozena gerturatze eta beste hainbeste bigarren gradu, batik bat. Balorazioa?

ERRAZKIN: Moncloara iritsi eta oso gutxira, Pedro Sanchezek adierazpen batzuk egin zituen: oso positiboak, gure iritzian. Baina egindakoa ilusio zapuztailea izan da, aldaketak txikiak izan direlako: lekualdatze batzuk...

Preso bat Espainiako puntatik Euskal Herri ingurura eramatea gerturatzetzat hartzen al duzue?

ERRAZKIN: Preso bat Algecirastik Burgosera eramatea, dudarik ez ikaragarrizko aldea dela, bisitarako joan-etorrian ia bi mila kilometroren aldea baitago. Baloratu egin behar da hori. Gerturatzea den? Gertuago dago presoa.

VELEZ: Lekualdatzea da. Beti izan dira mugimenduak; beti egon dira presoak Zueran eta abarretan.

ERRAZKIN: Sakabanaketa politikako kartzelak dira horiek, lehen eta orain. Presoen eskubidea da euren ingurunetik gertueneko espetxean egotea, eta, beraz, haien eta senideen eskubidea urratu egiten da. Eta ez da sufrimendua bukatzen. Presoek eskatu dute etxeratze bidean Zaballan [Araba] egotea. Ez dago inongo arrazoirik hori horrela ez izateko, baina...

Marlaska Espainiako Barne ministroak berriki adierazi du ETA desegin denez ez daukala zentzurik sakabanaketa politikak.

ERRAZKIN. Baina ez dute amaitu.

VELEZ: Eta ia preso guztiek lehen graduan jarraitzen dute, eta gobernuak ez du preso gaixorik utzi aske. Gaixoena oso da larria. ETA zegoen garaietan estatuak legedia baliatuta uzten zituen baldintzapean libre, baina Sanchezek ez du bakar bat bera ere utzi aske horrela. Ulergaitza da.

ERRAZKIN: Europako Parlamentuan bada txosten bat urrunketaren kontrakoa, eta preso gaixo larriei buruz ere hitz egiten du. PSOEko eurodiputatuek aldeko botoa eman zuten, baina estatuak bere intereserako denean baino ez du begiratzen Europara. Itsu geratzen ari den preso bat ez da horregatik espetxean hilko, baina, humanitatez, preso jarraitu behar al du? PSOEren gobernuak orain arte egindako mugimenduak minimoak izan dira. Euskal gizarteak hau amaitu nahi du, bakean bizi nahi du, eta ezin dugu ulertu estatuak horren aurka egitea, sufrimendua eraginez eta bakea arrisku larrian jarriz.

Bakea, arriskuan?

ERRAZKIN: Nire ustez, denok oso onartua dugu benetan gatazka politiko honen ondorio guztiak ez baditugu gainditzen eta horiei ez badiegu konponbide bat ematen, inoiz ez dugula berriro ez errepikatzeko bermea izango. Oso-oso garrantzitsua da hemen bermeak jartzea mahai gainean. Nahikoa sufritu du gizarte honek, eta merezi du hau ondo ixtea.

Aintzat hartzen al duzue 350 diputatuetatik 84 dituela PSOEk?

ERRAZKIN: Politikan, gehiegi begiratzen da ekinbideek botoetan izan ditzateken ondorioetan. Presioengatik ala dena delakoengatik, Sanchezek atzera egin zuen hasierako adierazpen haren ondoren. Rajoy gobernuburu kargutik kendu zuen, baina horretan babestu zuten beste indarrak espetxe politika aldatzearen alde daude, eta, beraz, gobernuak askoz gehiago egin behar zuen.

Sarek bilera bat eskatu dio Marlaskari. Etxeratek Madrili sekula eskatu al dio hitzordurik-edo?

ERRAZKIN: Guk inoiz ez dugu mezu bat bidali gobernura, baina edozeinekin hitz egiteko prest gaude. Biktimak gara gu ere, eta, adibidez, gobernuari eskatuko genioke lekualdatzeak iragartzean beste era batera jokatzeko; izan ere, lehendabizi elkarte zehatz batzuk jartzen ditu jakinaren gainean etaezagutarazi egiten ditu mugimenduak, eta presoek eta haien senideek hedabideen bitartez izaten dute horien berri.

Etorkizunaz baikor?

ERRAZKIN: Guk konfiantza euskal gizartean dugu. Hark behartu dezake gobernua mugitzera.

VELEZ: Ezinbestekoa da gizarte zibila. Uste dugu gero eta zabalagoa dela mugimendu hau. Azkeneko manifestazioetako pluraltasuna da seinale; adibidez, sindikatu denak egon dira.

Frantzia geldirik dago azkeneko urte erdian.

ERRAZKIN: Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak joan den abenduan azaldu zuen blokeoa zegoela elkarrizketetan. Justizia ministroak gero esan zuen hitz egiten segitzeko asmoa zeukatela. Ematen du berriz ere martxa hartzekotan daudela.

Parisekin bildu izan dira ETAren biktimen elkarte batzuk, eta marra gorri batzuk jarri dizkiote.

ERRAZKIN: Ezin duzu zeuri ez dagokizun eremu batean sartu eta hura baldintzatu. Nik ezin dut ulertu sufritu duen eta sufritzen segitzen duen pertsona batek nola opa dezakeen beste biktima baten sufrimendua.

Zeintzuk dira lehentasunak?

ERRAZKIN: Urrunketa bukatzea, gradu aldaketak eta larri gaixorik dauden presoak askatzea.

VELEZ: Bakartzearen amaiera ere beharrezkoa da; horien artean, emakume presoena. Espainiak Frantziako kartzela urteak batzea ere exijitzen dugu.

ERRAZKIN: Hori dena, azken helburua betetzeko bidean: presoak etxean eta bizirik nahi ditugu.

Biktima desberdinen artean nola bideratu aldarrikapen horiek?

VELEZ: Guk segituko dugu, Foro Sozialeko kide modura, elkar entzuteko saioak egiten eta zubiak eraikitzen. Azkean batean, bideak zabaltzen segitzeko.

ERRAZKIN: Bizikidetzari ekarpena egiteko, ezinbestekoa da, espetxe politika hau amaitzeaz gain, biktima guzti-guztien aitortza.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna