Miquel Salvo. Delteco Gipuzkoa Basketeko jokalaria

«Mailari euts diezaiokegu; ez diogu utzi horretan sinesteari»

Aurreko larunbatean sasoiko lehiarik onena jokatu eta Breogani irabazi ostean, Tenerifen ariko da bihar GBC. Taldea egoera zailean egon arren, psikologikoki «indartsu» ikusten du Miquel Salvok.

DAVID AGUILAR / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Bi denboraldi daramatza Miquel Salvok(Vilanova i la Geltru, Herrialde Katalanak, 1994) Gipuzkoa Basketen. Aurrekoak gozotik izan zuen, eta oraingoak, gazitik. Baina bietan erakutsi du ez dela ezkutatzen eta ardurak hartzen dituela. Aitortu du ez zuela ondo hasi denboraldia, baina orain «sasoi onean» ikusten du bere burua. «Gauzak argi ditut, eta konfiantzaz nago».

Azkeneko partidan Breogani 35 puntugatik irabazi eta gero, berriz piztu al da mailari eusteko itxaropena?

Garaipenek lasaitasuna, sinesgarritasuna eta konfiantza ematen dizute eguneroko lanean, are gehiago gure egoeran. Behar eta merezi genuen halako partida bat egitea. Esaten genuen ez geundela hilda, eta erakutsi dugu. Pena izan zen Murtziak eta Fuenlabradak ere irabazi egin zutela.

Denboraldi osoan aipatu izan duzuen mugarri hori izan daiteke garaipena?

Bai. Bagenekien Breoganen aurkako partida erabakigarria izango zela mailari eusteko borrokan bizirik jarraitzeko, eta ahalik eta puntu gehienengatik irabazi nahi genuen, konfiantza hartzeko.

Nola azaldu daiteke hain egoera zailean dagoen talde batek halako garaipen bat lortzea?

Taldeak gaitasuna eta indarra du halako partidak egiteko. Galdu ditugun norgehiagoketan ere erakutsi dugu. Sei partida azken unean galdu ditugu, eta, horietatik hiruzpalau irabazi izan bagenitu, jaitsiera postuetatik kanpo egongo ginateke. Azken partidetan, gainera, taldea beste modu batera jokatzen ari da: lasaiago,biziago, eta gauzak argiago dituela.

Fitxatutako jokalari berriek, Nick Zeisloftek etaMatic Rebecen, zer zerikusi dute horretan?

Taldeari freskotasuna eman diote. Maticek energia eta bizitasun handia dauka, eta joko ikuspegi oso ona. Paseak ematen oso trebea da. Nick, berriz, jaurtitzaile peto-petoa da. Egun ona edo txarra izan, ez du bitan pentsatzen. Asko laguntzen ari zaigu.

Jokalari horiek aurretik fitxatu izan balira, gauzak bestelakoak izango lirateke?

Alferrik da horretan pentsatzea. Iraganak ez du ezertarako balio, eta une honetan gaudenekin atera behar dugu aurrera.

11 partida falta dira liga amaitzeko. Egutegia ikusita, hurrengo lau partidak erabakigarriak izan daitezke mailari eusteko duzuen benetako aukera neurtzeko?

Bai. Teneriferen, Andorraren, Estudiantesen eta Manresaren aurka jokatuko dugu, eta, gai bagara azken partidetan bezala jokatzeko, uste dut aukera izango dugula garaipen batzuk kateatzeko. Azken jardunaldietara mailari eusteko aukerarekin ailegatzea da gure helburua.

Azken bi partidak, ordea, Bartzelonaren eta Real Madrilen aurka jokatuko dituzue.

Argi dago ligako talderik indartsuenak direla. Baina azken jardunaldietan beti izaten dira ezusteak. Gerta daiteke ordurako erabakita egotea zer postutan amaituko duten liga erregularra, edo Euroligan pentsatzen egotea. Baina, ezuste hori emateko, bizirik iritsi behar dugu partida horietara.

Kalkulagailua oso presente duzue taldean? Kalkulatu duzue zenbat garaipen beharko dituzuen mailari eusteko?

Ez diegu zenbakiei erreparatu nahi, hori ere aurkarien emaitzen arabera egongo baita. Dena oso parekatua dago, eta arreta osoa gugan jarri nahi dugu. Partida guztietan egoera hau iraultzeko dugun grina erakutsi behar dugu.

Bi talde utzi behar dituzue atzean. Zeintzuk izan daitezke?

Breogan, Murtzia, Fuenlabrada eta Kanaria Handia hor egon daitezke.

Psikologikoki nola daramazue hainbeste denbora sailkapenaren zuloan egotea?

Ez da erraza horretara ohitzea. Baina taldea psikologikoki indartsu dago. Minduta gaude egoeragatik,eta partida bakoitzean erakutsi behar dugu. Sailkapenari begira, ezin gara okerrago egon, Alde horretatik, ez dugu ezer galtzeko. Une bakar batean ere ez diogu sinesteari utzi mailari eutsi diezaiokegula.

Arlo tekniko-taktikoan zer duzue hobetzeko?

Esan bezala, arlo horretan gauzak garbi ditugu, eta ez dut uste aldaketa egiteko garaia denik.

Lehen itzuliko arantza kendu nahiko duzue bihar Teneriferen aurka, ezta?

Bai. Partida azken unean galdu genuen, epaileen erabaki eztabaidagarri baten ondorioz. Oso talde ona da, baina ez dago bere unerik onenean. Gainera, jokalari garrantzitsuenetako bat faltako du: Beiran. Etxean, dena den, indartsua da. Garaipena defentsa on batean oinarritu behar dugu, horrek aukera emango baitigu korrika egiteko, eta erasoan lasaiago jokatzeko.

Proiektuan egonkortasuna ikusten duzu?

Bai. Aurrekoak bezala, zuzendaritza honek babes osoa eman digu, eta horrek ziurtasuna eman behar digu. Izan ere, beste talde batzuetan aldaketa asko egon dira. Gure zeregina da konfiantza hori garaipenekin eskertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.