«Uste genuen mundua gutaz ahantzia zela»

Raqqako herritarrak bizimodu arrunta egiten saiatzen hasi dira, Estatu Islamikoaren okupazioa bukatu eta gero, hondakinen eta gerrako aztarna arriskutsuen artean. Gertatutakoa kontatzeko garaia da han daudenentzat. Etxera bueltatzekoa han ez daudenentzat. Falta direnak bilatzekoa denentzat.

Raqqa, txikitutako eraikinez eta hondakinez beteta. AZAD EVDIKE.
Jose Miguel Arrugaeta. Orsola Casagrande
2018ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Siriako Raqqa hirian gertaturikoa oraintxe hasi da azaleratzen, lau urtean Estatu Islamikoaren mende igaro eta gero. Mina hurbilegi dago oraindik, eta handik ihes egitea lortu zuten herritar zibil gehienak ezin izan dira itzuli oraindik beren etxeen hondakinetara; are gehiago: inork ez daki seguru zenbatek iraun duten bizirik 48 hilabete amaigabe horietan kalifa herri islamikoko hiriburu izandako horretan, ezta nor diren ere birizik iraun dutenak.

Latza da xehe-xehe kontatzea zer gertatu berri den Siriako hiri horretan, krudelkeriaz, heriotzaz eta suntsiketaz betea baitu oraintsuko historia. Hiriko biztanleria arabiarra da nagusiki, eta EIk horixe aukeratu zuen operazio basea jartzeko, Damaskotik behar bezain urruti, eta Turkiako mugatik behar bezain gertu, petrolio esportazioak eta behar zituzten hornidurak bermatu nahian.

Nizarrek mirariz iraun du bizirik setiozko eta beldurrezko lau urte honetan: «Halako batean norbaitek argia itzali izan balu bezala izan zen; eta hortxe izua: ea noizbait piztuko zen berriz». Nizarren hitzotan labur liteke jendearen desesperazioa: «Denbora batez, uste genuen mundua gutaz ahantzia zela eta hiltzea zela gure patua». Baina horra hor argia itzuli den erakusgarririk onena: emakume bat, askatu berritan, islamistek inposaturiko burka astuna kentzen, garrasi batean, behin eta berriz eskerrak emanez miliziano kurduei.

Raqqa askatzeko gudu luzean, SDFko indarrak aritu ziren (Siriako Indar Demokratikoak); haien buru, autodefentsarako milizia kurduak (YPG Herriaren Babes Unitateak eta YPJ Emakumeen Babes Unitateak). Batailak 135 egun amaigabe iraun zuen, harik eta urriaren 17an haien bozeramaileek jakinarazi zuten arte Daex garaitu zutela, eta Mama Khadijah liberatu, bizirik. Huraxe izan zen askaturiko azken herritar zibila.

Teknologia berriei esker, Baran Afrinekin mintzatu gara: miliziano kurdu bat da, erasoaldiaren hasieratik hirian borrokan ibilia. «Orain, kaleko hautsak beste usain bat du. Ez dago bolbora usainik, baizik janari usaina». Komunikazioaren magiaren parte bat da: ezinezkoa da han egotea, baina horrek ez du informatzea eragozten, eta halaxe jakinarazi ahal izan da, batailak iraun duen bitarte guztian, zenbat xaid hil diren —kurdueraz, martiri—, noiz egin den aurrera, noiz atzera, nolakoak izan diren tristura, beldurra edo zoriona haur askatuen irribarrea ikustean, denek ere dudarik gabe «infernua» deitzen duten hiri hartan.

Nizarren hitzek, berriro ere, gogora ekartzen dute hiria eta hango herritarrak nola bizi izan diren lau urtean: «Pentsa zer izango den lau urtean ilunpetan egotea, musikarik gabe, atera gabe, begiradarik ez, irribarrerik ez, musurik ez, haurrik ere ez kalean... Eta emakumea baldin bazara, okerrago: burka eramatera behartua izateaz gainera, arriskua zenuen atxilotua izatekoa, Daexekoek bortxatua, baita saldua ere».

Muezzinak eta fusilak

Raqqa laborategi bat izan zen EIrentzat, ikusteko nolakoa izango litzatekeen bizimodua bere interpretazio erlijiosoaren pean. Emaitza: ezin konta ahala pasadizo eta bizipen izuzko eta laborrizko. Musika debekaturik zegoen, eta bi soinu mota bakarrik baimendurik: batetik, muezzinaren kantuak, otoitzera deitzekoak; bestetik, fusilen hotsa, bizimodurik pertsonal eta intimoenen arau zorrotzak eta portaera kodeak. Betetzen ez zituenarentzat, tortura, zigor fisikoak edo heriotza —lepoa moztuta edo gurutziltzatuta, hiriko plazetan—.

SDF koalizioko indarrek —alegia, milizia kurduek, gutxiengo kurdu-yezidiak eta arabiar, turkman eta aramear batzuek—, azkenean, lortu zuten hiria setiatzea eta barrenean sartzea, gutxika-gutxika, etxez etxe, eta, aurrera egiten zuten heinean, egiaztatu zuten, herritar liberatuek kontaturik, zeinen krimen lazgarriak gertatu ziren han. Ehunka lagun behartu zituzten tunelak zulatzeko lan egitera gau eta egun, atsedenik gabe, esklabo; tunel haiexetan prestatzen zituzten erasoak eta sarraskiak, lurpeko toki haietan gerora aurkituriko dokumentazioak erakutsi duenez. Minaz eta tranpaz josiak zeuden kaleak; Baran Afrin milizianoak ondotxo daki: «Etxeko metodoak asmatu behar izan ditugu minak zartarazteko, minek gu zartarazi baino lehenago». Minen erabilera masibo horren ondorioz, miliziano asko eta asko hil dira.

Tunel sistema hori Daexen defentsaren oinarria zenez, SDFko milizianoek sarrera-irteerak itxi zizkieten tunelei, harriak kiloka jarriz, milizianoek bizkarrean eramanak; koordenatuak identifikatu ondoren, Mendebaldeko aliatuei bidali, eta haiek airetik bonbardatzen zituzten tunelak. Baranen arabera, lurpeko toki haiek «gerraren parte garrantzizko bat dira».

Azkenik, urriaren 17an, milizanoak eta askaturiko herritar batzuk hiriko estadioan elkartu ziren liberazioa eta garaipena aldarrikatzeko, baita hiriaren administrazioa antolatzeko ere. Harrezkero, Raqqako Kontseilu Zibilak bere esku du barne segurtasuna, iheslarien itzulera errazteko, ordena ziurtatzeko eta gehiegikeriak eta harrapakeriak eragozteko; era berean, SDFko milizianoek, herritarren laguntzaz, hiriguneko minak kentzeari ekin zioten. Lantegi arriskutsu horretan, hiriko emakume asko aritu ziren, azken asteetan YPJ milizietan sartuak, Xilan Raqqak kontatu duenez: «Pentsatzen nuen sekula ez nintzela lehen bezala biziko; YPJko emakumeen batailoiarekin harremanetan jartzean, ordea, ez nuen dudarik izan bat egiteko; orain, lan egin nahi dut nire hiriko emakumeen alde, libre eta independenteak izateko». Musika aditzen da, berriro, erorian den hiri hartan. «Onena, zera: egongela baten hondakinetan, jendeak bazkaria antolatzen duela auzokoekin, dena denona eginez, eta, bazkaldu ondoren, gazteek dantzan egiten dute».

Erakusketa hondakinetan

Hondakinez eta suntsiduraz beteriko paisaia batean, kultura ere bada hiriarien argi berriaren parte: arte kolektiboko lehenbiziko erakusketa egin berri dute, Mendebaldeko Kurdistango Intelektualen Elkarteak antolaturik.

Rojavako intelektual multzo bat Raqqara joan da erakusketa ikustera. Haien artean da Azad: zinema zuzendari dihardu, eta berriemaile-borrokalari izana da sorterrian, Ras al-Aynen, sorbalda batean fusila eta bestean kamera. Aukeratu duten tokia ez da edozein: Neim plaza sinbolikoan dago margolanen erakusketa. «Orain dela bi hilabete arte, debekaturik zegoen plaza honetara etortzea: Daexek hemen egiten zituen exekuzioak; beltza zen dena. Gaur, hemen gaude, eta plaza kolorez bete da».

Artisten koadroak eta instalazioak aire zabalean egon dira ikusgai, eta, egoerak hartaraturik, oso modu kaskarrean, baina, hala ere, ehunka lagunek ikusi dute bi egunean Artea gerraren kontra izeneko erakusketa. Intelektualen Elkarteko presidenteak, Ehmede Huseyin poeta ezagunak, hau baieztatu zuen erakusketa zabaltzeko ekitaldian: «Artistek bizia sor dezakete heriotzatik. Intelektualek oso eginkizun garrantzizkoa dute gerra denboran». Sema Kobane artista eta milizianoa, uniformea jantzita, honela mintzatu zen bere obra aurkeztean: «Fusila hartu behar izan nuenean, pentsatu nuen sekula ez nuela brotxa albo batera utziko. Zeren, gaur gerran bagaude eta izuaren kontra borrokatu behar badugu, badakit bihar beste arma bat hartu ahal izango dudala, bizia eta haren koloreak pintatzeko nire brotxa. Horregatik nago plaza honetan, gerraren kolore ilunak ezabatu eta biziaren kolore argiak margotzeko».

Azadek honela bota du, erakusketa filmatzen ibili ondoren: «Behin ere ez zait ahaztuko nola barre egiten zuen neskatila batek, Neim plazan dantzan, zoriontsu. Leherketak aditzen ziren oraindik, noiz urrun noiz hurbil, baina zoriona jabetu zen plazaz, eta, azkenean, kasurik egiten ez genion soinu bat baino ez ziren eztandak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.