Patxi Lazkoz. Abokatua

«Zintzotasunaren kultura politikoa eraiki behar da»

Gasteizko alkate ohiak administrazioan egiten diren ustelkeria delitu ohikoenei aurre egiteko neurriak proposatu ditu liburu batean. «Zigorgabetasuna murrizteko ale bat» jarri nahi izan du.
JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Edurne Begiristain -

2018ko irailak 11
Ustelkeria kasuak azaleratzen diren hein berean ugaltzen dira gobernuek eta politikariek praktika horien aurka egiten dituzten promesak ere. Neurri zehatzak hitzematen dituzte, horiek agenda politikoaren lehen lerroan jarriko dituztela agintzen dute, eta behin eta berriz azpimarratzen dute gardentasuna bermatuko dutela. Ordea, errealitateak erakusten du ustelkeria ez dela inoiz erabat desagertzen.

«Ez dago instituzioetatik ustelkeria desagerrarazteko hutsik gabeko metodorik, baina badira gune ilunak murrizteko taktikak». Administrazioarekin zerikusia duten ustelkeria kasuak saihesteko neurriak ongi ezagutzen ditu Patxi Lazkoz (Iruñea, 1965) Gasteizko alkate ohiak (2007-2011). Duela hiru urte politika laga zuenetik, zuzenbide munduan buru-belarri murgilduta dabil, abokatu gisa, eta lanbide horrek eman dio, neurri handi batean, ustelkeria «ikuspuntu ezberdin batetik» aztertzeko gakoa. Guia anticorrupción. Tácticas de combate (Ustelkeriaren aurkako gida. Borrokarako taktikak) liburuan bildu du Lazkozek gaiari buruz duen ezagutza —Aranzadik argitaratua—.«Ustelkeriaren inguruko zigorgabetasuna murrizteko ale txiki bat jarri nahi izan dut».

Politika utzi eta abokatu gisa jardutea erabaki zuenean, zuzenbideari buruzko ezagutzak «eguneratzeko» ikastaroa egin zuen unibertsitatean, eta han sortu zitzaion liburua idazteko grina. Ustelkeria publikoari buruzko modulua egin zuenean ohartu zen gaiaren «garrantziaz», eta beharra ikusi zuen formakuntza saioan ikasitakoa «modu ulergarri» batean idazteko. Ikastaroko lan bat izan behar zuena liburu bilakatu zen gero, inguruko lagunek eta abokatuek horretara animatuta. Lana «borobiltzeko», Josu Izagirre Arabako fiskalburu eta lagunak idatzi dio hitzaurrea. Lazkoz gustura dago emaitzarekin: «Hitzaurre maitekorra idatzi du. Pozik nago, gidaren helburuarekin bat egin duelako».

Gasteizko alkate ohiak hasieratik izan du argi zeinek izan behar zuen xedea: «Edozein irakurlerentzat erabilgarri izatea nahi nuen». Hala, zuzenbidean aditua ez den edonork ulertzeko «eskuliburu erraz eta ulergarria» idatzi nahi izan du, baina adierazi du bereziki administrazioko langileentzat eta kargu publikodunentzat dela: «Ustelkeria delitu batek izan ditzakeen ondorioez ohartarazi nahi diet funtzionarioei, askotan ez direlako jabetzen iruzurra egiten ari direla euren eguneroko lanean».

Izan ere, «ezjakintasuna» izaten da sarri askotan ustelkeria kasuen atzean dagoen arrazoia. «Ezinezkoa da ustelkeriari aurre egitea ustelkeria kasu bat detektatzeko gai ez bagara», azaldu du Lazkozek.

Ustela, edozein

Hiru zati ditu liburuak. Lehen zatian, Zigor Zuzenbideari buruzko oinarrizko datuak ematen zaizkio irakurleari, ustelkeria zer den ulertzeko hainbat gako «era ulergarrian» azalduta. Bigarren zatiak ustelkeriari lotutako bost delituak zeintzuk diren azaltzen du, modu xehean: prebarikazioa, eroskeria, influentzia trafikoa, dirua bidegabe erabiltzea eta dokumentu publikoak faltsutzea. Hirugarren atalak, berriz, delitu horiei aurre egiteko hainbat neurri proposatzen ditu. Eranskin batean jasota daude, amaieran, Espainiako Auzitegi Gorenak aztertutako 138 ebazpen, guztiak ustelkeria kasuekin lotuta.

Ebazpen horiek guztiak aztertuta, ondorioa atera du Gasteizko alkateak: «Ustelaren profila transbertsala da, ez du adin jakinik, ezta sexu edo gizarte klaserik ere». Beste kontu bat da, bere esanetan, hedabideetan isla duten kasuak pisuzko kargu publikoekin eta boterearekin lotutakoak izatea. «Ustela, baina, dirua gustuko duen eta boterea nahi duen edozein izan daiteke».

Egoera hori izanik, posible al da administrazioan ustelkeriari aurre egitea? Lazkozen ustez, «zintzotasunaren kultura publikoa eraikita» erdietsiko da hori. Zintzotasuna da, haren ustez, ustelkeriari aurre egiteko dagoen «antidotorik eraginkorrena». Horretarako, baina,«sakoneko aldaketa» egin behar da gizartearen balioetan. «Gure herrian bide luzea dugu oraindik egiteko. Ikusi besterik ez dugu egin behar ustelkeria kasuei hauteskundeetan ematen zaien erantzun eskasa».

Gizartean sakoneko aldaketa egitea ezinbestekoa da, baina garrantzitsua da, halaber, erakundeek eskura dituzten tresnak «egoki» erabiltzea. Horietako bat da, esaterako, gardentasunarena. «Gardentasunak, berez, ez du ustelkeriaren amaiera ekarriko, baina ongi erabiltzen bada, baliagarria izan daiteke», esan du Lazkozek. Besteak beste, uste du funtsezkoa dela instituzioen gardentasun atarietan argitaratzen den informazioa «ulergarria», «erraza» eta «eraginkorra» izatea. Adibide batekin azaldu du: «Aurrekontuak publikatzera behartuta daude erakundeak, baina erabiltzen duten lengoaia, egitura eta moduagatik ulergaitza egiten zaie herritar askori».

Gardentasunean ez ezik, bestelako alor batzuetan ere ustelkeria murrizteko har daitezkeen neurriak proposatu ditu Lazkozek; besteak beste, hirigintza kudeaketan, kontratuen esleipenean, diru laguntzak emateko prozeduretan eta espedienteen antolaketetan. «Egin behar ez dena ezagutzeko gutxieneko bat da». Dioenez, instituzio guztietan egiten dira iruzurrak, baita Euskal Herrian ere, nahiz eta praktika hori ez dagoen orokortuta. «Hala ere, ezin dugu esan irla bat garenik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna