Iñaki Berastegi.
Jon Emili Uriarte. Boleibol jokalari eta entrenatzaile ohia

«Gizartea garatzeko tresna oso aberatsa da kirola»

2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Europan hiru aste egin ditu Jon Emili Uriarte boleibol jokalari eta entrenatzaile ohiak (Buenos Aires, Argentina, 1961). Euskal Herritik itzuli da Argentinara, arbasoen lurraldea gehiago ezagutu, eta aspaldiko lagunei bisita egin eta gero. 1988an, Seulgo (Hego Korea) Olinpiar Jokoetan brontzezko domina lortu zuen Argentinako jokalari gisa, eta Australiako hautatzaile izan zen 2004ko eta 2012ko aldietan. Zazpi urte badira boleibol profesionala albo batera utzi zuela, baina kirolari hertsiki lotuta jarraitzen du, beste zeregin batzuetan bada ere. «Argentinako kirol sistema hobetzeko lanean ari gara». Landa eremuan duen lana militantzia politikoarekin uztartzen du gaur egun.

Zerk ekarri zaitu Euskal Herrira?

Nicolas semea Narbonako [Okzitania] boleibol taldean ari da, eta Europako Challenge Cupeko finalaren itzulerako partida ikustera etorri nintzen. Bidaia aprobetxatzeko asmoz, Australiako hautatzaile nintzeneko lankide batzuei bisita egitea pentsatu nuen. Hala, Guillermo Orduna nire bigarren entrenatzailearekin egon naiz Sorian [Espainia], eta Iñigo Mujikari, selekzioko fisiologo izandakoari, bisita egin diot Gasteizen.

Zure arbasoen lurraldea gehiago ezagutzeko aukera izan duzu?

11 urte zituela, Erandio [Bizkaia] utzi eta Argentinara joan zen nire aitona. Aitonaren eta aitaren bizitzan, diasporatik, presentzia handia izan du Euskal Herriaren bilakaera politikoak. Semeekin apur bat galtzen da. Edonola ere, nire izaeraren zati handi bat hortik dator, euskal kulturatik, eta hori oso argi ikusi dut bidaia honetan. Pertseberantzia eta halako balioak oso presente ikusten ditut hemen: ez ditu kultura kapitalistak irentsi.

Noiz erabaki zenuen, modu profesionalean, boleibola alde batera uztea?

Jokalari gisa 1995ean erretiratu nintzen, eta entrenatzaile, azkenekoz, 2015ean jardun nintzen. Ziklo bat agortu nuela iruditu zitzaidan. Oso zaila zen diskurtsoa hamaikagarrenez berritzea, eta neure buruarekin aspertuta ere banengoen. Goi mailako kirolariek euren egoa asko landu behar dute, eta horretaz ere akituta amaitu nuen azkenerako.

Boleibola utzi eta landa eremuan lan egitea erabaki zenuen. Nolatan?

Agronomia ikasketak amaitu gabe utzi nituen boleibol profesionalean bidea egiteagatik. Pentsatu nuen nire bizitzan atzera bueltatzeko garai aproposa izan zitekeela. Aziendarekin eta zaldiak hezten lan egiten dut orain.

Dena den, horri uko egin gabe, politikan sartzea erabaki zenuen. Zerk bultzatu zintuen horretara?

Mauricio Macri presidentearen gobernuak Argentinako goi mailako errendimendu zentro garrantzitsuena saltzeko asmoa zuela jakiteak bultzatu ninduen horretara. Frente de Todos alderdiko militantea naiz orain [gobernuan dagoen alderdia], eta Argentinako kirol sistema hobetzeko lanean ari gara, kirola herritar ororen eskubidea izan dadin. Horretarako, gobernuak bultzatutako politikak behar ditugu.

Kirolak gizartearen garapenean funtsezko eginkizuna duela diozu. Nola eragin dezake?

Gizartea garatzeko oso tresna aberatsa da kirola, baina kapitalismoak abilezia izan du marketinera eta kontsumismora bideratzeko. Gure bizitzan hain garrantzitsuak izango diren gaitasun asko trebatzeko aukera ematen digu: besteak beste, talde lanera egokitzea, aginduak jasotzea, edo arauak ulertu eta errespetatzea. Gainera, osasuntsu mantentzeko modua ere bada. Argentinan, adibidez, gehiegizko pisuaren epidemia dugu: haurren %60k pairatzen dute. Estatuko politikekin kirolaren ikuspuntua aldatzen ez bada, merkatuaren ikuspegi hori nagusitzen da. Interpretazio mugatu horrekin kirola txirotu dugu.

Zein da Argentinan aurrera atera nahi duzuen egitasmo nagusia?

Eskolara doan eta txertoa jarria duten haurren familiek gobernuaren partetik diru kopuru bat jasotzen dute gaur egun. Gure herrialdean milaka kirol klub eta elkarte daude, eta askok ura eta argia ordaintzeko zailtasunak dituzte. Gure asmoa litzateke klub bakoitzak diru kopuru bat jasotzea klubean izena ematen duen haur bakoitzarengatik. Modu horretara, haurrek kirol gehiago egitea eta klub edo elkarteen egoera ekonomikoa hobetzea sustatuko genuke.

Zure hitzetan, «premiazkoak» eta «behar-beharrezkoak» dira politika horiek.

Bai, elikaduraren eta hezkuntzaren ostean, berehala kirola datorrelako. Gaitasun handia du gizartea aberasteko, eta hori, egun, ez dago sistematikoki bermatua. Kirola herritar ororen eskubidea da, baina ordaintzeko aukera duten pribilegiatu batzuena bilakatzen ari da.

Goi mailako kirolak zer funtzio izan dezake prozesu horretan?

Goi mailako kirolariek formakuntza eta kontzientzia egokia badute, oso funtzio garrantzitsua izan dezakete, eurek ematen dituzten mezu guztiek indar handia dutelako. Horri lotuta, kirol ikonoak eta eurek sortzen dutena modu egokian erabili behar da. Alegia, kirol ekitaldi erraldoi batean 100 milioi gastatzen badira, horrek sortutako gogoa bideratzeko, beste horrenbeste gastatu beharko litzateke herritarrei kirol hori praktikatzeko aukera ematen dien azpiegituran edo sisteman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.