Ricardo Canal Bedia. Salamancako Unibertsitateko irakaslea

«Ezagutza handiagoa dute arreta goiztiarra izan dutenek»

Autismoa era goiztiarrean atzemateko ikerketa batean dago murgilduta; izan ere, Canalek argi du diagnostikoa aurreratu ahala modua dagoela haur autistei arreta hobea emateko: txiki-txikitatik.
JON URBE / FOKU

Ane Lamarka Etxeberria -

2018ko irailak 7
Salamancako Unibertsitateko Psikologia Fakultateko irakaslea da Ricardo Canal Bedia; Nortasun, Ebaluazio eta Tratatze Psikologikoko Sailekoa, hain zuzen ere. «Autismoa detektatzen zaion haurra zenbat eta gazteagoa izan, hobe», nabarmendu du. Eta, hain justu, beste ikertzaile batzuekin batera ikerketa batean murgilduta dago; autismoa jaioberritan diagnostikatzea dute helburu. Izan ere, egungo baliabideekin sarri ez da erraza, eta haurrak koskortu arte ez da heltzen zenbaitetan diagnostikoa. Proiektuaren helburua da jaioberriei lehen unetik detektatzea autismo zantzurik baduten; haurrei egiten zaizkien osasun azterketak baliatu nahi dira horretarako, eta gurasoek haurraren gaitasun komunikatiboei buruzko galdetegi bat ere erabiltzea sustatu nahi dute. Horiek guztiak azaltzeko, Autismoaren zantzuak eta atzemate goiztiarra hitzaldia eman zuen EHU Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Udako Ikastaroetan

Zeintzuk dira autismoaren adierazle goiztiarrak? Zeri erreparatu behar diote umearen zaintzaileek?

Gehienbat komunikazio gaitasunarekin zerikusia duten faktoreak dira; esaterako, begietako kontaktua izateko zailtasuna, komunikatzeko erabiltzen ditugun hainbat keinu egiteko zailtasuna —seinalatzearen ekintza, adibidez—, edo besteen komunikazio zantzuei erantzuteko zailtasuna; adibidez, haurrari bere izenez deitzea eta hark ez erantzutea, imitatzeko eta jolasteko zailtasunak izatea, baita komunikatzeko ere, beste hainbeste faktoreren artean. Horiek dira ikuspegi komunikatibo eta sozialaren aldetik daudenak. Bestalde, badaude beste adierazle batzuk gutxiago ikertuta daudenak baina azterketarako balio dutenak; adibidez, garuneko hainbat egitura, garunaren beraren neurriz kanpoko tamaina, eta neurriz kanpoko ezagutza azkarra. Badira, halaber, autismoaren adierazle goiztiarrak diren beste zantzu batzuk oraindik ikertzen ari direnak.

Ikerketa lerro garrantzitsuak dira, noski, premiazkoa delako diagnostikoa hobetzea...

Bai, oso garrantzitsua da, eta atzematen den bezain laster esku hartzea. Sistematikoa eta kalitatezkoa izan behar du esku hartze horrek. Arreta goiztiarra izan duten haurrek ezagutza maila handiagoa dute, eta zenbaitetan hogei punturen diferentzia ere izan dezakete koefiziente intelektualean. Pediatrak arazoan goiz esku hartzen badu, haren senitartekoen kezkak lasaitzen eta konpontzen ditu. Kontua ez da umearen jarrera noiz aldatuko zain egotea, gauza ez da «itxarotea»; duela urte batzuk pentsatzen eta gertatzen zen moduan.

Duela urte batzuk nola jokatzen zuten, bada, medikuek autismoa izan zezaketen haurrak artatzeko orduan?

Lehen, ume baten zaintzaile bat pediatrarenera iritsi eta esaten bazuen: «Begira, ume honek oraindik ez du hitz egiten». Zera erantzuten zioten: «Lasai, itxaron egin behar da». Baina itxaron, zertara? Haurrak hilabeteak hitz egin gabe pasatzera? Gaur egun, ordea, ez da hori pasatzen; gaur egun, segituan esku har dezake adituak: «Ez duela hitz egiten? Ba, honako galdetegi hau emango dizuegu ea zerbait atzeman dezakegun».

Eskolek jasotzen al dute aparteko baliabiderik ikasgeletan dituzten haur autisten arta hobetzen laguntzeko?

Instituzioek ikastetxeei horretarako pentsatuta dauden baliabideekin erantzuten diete, baina, gero, ikastetxe bakoitzak espezializazio maila ezberdinetako adituak dauzka, beharren arabera. Normalean, haurrak 3 urterekin —edo zenbait kasutan 2 urterekin— ikastetxean hasten direnean, hezkuntza sistemak maila ezberdinetako baliabideak dauzka behar horiei erantzun bat emateko.

Laguntza emateko bestelako baliabiderik ba al dago?

Badaude hainbat erakunde. Gipuzkoan, esate baterako, Gautena dago —Gipuzkoako Autismoaren Elkartea—, eta Gipuzkoan bezala, beste hainbat herrialdetan ere badira tankera horretako elkarteak. Familien ekimenak abiarazitako elkarteak dira, eta baliabide espezifikoak garatu dituzte. Baina hori nahikoa ote da? Nik ezetz uste dut; zenbat eta gehiago, hobe. Atzera begira, aurrerapen oso handia egin da autismoa duten pertsonen artaren hobekuntzan, baina oraindik ere bidea egiteko dago hainbat alorretan; adibidez, zerbitzuak garatzeko orduan, baita familiei laguntzeko orduan ere: baliabideak falta dira.

Zerk berdintzen ditu autismo maila ezberdina duten pertsona guztiak?

Elkarrekikotasunean zailtasunak izateak; hau da, adibidez, ni pertsona batekin hitz egiten ari naizenean berak nire komunikazioarekiko izango duen jarrera elkarrekikoa da; berak baieztatu egingo dit buruarekin, begietara begiratuko dit... Erreziprozitatea adieraztean jarrera bat dago, eta ez bakarrik emozionala, baizik eta soziala eta komunikatiboa ere bai. Beraz, elkarrekikotasunaren osagai horiek dira autismoa duten guztiengan huts egiten duten faktoreak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna