«Vallsek iragan gehiago du etorkizuna baino»

Pisarello ez du kezkatzen Frantziako lehen ministro ohiak eta independentistek Bartzelonako alkatetza eskuratzeko duten xedeak. Uste du ERC Comuren jarrerara hurbildu dela nazio mailan.

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2018ko urriaren 6a
00:00
Entzun
2001etik Bartzelona du bizitoki Gerardo Pisarellok (Tucuman, Argentina, 1970). Aita Argentinako diktaduran desagerrarazi zuten UCR Batasun Zibiko Erradikaleko kide izateagatik. 2015az geroztik Bartzelonako Udaleko alkateordea da Barcelona En Comu alderdiarekin. Euskal Herrira egindako bidaiaren biharamunean solastatu da BERRIArekin. «Arrasateko kooperatibismoa ezagutzeko aukera izan nuen, eta itzuli naiz Bartzelona eta Katalunia mondragonizatzeko gogoz. Kooperatibismoa da, dudarik gabe, eredu ekonomikorik justuenetako bat demokrazia ekonomikoari dagokionez».

Euskal Herrian zinen bitartean, Katalunian urriaren 1eko erreferendumaren urteurrena izan da. Nola ikusten duzu egoera?

Inplikazio handia izan nuen joanden urriaren 1ean. Nire semearekin pasatu nuen gaua botoa defendatzeko, bere institutuan. Egonezin, berotasun eta poztasun sentimenduak datozkit burura. Eta, noski, polizien eraso krudelak eragin zuen tristura ere. Urtebete geroago gertatzen dena da Generalitateko gobernua galduta dabilela, urriaren 1eko mobilizazioari erantzuna emateko bide-orri bat egiterakoan. Herritarrak desengainatuta daude, Torra presidentea gehiegi puztutako erretorikan murgilduta dagoelako.

Zein da testuinguru honetatik ateratzeko gakoa?

Iazko urriaren 1ean eta 3an ikusi genuen elkartasuna berreskuratzea. Alde bakarreko apustuaren akatsa izan zen jende gehiegi utzi zuela borrokatik kanpo. Eta, zeharkakotasun horri eusteaz harago, garrantzitsua da ziklo politiko berri bat eraikitzea, orain arteko mugak gainditu eta inklusiboa izango dena.

Aste honetako osoko bilkuran azaleratu da gobernuko bazkideen arteko banaketa.

ERCren adierazpenek orain antzekotasuna dute guk betidanik defendatu izan dugun planteamenduarekin. Larria iruditzen zait gobernuaren jarrera, batez ere, orain arte ikusi dugun bezala, independentismoaren zati baten kudeaketa txarrak puzten baitu Ciutadansen kontakizuna.

Zer deritzozu Quim Torra Kataluniako presidenteak Pedro Sanchez Espainiakoari egindako ultimatumaz?

Quim Torrak CDRen mobilizaziora deitu eta une berean euren kontra neurritik ateratako mossoen oldarraldia baimendu zuen bezala, orain, Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko aldebiko bilerak gauzatzen ari diren bitartean, bideragarritasunik gabeko ultimatuma egiten du.

Urriaren 27tik aurrera legeak bermatzen du hauteskundeak deitzea. Gertatuko da?

Ez zait aukerarik hoberena iruditzen, Kataluniak orain hiru behar funtsezko dituelako: errepresioaren kontrako fronte demokratiko bat osatzea; adostutako erreferendumaren aldeko estrategia sendotzea; eta, azkenik, herritarren bizimodua hobetzea bermatuko duen akordioen politika sustatzea. Ez dut uste ultimatum honek herritarren oinarrizko beharrak aseko dituenik.

Testuinguru honetan Bartzelonako Udalean abiatu da lehen legealdiaren azken txanpa. Nola aurre egiten diozue?

Batetik, orain arteko gure gobernuko ildoa sendotuz. Gogoratu beharra dago gobernura iritsi ginela botere ekonomikoen eta hedabideen babesik gabe. Eta egiaztatu dugu udalaren kudeaketa eraginkorra egin dugula, politika tradizionaletik ihesi eta etorkizunerako lerroak markatuta: politikaren feminizazioan, kutsaduraren kontrako borrokan, zientzian egindako apustuan eta beste hainbat kasutan, adibidez. Era berean, Generalitatearekin eta Espainiako Gobernuarekin akordioetara iritsi nahi dugu gure politikak bermatu ahal izateko. Ezinbestekoa da Mariano Rajoy gobernutik kanpo utzi zuen koalizioa gutxieneko adostasunetara iristea, Europan nagusi den eskuin muturraren hazkundearen kontra egiteko.

Manuel Vallsek joan den astean aurkeztu zuen Bartzelonako alkate izateko hautagaitza.

Vallsek iragan gehiago du etorkizuna baino. Legitimoa da bere hautagaitza, noski, nahiz eta Frantzian sustatu dituen politika denak zalantzan dauden han eta hemen. Bertzalde, zail egiten zait berak hautagaitza hau sinestea, kontuan hartuta lehenagotik adierazia zuela Frantziako hauteskundeak galduta politika utziko zuela. Tira, esango nuke bere hautagaitzak erantzuna ematen diola azken urteetan hautagai propiorik gabe zeuden Bartzelonako eliteen beharrari. Duen arazorik larriena da berak aukera moderatu eta moderno gisa aurkeztu nahi izan duen arren, babesa eman dion alderdi bakarra Voxetik geroz eta hurbilago dagoen Ciutadans izan dela.

Alderdi independentistak ere lanean ari dira Kataluniako hiriburuaren udala eskuratzeko.

Desadostasun gehiegi ikusten ditut alderdi independentisten artean hori bermatu ahal izateko. Guretzat desiragarriena da, esan bezala, ziklo politiko berri bat eraikitzea ezkerretako alderdiak ados jarriz. Bartzelonan sustatu ditugun politikarik eraikitzaileenak gauzatu ahal izan ditugu, oro har, ezkerretako alderdiak ados egon garenean.

Zuen alderdian dimisio garrantzitsu bat gertatu da: Xavier Domenechek Catalunya En Comuren buruzagitza eta parlamentuko diputatu akta utzi zituen. Barne krisi bat da?

Maiatzaren 15eko mobilizaziotik jaio zen Barcelona En Comuko proiektua esparru nazionalean sustatzeko erronka ez zen halamodukoa. Domenech oso gai zen hori egiteko, baina, noski, ondorioak izan ditu. Tira, krisi gisa ulertu daiteke, baina, krisia aukera ere bada hein batean. Irudi berriak agertzen ari dira, emakumezkoak, erronka hau asetzeko. Eta argi dago Kataluniak ezinbestekoa duela federalistak, konfederalistak eta independentistak elkartu eta proposamen errepublikano eta feminista ahalbidetzen duen Comuren esparrua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.