Maria Prieto O'Mullony. Super Amara Bera Berako jokalaria

«Estropezuak are gehiago ordaintzen dira sasoi honetan»

Martxotik min hartuta egon eta gero, Prieto O'Mullonyk aurreko asteburuan egin zuen debuta Bera Berarekin. Ro'Casaren aurka jokatuko dute gaur, lehen postua sendotzeko asmoz.

JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Udan haien aurka Superkopa galdu izanaren arantza kendu nahi du gaur Super Amara Bera Berak Ro'Casaren pabiloian (21:00, Teledeporte). Maria Prieto O'Mullony Bera Berako jokalariak (Zamora, Espainia, 1997) uste du ez duela zerikusirik izango orduko norgehiagokarekin. «Ondo jokatu genuen, baina ez geunden guztiz egokituta. Orain askoz gehiago eman dezakegu».

Sei hilabete jokatu ezinik eman eta gero, aurreko asteburuan egin zenuen debuta Bera Berarekin. Gainera, zure talde ohia izan zenuen aurrean, Aula Valladolid. Berezia izango zen, ezta?

Emozio handiko partida izan zen horregatik guztiagatik. Baina, batez ere, jokalari sentitzeko aukera izan nuelako berriro. Niretzat garrantzitsuena zen belaunak ondo erantzutea, minik ez izatea eta enbarazurik ez egitea. Alde horretatik, sentipen onak izan nituen, eta pozik nago. Jokoari dagokionez, taldera egokituz joan behar dut pixkanaka. Bigarren zatian, bereziki defentsan, antzeman nuen ez nagoela taldekideen erritmoan. Baina normala da.

Zer pasatu zitzaizun burutik Bera Berak zu fitxatu eta astebetera ezker belauneko lotailu gurutzatua eta meniskoa apurtu zenituenean?

Hasieratik izan nuen Bera Beraren eta Aularen laguntza, eta hori beti eskertuko diet. Baina lehen hilabetea oso gogorra izan zen. Amorratuta nengoen. Baina gero lasaitu egin nintzen, eta osatze prozesuari ekin nion. Hasieran jendearen laguntza duzu, baina, asteak aurrera doazenean, lan guztia zuk egin behar duzu. Pazientzia izaten ikasten da. Taldearekin entrenatzen hasi naizenetik, jabetu naiz oso baliagarria izaten ari zaidala ikasitakoa. Izan ere, lehen jaurtiketak huts egiten nituenean, itsutu egiten nintzen askotan. Orain, berriz, lasaiago hartzen ditut gauzak, eta ziur naiz horrek huts gutxiago egiten lagunduko didala.

Kanpotik jarraitu izan duzu orain arte taldearen jarduna. Larunbatean, barrutik, nola ikusi zenuen?

Lehen hamabost minutuak ez ziren onak izan. Defentsan ez ginen batere fin aritu. Baina, hortik aurrera, taldeak partida ona egin zuen. Une oro pentsatu nuen irabazi egingo genuela, nahiz eta Aula aurkari deserosoa den. Bera Berari kosta egin izan zaio mendean hartzea, baina merezita irabazi genuen oraingo honetan.

Gaur Ro'Casaren aurka jokatuko duzue, Liga irabazteko borrokan aurkari zuzenetako bat denaren kontra. Nola zaudete?

Aste arraro samara izan da, tartean Eguberrietako jai egunak egokitu direlako. Baina taldea bere sasoi onenetatik gertu ikusten dut, eta baikor naiz. Partida ederra izango dela uste dut, haiek ere garai onean daudelako.

Ro'Casak, hala ere, jada bi partida galdu ditu: Guardesen eta Alcobendasen aurka. Gorabehera dezente izan ditu. Zein Ro'Casa espero duzue gaur?

Ezustea Alcobendasen aurka galtzea izan zen. Baina liga honetan geratzen ari dira halako emaitzak, eta, deskuidatuz gero, edozeinek irabazi ahal dizu. Baina Ro'Casa onena espero dut, halako partidetan hazi egiten delako, eta etxean intentsitate handiz jokatzen duelako. Talde borrokalaria da. Dena den, gu ere nortasun handiko taldea gara, eta sasoi honetan bertan erakutsi dugu. Ia partida osoan atzetik joan eta gero, gai izan ginen Elxen aurka berdintzeko eta Granollesi irabazteko. Lehen postua sendotu nahi dugu gaur irabazita.

Nola eragin diezaieke Sayna Mbengueren faltak?

Asko. Jokoa oso ondo ikusten duen jokalari bat da, eta urrutitik jaurtitzaile aparta. Ezaugarri berezi bat du, gainera: ezkerra izan arren, eskuinean jokatzen duela. Sayna gabe, aukera gutxiago dituzte erasoan, eta hori baliatu behar dugu. Baina beste jokalari on eta erabakigarri asko ditu, eta Haridian Rodriguez, Tidara Trajaola eta Lissandra Lussonen gisako jokalariak gertutik zaindu beharko ditugu. Lussonen urrutiko jaurtiketek min handia egin ziguten Superkopan, eta saihestu egin egin behar ditugu. Irabazi nahi badugu, defentsan sendo eta oso batuta egon beharko dugu, Ezin dugu Aularen aurkako lehen minutuetan bezala defendatu; bestela, jai dugu. Erasoan, berriz, lasai jokatu behar dugu, jakinda Silvia Navarro atezain puska dela, eta partida guztietan jaurtiketa asko ateratzen dituela.

Irabaziz gero bost punturen aldea aterako zeniekete. Bada zerbait, ezta?

Garrantzitsua litzateke. Are gehiago haien pabiloian jokatuko dugula kontuan hartuta, eta bigarren itzulian hona etorri behar dutela. Gainera, hain partida gutxiko liga honetan, partida guztiak erabakigarriak dira, eta estropezuak are gehiago ordaintzen dira. Horrek une oro adi egotea eskatzen dizu, eta oso zorrotza izatea. Bera Beran, dena den, beti izan da horrela, goran egotea izan baita helburua.

Exijentzian alde handia nabaritu duzu Aularekiko?

Bai, baina eskertzekoa da. Ligako talderik onena izateaz gain, horrek erakarri ninduen gehien Bera Berara etortzeko: irabaztea betebehar bat da. Gainera, hemen dena askoz egituratuago eta profesionalizatuago dago; bai kantxan, bai hortik kanpo. Jokatzeko orduan antzeman dut hori batez ere. Valladoliden golegile nagusia nintzen, eta bakarkako jokaldietan nabarmendu behar nuen. Hemen, berriz, talde jokoa da nagusi, eta taldekideek sortzen dizkidate golak egiteko aukerak. Abantaila handia da hori.

Golegile petoa zara. Hortik harago, zertan antzeman daiteke zure ekarpena?

Nire erronka nagusia defentsan hobetzea da, hori baita Bera Beraren indargune nagusia. Onenekin nago, eta entrenamendu bakoitzean ikasten dut. Oso gustuko dut Imanolen [Alvarez entrenatzailearen] lan egiteko era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.