Ahed Tamimi epaitzen hasi dira, begiraleak eta kazetariak kanpoan utzita

Ahed Tamimi, atzo, STRINGER / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Ahed Tamimi eskuetan eta oinetan eskuburdinak zituela eta ahoan irribarrea zuela iritsi zen auzitegi militarrera. Israel atzo hasi zen 17 urteko palestinarra epaitzen, baina lehen saioa ateak itxita egin zuten; hasieran nazioarteko begiraleak eta kazetariak aretora sartzen utzi zituzten arren, ondoren kanporatu egin zituzten. Auziak ikusmin handia piztu du, adingabea erresistentziaren ikur bilakatu baita.

Tamimi iragan abenduaren 19an atxilotu zuten, lau egun lehenago, hilaren 15ean, soldaduei bere etxeko atarian kontra nola egin zien erakusten zuen bideoa sare sozialetan eta komunikabideetan zabaldu ostean. Ordutik atxilotuta dago gaztea, eta haren kontra hamabi akusazio jarri dituzte: tartean, segurtasun indarrei erasotzea, mehatxuak egitea, harriak botatzea eta manifestazioetan parte hartzea. Hamar urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete. Martxoaren 11n egingo dute hurrengo saioa.

Gabi Lasky abokatuaren iritziz, gazte palestinarrei erresistentzian aritzeko asmoa kentzea da auzi honen helburua, eta uste du okupazioa legez kanpokoa den heinean auzia ere legez kanpokoa dela. Amnesty International erakundea iritzi berekoa da, auzi honek haur eta gazte palestinarrak ikaratzea lortu nahi duela adierazi baitu. Tamimi askatzeko ere eskatu du AIk: «Armarik gabeko neska bat ez da mehatxu bat». NBE Nazio Batuen Erakundeko hainbat adituk ere adingabea askatzeko eskatu dute komunikatu baten bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.