Suteak

Haizearen gatibu

Iragan ostegun gauetik ibili dira lanean suaren aurka Arantzako bizilagunak eta suhiltzaileak. Hala ere, lanak izan dituzte sutea mendean hartzeko, eguraldia aurka izan baitute une oro.
Suhiltzaile bat Arantzako mendietan, garrak itzaltzeko lanetan.
Suhiltzaile bat Arantzako mendietan, garrak itzaltzeko lanetan. NAFARROAKO GOBERNUA / EFE

Asier Garcia Uribarri -

2015eko abenduak 29
Suhiltzaile kamioak eta telebistako unitate mugikorra herriko sarreran. Horiek ez dira inoiz berri onen adierazleak. Gabon gauean, norbaitek su eman zion mendiari Arbadi inguruan (Arantza, Nafarroa). Geroztik, sua itzaltzeko lanetan buru-belarri ibili dira Arantzako herritarrak eta suhiltzaileak. Baina azken egunetako haize zakarrak sua behin eta berriz zabaldu du, eta ez die suhiltzaileei behar bezala lan egiten utzi. Guztiak zain daude, haizea noiz geldituko.

Arantzako udaletxea suaren aurkako lanen kartier nagusia izan da egunotan. Bertan elkartu dira udaleko arduradunak, suhiltzaileak eta herritarrak. Juan Miguel Almandoz da herriko alkatea. Ia ez du atsedenik hartu azken egunotan. Gabon gauean Arbadi inguruan garrak agertu ziren, eta suhiltzaileak eta herritarrak deitu zituzten. Whatsapp aplikazioa deialdiak egiteko tresna eraginkorra izaten ari da. «Etxean afaltzen ari ginen, eta bertatik ez genuen sua ikusi; mezu bidez izan genuen guztiaren berri», azaldu du Itziar Mitxelena Arantzako gazteak.

Sutea hasi zenetik herritar ugarik lagundu dituzte suhiltzaileak. Deialdiak herriko plazan egin dituzte, eta bertan banatzen dituzte egin beharrekoak. Mentxu Peña Arantzako alkateordea da. Asteburuan mendian ibili da palarekin suari bidea mozten eta erretako lurra iraultzen. Atzo, berriz, baserrian lan egin ostean, mendian zeudenentzat ogitartekoa prestatzen lagundu zuen. «Lesakako okindegi batek ogia eman digu, eta herriko ostatuek prestatu dituzte ogitartekoak».

Azkenaldian ez du euririk egin, eta haize handia dabil. Bi elementu horiek gakoak izan dira sua zabaltzeko orduan. Era berean, helikopteroen laguntza gutxi izan dute, lainoa dela eta. Espainiako Barne Ministerioak ur hegazkina bidali zuen, baina, haizea dela eta, ezin izan dute erabili. Urik gabe egin diote aurre suari. Asteburuan lanak bideratuak zeudela zirudien, baina igande gauean beste fronte bat ireki zen: Artikutzan (Nafarroa). Almandozek uste du haizeak eramandako txinpartek piztu zutela sutea. Suak 130 hektarea inguru hondatu baditu ere, etxeetatik urrun dago. Mendiko aterpe bat eta artzain borda batzuk dira sutetik gertuen egon diren eraikinak.

Urteak dira tamainako suterik izan ez dutela. Dozenaka urte. «30 urte inguru badira», azaldu du Fermin Elizondok. Burlata ostatuan lan egiten du. Aurreko egunetan mendian ibili da, eta garai larrian daudela aitortu du: «Bada pertsona bat mina hartu duena; harri bat erori zitzaion maldan behera». Sua itzaltzeko lanak nahiko neketsuak izan dira: «Sua itzaltzen zen izkina batean, baina bestean hartzen zuen. Kontrolatzeko nahiko zaila da».

Arantza inguruko mendiek aldapa handiak dituzte, eta toki askotara ez dira ibilgailuak heltzen. «Bakoitza daukanarekin aritzen da: pala, aitzurra edo motozerra. Gaur [atzo], gehienbat sua barnean zuten arbolak botatzen eta lurrarekin itzaltzen ibili gara», azaldu du Gotzon Arenasek. Itzaltze lanetan aritu bada ere, Arenasek dio ez dutela arrisku handirik izan. «Gu 09:00etan joan gara, baina sua 05:00etatik zegoen. Ordu horretan ezin da joan herriko jendea, jakin gabe...».

Atzo eguerdirako sua kontrolpean hartzea lortu zuten. Baina Arantzako herritarrak ez dira fio. Badakite haizea gelditu eta inguruak busti arte ezingo dutela lasai egon. Denak eguraldi aldaketaren zain daude, haizearen gatibu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna