Nazioak eta herriak

Hamarkadotako zapalkuntzaren ondorioz, bi bide hartu dituzte maputxeek: hirien bazter auzoetara jo dute, edo beren lurrari atxiki berriz. Rafael Nehuel eta Santiago Maldonado izan dira lurrak berreskuratzeko borrokaren azken biktimak. Mugaz gaindiko martxa egingo dute etzi, Txilen eta Argeninan dauden maputxeen egoera salatzeko.
Lof Chushamen komunitateko maputxeak, Santiago Maldonadoren gorpua Chubut ibaian agertu zela jakin zutenean, urriaren 17an.
Lof Chushamen komunitateko maputxeak, Santiago Maldonadoren gorpua Chubut ibaian agertu zela jakin zutenean, urriaren 17an. ALEJANDRA BARTOLICHE / EFE

Cecilia Valdez

2017ko abenduak 7
Txilen, esaten dute maputxeak argentinarrak direla, eta Argentinan, berriz, txiletarrak direla. Hori, ordea, estrategia diskurtsibo bat da, Argentinako eta Txileko gobernuek beste estrategia batzuekin batera erabiltzen dutena maputxe herriaren izena zikintzeko. «Gure herriek milaka urte dituzte; nazioak eratu aurrekoak dira», dio Mauro Millanek, Pillan Mauiza komunitateko lonko edo buruak. «Gaur egun Amerika den honetako herri gutxik eutsi zion konkistatzaileen inbasioari, haiek anglosaxoiak izan edo Iberiar penintsulakoak izan, eta maputxe herria da eutsi zioten gutxi horietako bat. Ia lau mendean gogor egin zion inbasio saio horri, eta estatuak mende bat bakarrik pasatu du maputxeen lurraldean».

Txileko eta Argentinako estatuek muga inposatu dieten arren, Andeetako mendilerroak batzen dituen herria da maputxeena, eta haren magalean dauden hiri, herri eta plazetan elkartuko dira etzi maputxeak eta haien borrokarekin bat egiten dutenak, bi estatuek darabilten errepresio politika salatzeko. Argentinako Emakume Originarioen Elkarteak antolatu du martxa, helburu honekin: «Ahizpa eta anaia bakoitzaren kontra erabiltzen duten indarkeria bertan behera uzteko eskatuko dugu; eremua desmilitarizatzea, Terrorismoaren Legea baliorik gabe uztea, preso politikoak askatzea, desagerrarazpenak eta hilketak amaitzea, eta maputxeen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea. Ikusten ari gara bi estatuek areagotu dutela errepresioa. Genozidioa geratu behar dugu, eta ez gara eskuak gurutzaturik geratuko. Ahizpa bakoitza, anaia bakoitza defendatuko dugu».

Komunitate zapalduak

Gaur egun jazarriak dauden maputxe komunitateak Neuquen, Rio Negro eta Chubut probintzietakoak dira batez ere. Batzuek badute onarpen juridikoa, eta beste batzuek ez. Handiagoak nahiz txikiagoak, milaka dira mendilerroaz bi aldeetan. «Lovche deitzen da maputxe komunitatearen erdigunea; horixe da gizarte egitura oinarrizkoa, eta bakoitzak bere lonko-a [buruzagia], bere machi-a [sendagilea] eta bere weichafe-a [gerlaria] ditu. Bakoitza gaitasun horrekin jaioa da, edo noizbait agertzen zaio zer rol beteko duen. Guk ez dugu erabiltzen gehiengoaren adostasuna, eta ez dugu botorik ematen agintariak aukeratzeko», kontatu du Mauro Millanek.

Pu Lof Cushamen (Chubut) eta Lof Lafken Winkul Mapu (Mascardi aintzira, Rio Negro) dira azkenaldian gehien bistaratu diren komunitateak. Lehenbizikoan sufritu zuten, hain zuzen, Argentinako poliziek Santiago Maldonado hiltzea ekarri zuen zapalkuntza bortitza; lurralde hura, gaur egun, Luciano Benettonen mende dago. Eta Maskardi aintziraren inguruan erail zuten Rafael Nahuel, atzetik tiro eginez, azaroaren 25ean; 21 urteko gazte bat zen, eta machi bat trebatzen ari den lurrak berreskuratzeko mugimenduan zebilen. Baziren ia ehun urte machi bat ez zela horretan aritzen mendilerroaren alde honetan.

«Maputxe herriak ez du sekula amore eman, eta segitu du bere hizkuntzan mintzatzen, bere espiritualtasuna lantzen, eta, batez ere, naturaren legeak errespetatzen. 1980tik aurrera, lurrak berreskuratzeko prozesu bat izan zen, eta horrek lege aldaketa batzuk ekarri zituen; besteak beste, Konstituzioan jasoa geratu zen jatorrizko herriak hortxe zeudela lehendik. Jatorrizko herri guztien borrokaren emaitza izan zen hori», kontatu du Millanek. Azken diktaduren ondotik, estutzen hasi ziren jatorrizko herrien arteko harremanak, eta maputxeek berretsi zuten ez zirela ez argentinarrak eta ez txiletarrak, baizik eta maputxeak, inposiziotzat jotzen baitute identitate argentinarra. «Guretzat, lehengoratzea oinarri ideologiko bat da. Gure lurretan gure kultura pentsatzen dugu, naturarekin bat egin, eta gure machi-ak edo xamanak trebatzen dira, gure lonko liderrak. Guk ez dugu kanpoko inolako erlijiorik praktikatzen».

Argentinan, 24071 Legea indarrean dagoenez (OITren 169 Hitzarmena), herri indigenei galdetu beharra dago haien lurraldeari dagokion guztiaz, baina sekula ez da betetzen obligazio hori. Gainera, azaroan, Diputatuen Ganberak aho batez onartu zuen 26160 Legea luzatzea, hirugarren aldiz. Horren bitartez, behin-behinean bertan behera utzi dituzte jatorrizko herrien lurretan egitekoak ziren kanporaketak, Indigenen Gaien Institutu Nazionalak (INAI) katastroko ordezkatzea bukatu arte. Badira 11 urte arau hori indarrean dagoela, eta halaxe segituko du, beraz, beste lau urtean.

Basamortuko Kanpainia

Patagonia da herrialdeko eskualderik handiena, baita esku gutxi batzuetan lur gehien biltzen dena ere. Lurrok inolako kontrolik gabe banatu zizkieten milionario atzerritarrei eta korporazio multinazionalei, estatuaren eta haren aparatu judizialaren babesaz. Benetton ez ezik, talde hauta horren parte dira Joe Lewis magnatea, CNNren sortzaile Ted Turner, Nestleren jabe Suchard familia, George Soros inbertsiogile hungariarra, Sylvester Stallone aktorea eta, duela urte gutxi arte, Pepsicoren fundatzaileetako baten semea, Ward Lay. Nolanahi ere, Benettonek pilatu du lur gehien, 1991 eta 1997 bitartean 900.000 hektarea hartu zituen eta.

«Komunitate guztiek egiten dute aldarrikapenen bat. Gaur egungo egoeran, militarizazioa bukatzeko eskatzen ari dira, baina, horren atzean, beste eskaera bat dago: herriak libre erabaki ahal izatea berriz ere», adierazi du Adrian Moyano idazle eta kazetariak. Badira hamabost urte maputxeen borroka ikertzen diharduela. «Maputxe herriaren antolamendua horizontala eta biribila da. Ez dute maien edo azteken eraikinen gisakorik; haien ezaugarria da asko eta askoren esku dagoela subiranotasuna erabiltzea, eta boterea deszentralizatua daukatela: horrek modua eman zien erresistentzian indarrez aritzeko 360 urtez. Maputxeak ez zituen Espainiak azpiratu, baizik eta Txilek eta Argentinak, XIX. mendearen bukaeran [Basamortuko Kanpainia]. [Argentinako] Estatuak inoiz ez du aitortu hura genozidio bat izan zela».

Garai hartan, lurraldea militarki okupatu zuten, Argentinako Estatu nazionalaren mugak harago eraman nahian. Lur haietako asko inbertsio funts batek administratu zituen, Compañia de Tierras del Sud Argentino izenekoak, oso baldintza mesedegarrietan. 1975ean, Argentinako burgesiako lur-jabe batzuen Great Western enpresak akzio guztiak erosi zizkion Compañia de Tierrasi, eta 1991n, Menemen gobernua agintean zelarik, Luciano Benetton jabetu zen lur horietaz, eta hura da jabea orain ere.

Gobernua

«Zapalkuntza ez zen oraingo gobernuarekin hasi, baina bizitu egin da. Ezin ahaztu dugu oraingo gobernuaren parte dela Basamortuko Kanpainiaren onuradun nagusietako bat, Sociedad Rural Argentina», zehaztu du Moyanok. «Jokoan daude, era berean, agindu zituzten inbertsio oldeak. Eximbank hemen da berriz: AEBetako banku publiko bat da, atzerrian inbertsioak egin nahi dituzten AEBetako enpresak finantzatzen dituena. Inbertsio horietako batzuk maputxeen lehengo lurretan egiten dira, petrolioa, hidrokarburo ez-konbentzionalak edo presa hidroelektrikoak dauden tokietan. Kontuan hartu behar da maputxe batentzat muino bat, zelai bat edo ibai bat izaki bizidunak direla, eta, ikuspegi horretatik, ezin ulertuzkoa da halakoak sakrifikatzea».

Santiago Maldonado desagertu eta hil ondoren, beste hainbeste gertatu zitzaion Rafael Nahueli. Nahiz eta atzetik eginiko tiro batez hil zuten Nahuel, «aurrez aurreko liskarra» deitzen diote gertakari horri bai gobernuko funtzionarioek, bai komunikabide ofizialistek, hau da, gehien zabaltzen direnek. Hala Patricia Bullrich Segurtasun ministroak, nola German Garavano Justiziakoak, babesa eman zieten bi kasuetan segurtasun indarrei. Nahuel hil ondorengo prentsaurreko batean, Bullrichek honela esan zuen: «Prefekturaren bertsioa egia da guretzat; ez dugu frogarik behar». Mauricio Macri presidenteak, berriz, Bullrich ministroaren esanak berretsi, eta are urrunago jo zuen. Bullrichek kontatu zuenean prefektuak deika ibiliak zirela armak erabiltzeko baimen eske, Macrik harritu plantak egin zituen, eta segurtatu zuen halakorik ez dela gertatzen munduan inon, Argentinako segurtasun indarren ospea arrunt belztu dela azken urteotan, eta, beraz, ezinbestekoa dela kultur aldaketa bat egitea eta «alto ematen bazizuten gelditu beharra zegoen garaira itzultzea».

Alde horretatik, bere burua elkarrizketazaletzat daukan gobernu horrek gaitzetsi egin zuen Villanueva epailearen erabakia: epaile horrexek du esku artean Nahuelen heriotzaren auzia, eta erabaki zuen maputxeen komunitatearekin hitz egiten hastea, baldintza batzuk jarri ahal izan zitzaten. Legebiltzarrerako azken hauteskundeen emaitzek harroturik —ez baitzieten batere ordainarazi Santiago Maldonadoren desagerpen eta heriotza—, eta gogoan izanik Argentinako gizartearen parte batek errepresioa ontzat jo edo justifikatzen duela, barne etsai bat sortuz arreta desbideratu dute, eta bere helburua bete: ez dezatela hitz egin gobernuaren neurriez —besteak beste, gizarte segurantza eta lan sistema arras aldatuko dituen eta, beraz, milioika lagunen bizitzari erasango dion erreforma ikaragarriaz—, eta esku gogorra eska dezatela ahotsa altxatzen ausartzen direnentzat.

Santiago Maldonado eta Rafael Nahuel maputxe herriaren aldeko gazteen heriotzak agerian utzi du mendeetako zapalkuntza, eta erakutsi, halaber, nola eraiki duten barne etsai bat, Argentinako eta Txileko gizartearentzat mehatxagarria, eta halaxe justifikatu errepresio olde bat, gutxitan ikusi bezalakoa. Nahiz eta aspaldi-aspaldiko gauza den jatorrizko herriei ez ikusi egitea, haiek suntsitu nahia eta europar nazio bat izateko grina bezain aspaldikoa, azken hamarkadetan areagotu egin dira haien migrazio prozesuak, lurraldeak suntsitu dizkietelako. Horren ondorioz, bi bide hartu dituzte: hiri garrantzizkoen bazter auzoetara jo dute, edo beren lurrari atxiki berriz. Maputxe izateak lotzen ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna