Katalunia. Jazarpen judiziala

Belgikako justiziak kolpe bat eman dio Madrilen estrategiari

Bruselako auzitegiak ez du onartu Comin, Puig eta Serret kontseilarien aurkako euroagindua, forma akats batengatik. Puigdemontentzat aurrekari izan liteke, abokatuaren iritziz
Toni Comin kontseilaria auzitegira iristen, atzo, Bruselan.
Toni Comin kontseilaria auzitegira iristen, atzo, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE

Mikel Rodriguez -

2018ko maiatzak 17
Belgikako justiziak ez du onartu Toni Comin, Lluis Puig eta Meritxell Serret Kataluniako Gobernuko kontseilari kargugabetuen aurkako euroagindua, eta egoera txarrean utzi du Espainiaren estrategia judiziala nazioartean. Hirurak atzo pasatu ziren Kontseilu Ganbarako epailearen aitzinetik, Bruselan, eta kautela neurririk gabe aske utzi zituen, euroagindu eskaeran forma akats bat dagoela argudiatuta. Carles Puigdemonten abokatuaren arabera, Kataluniako presidente kargugabetuaren kasuan ere Alemaniako justiziak erabaki berbera har lezake. «Akatsa formala da, baina arazoa funtsean dago», erran zuen Cominek auzitegiaren atarian. «Llarenaren inputazioak ez dira arrazoizkoak Europako justiziarentzat».

Gonzalo Boye kontseilarien abokatuak RAC1 irratiari azaldu zion Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak egin duen akatsa. «Euroaginduaren eskaeran ez zegoen atxilotze agindu nazionalik. Euroaginduen lehenbiziko mailako gauza bat da hori». Euroaginduak herrialde bakoitzeko fiskaltzak aurkezten ditu atzerriko epaile baten eskariz; kasu honetan, ordea, Belgikakoak erran du ez zegoela eskaera tramitatzerik.

Orain, zerbait egitekotan, Espainiako justiziak bertze euroagindu bat eskatu beharko luke; hirugarrena litzateke jada, lehenbizikoa Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak eskatu baitzuen, eta Llarenak berak erretiratu egin zuen Kataluniako prozesu independentistaren aurkako kausaren ardura hartu zuenean. «Uste badute forma akats hori konpon litekeela, Belgikako auzitegiari jakinaraziko diote», erran zuen atzo Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak, epaileek egin lezaketenari buruz. Espainiako hainbat hedabidek argitaratu dutenez, Auzitegi Gorena haserre dago Belgikako ustiziarekin, uste dutelako «konpromiso falta» duela.

Boye abokatuaren arabera, Llarenak akatsa zuzendu eta aurkez lezake bertze euroagindu bat, baina uste du politikoki kalte handia eginen liokeela Espainiari nazioartean. «Pentsatu beharko litzateke ea zuzena ote den akats horiekin eta justiziaren funtzionamenduaren ezezagutza horrekin politika judizializatuta edukitzea». Puigdemonten abokatu Jaume Alonso Cuevillasek dioenez, presidentearen kasuan eta Clara Ponsati Eskozian erbesteratuta dagoen kontseilariarenean ere forma akats berbera egon liteke. Puigdemonten kasua Schleswig-Holstein landerreko Auzitegi Nagusiaren esku dago. Ponsatiren auzia, berriz, abuztuaren 1ean ebatziko dute Edinburgon.

Bruselako auzitegiaren berria pozez hartu dute independentistek, baina, zeharka, argitu beharreko arazo bat sortu die. Izan ere, Cominek zituen kautela neurriak bertan behera gelditu dira, eta horien artean zegoen Kataluniako Parlamentuan botoa delegatzeko aukera. Espainiako Erresumara itzuli ezean —atxilotu eginen lukete—, ezinen du botoa delegatu; hortaz, diputatu aktari uko egin eta bertze norbaitek ordezkatu ezean, JxC Junts Per Catalunyak eta ERCk 65 boto izanen dituzte, alderdi unionistek baturik duten kopuru berbera. CUPen lau botoek hautsiko lukete berdinketa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna