Albistea entzun

Maurizio Onnis. Sardiniako administrazio independentisten batzarreko presidentea

«Komunitate bakoitzak bere burua birplanteatu behar du»

Erreinuko Koroak pisu instituzionala irabazi du bi urteotan, eta bide horretatik jarraitzea oinarrizkoa dela uste du Onnisek, sardiniar guztientzako gobernu bat lortu ahal izateko.

M. S. Tamaina handiagoan ikusi

Marco Santopadre -

2021eko maiatzak 4

Maurizio Onnis Villanovaforruko alkatea da, Sardiniaren hegoaldeko 650 biztanleko herri batekoa. Cagliarin jaio zen, 1963an, eta Erromara joan zen 22 urterekin. Hogeita hamar urtez ibili zen Erromatik Milanera joan-etorrian, baina, azkenean, Sardiniara itzuli zen: Villanovaforrun bizitzen jarri, eta 2016an alkate hautatu zuten.

 

Lanbidez, testuak idazten ditu behe eta goi mailako bigarren hezkuntzako eskoletarako. Horrez gain, Corona de Logu-ko presidente ere bada, hots, Sardiniako administratzaile independentisten batzarrekoa; zenbait alderdi eta hautagaitzatik aukeratutako ordezkariek osatzen dute batzar hori. Taldearen izenak gogora dakar Erdi Aroan Sardinian zegoen kontseilu baten izena.

Zer da Erreinuko Koroa? Noiz sortu zen?

2018ko urriaren 6an sortu zen Corona de Logu, Bauladun, tokiko 30 bat administratzaile sardiniarren ekimenez. Elkarte horretan, alkateak, zinegotziak eta udal kontseilariak daude, eta tresna gisa erabiltzen dute batzordea: trebatzeko, elkarlanean aritzeko, gizaki eta politikari gisa hazteko, planifikazioan aritzeko eta ekimena hartzeko.

Taldea sortu eta bi urtera, tokiko 65 administratzailek osatzen dute Corona de Logu, ia 50 herri-hiriren ordezkari. Zenbait herrik ehunka biztanle baino ez dituzte, hala nola Villanovaforruk eta Ussaramannak. Beste batzuk, berriz, handiagoak dira, milaka biztanlekoak: Serrenti eta Macomer, esaterako. Eta, gero, Quartu Sant'Elena ere hor dago, Sardiniako hiririk handienetan hirugarrena. Zenbait elkartekide kostaldekoak dira, eta beste zenbait, barnealdekoak; lautadakoak dira batzuk, eta mendikoak beste batzuk. Askotariko errealitate sozialak ordezkatzen dituzte.

Zein dira batzarraren helburuak?

Corona de Loguren helburu nagusia hauxe da: sardiniarrek autodeterminazio nazionalerako duten eskubidea sustatzea eta defendatzea (estatutuko 9. artikulua), ideien eta jardunbide egokien berri elkarri emanez, barne trebakuntzan arituz, Sardiniako lurraldeetako eta Sardinia osoko arazoen inguruko proiektuak eta posizioak zehaztuz, eta Sardiniako politikan eragiteko gaitasuna handituz (11. artikulua). Corona de Loguk, autodeterminazio bide bati jarraituz, ontzat jotzen du Sardiniako Errepublika demokratiko, pluralista eta inklusibo bat indarkeriarik gabe sortzeko asmoa (2. artikulua). Gure elkartearen helburua da, hain zuzen, Sardiniako Errepublika subirano bat sortzea botoaren tresna demokratikoa erabiliz, sardiniar guztiei beren sustraien, etorkizunaren eta, funtsean, beren patuaren gainean sakon gogoeta eginaraziko dien autokontzientzia prozesu baten buru jardunez. Azken batean, bere destinoaren gainean gogoeta eginez.

Zertan datza autodeterminazioaren aldeko borroka Corona de Loguren eta haren kide diren tokiko administratzaileen jardunean?

Gure helburu instituzionalak betetzeko, alkateek, zinegotziek eta udal kontseilariek etengabe ekiten diote lurraldean. Elkarteak zenbait konpromiso ditu: elebitasuna sustatzea, sardiniera ohiko hizkuntza izan dadin berriro, administrazio publikotik hasita; erreforma odonimikoa egitea, hartara herri-hirietako plaza, kale eta lekuen izenak hurbilago egon daitezen gure historiatik eta kulturatik; sinboloak, urteurrenak eta ohorezko herritarren izendapenak berrikusi eta tentuz erabiltzea; tokiko demokrazia zabaltzea eta erabakiak hartzeko prozesuak hedatzea, eztabaida publikoko organoak eta udal kontseiluak sortuz eta aurrekontu parte hartzaileak onartuz; estaturik gabeko beste nazio batzuekin harremanak ehuntzea, hala nola erbestean diren agintari katalanekin eta Europako Aliantza Libreko ordezkariekin bilduz. Azkenik, elkarte gisa, Corona de Loguk ez dio uko egiten jendaurrean adierazteari zer jarrera hartzen duen Sardiniako gizarteko eta politikako arazo, proiektu eta premiarik garrantzitsuenetan.

Nola eragin dio pandemiak zuen jardunari?

Pandemiak gure komunitateetan zentratzera behartu gaitu, premia zutenei laguntzeko. Corona de Loguk konpromisoa hartu du neurri ekonomikoak hartzeko herritarrik, enpresarik eta profesionalik kalteberenei laguntzeko, itxialdiak beren jardunean eragin dienei laguntzeko. Elkarteko kide diren udalerriek, gainera, aurrekontu funts gehigarriak onartu dituzte, Sardiniako Eskualdeak eta Italiako Estatuak onetsitako laguntzez gain. Pandemiak agerian utzi du beharrezkoa dela komunitate bakoitzak bere burua birplanteatzea, esanahi berri bat bilatzea: labur esanda, autodeterminazioa lortzea.

Zer etorkizun du Corona de Loguk?

Badakigu zer egin dugun joan den bi urte eta erdian: harmonian lan egin, eta Corona de Loguri rol instituzional bat eman diogu, baita Sardiniako eztabaida publikoan eta politikoan onartzen zaion autoritate bat ere. Ondare hori handitu beharra dago, zeren, denborarekin, sardiniar guztiei egingo baitie mesede, nor garen oraindik ez dakitenei ere bai. Gu etorkizuna nola itxuratzeko kapazak izan, halakoxea izango da geroa. Espero dut autodeterminazioa etorriko zaigula, eta nola bizi nahi dugun modu librean hautatzeko aukera, eta gure uharteko komunitate guztientzako eta sardiniar guztientzako gobernu bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Konstituzioa aldatzen ez den bitartean, egoerak berdin segituko du»

Cecilia Valdez

Txileko konstituzio berria idatziko duen 155 kideko batzordea aukeratuko dute herritarrek gaur eta bihar. Testua aldatzearen alde dauden ezkerreko alderdiak banatuta aurkeztu diren arren, nahikoa babes lortuko duten itxaropena du Atriak.
Bi lagun Israelen bonbek suntsitutako eraikin baten hondakinen artean, atzo, Gazan. ©MOHAMMED SABER / EFE

Gazako setioa gogortu du Israelek, inbasioa hastekotan den honetan

Julen Aperribai

Tel Avivek orain arteko erasorik luzeena egin du, eta tropak lurrez inbaditzeko zain dauzka. Istiluak izan dira Zisjordanian ere, eta hamar palestinar hil dituzte han dagoeneko. Gazan hildakoak 126 dira

Legault lehen ministroa eta Jolin-Barrette Justizia ministroa, lege proiektuaren berri emateko agerraldian. ©Emilie Nadeau / Quebeceko Gobernua

Quebecek frantsesa babestu nahi du

Ander Perez Zala

Hizkuntzak izan duen gainbehera argudiatuta, François Legault lehen ministroak gizarteko arlo guztiei eragingo liekeen lege proiektu bat aurkeztu du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna