Edu Exposito. Eibarreko jokalaria

«Guztiz konbentzituta nago mailari eutsiko diogula»

Eibar bolada txarrean da, jaitsiera postuetatik oso gertu, baina Edu Expositok taldea gai ikusten du egoera iraultzeko. Uste du «lehenbailehen» garaipen bat behar dutela.

JULIO MUÑOZ / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Futbola burutik kendu ezin duten horietako bat da Edu Exposito (Cubellas, Herrialde Katalanak, 1996). Erdilari gazteak bigarren denboraldia du Eibarren, baina dagoeneko garrantzitsua sentitzen da zelai barruan. Taldea garai txar bat pasatzen ari bada ere, mentalki «ondo» ikusten ditu taldekideak.

Aste garrantzitsuak dira zuentzat. Egunak motzak egiten zaizkizu, ala luzeagoak?

Motzak egiten ari zaizkit, baina duten garrantziagatik bainoago, jokatzen dugun egunarengatik. Azkenaldian larunbatetan ari gara jokatzen, eta kasu horietan guk astelehenetan jai izaten dugu. Sentsazioa da astea motzagoa dela.

Atzetik dituzuen hiru taldeen aurka jokatzetik zatozte (Valladolid, Elx eta Huesca), eta bederatzi puntuetatik bi besterik ez dituzue lortu. Merezitako puntuak eskuratu dituzue?

Etxean jokatutako partidak oso onak izan ziren. Valladoliden aurka, zoritxarrez, atzetik jarri ginen penalti arraro bat eta gero, baina taldea orokorrean oso ondo egon zen, eta uste dut garaipena lor genezakeela. Huescaren kontra, berdin: lehenengo zatia oso ondo, eta bigarren zatiko gure beherakada batean gola sartu ziguten. Zorionez, azkar berdintzea lortu genuen, baina gehiago merezi genuela uste dut.

Ohi baino gehiago kostatzen ari zaizue etxean irabaztea; garaipen bat besterik ez duzue eskuratu. Zaleen faltak beste taldeei baino gehiago eragiten dizue?

Bai. Etxeko partidetan pixka bat gehiago kostatzen ari zaigu, eta bistakoa da gure zaleen beharra dugula. Gezurra ematen du, baina eragin handia dute. Jokaldi txar baten ondorengo animoak, korner bat lortzen duzunean ematen dizuten bultzada hori... Asko balio du horrek.

Aste honetan ere aurkari zuzen baten aurka lehiatuko zarete: Cadizen aurka. Zer-nolako aurkaria espero duzu?

Cadiz oso talde gogorra da, atzean egotea eta kontraerasoan ateratzea gustatzen zaion talde bat. Baina etxean jokatuta eta puntu beharrean egonda, oso partida lehiatua ikusiko dugula uste dut. Azken jardunaldietan ikusi dugunaren antzeko zerbait.

Zein da gakoa hiru puntuak poltsikoratzeko?

Aurretik jartzen denak irabazteko aukera asko izango ditu. Bai Cadizi bai guri oso zaila da gol asko sartzea, eta estreinako gol hori sartzea garrantzitsua izango da. Handik punturen bat eskuratzeko mentalitatearekin atera beharra daukagu, eta, ahal baldin bada, partida irabazi.

Zer egoeratan zaudeten ikusita, ordea, puntu bat ez al da gutxiegi?

Garaipen bat behar dugu. Taldeak hiru puntuko partidak behar ditu, eta guk hori badakigu. Baina, halere, puntuak batzea beti da garrantzitsua, eta ezin gara garaipenarekin itsutu. Oraindik jardunaldi asko falta dira, baina egia da partidak irabazten hasi beharra daukagula. Baina taldea ondo dago. Elxen jasan genuen porrot hori eta gero, erakutsi genuen gai garela Huescaren aurkako norgehiagokan lehiatzeko.

Jose Luis Mendilibar iaioa da egoera hauetatik ateratzen. Nola ikusten duzue? Urduri dago?

Bera lasai dago; ondo eramaten ari da hau dena. Oso exijentea da gurekin, horrelakoa delako bere izateko era, baina lasaitasuna transmititzen digu. Berak badaki guk beragan sinesten dugula, eta nik uste dut berak ere gugan sinesten duela. Orain arte bezala, batuta jarraitzen badugu, erraza izango da helburuak lortzea.

Hau zure bigarren denboraldia da Eibarren. Etorri zinenetik asko jokatu duzu, eta oso ondo, gainera. Garrantzitsua sentitzen zara?

Bai, entrenatzaileak konfiantza eman dit lehen egunetik. Aurreko sasoian partida gehiago pasatu nituen aulkian, baina orduan ere bere babesa sentitzen nuen. Orain asko jokatzen ari naiz, eta garrantzitsua sentitzen naiz taldean.

Ipuruatik edo Atxabalpetik ateratzean futbola erraz ahazten duten horietako bat zara, ala buruari buelta asko ematen dizkiozu?

Futbolaz ahaztea lortuko banu... Baina ez, ezin dut [barrez]. Partida txar baten ondoren, hurrengoa ahalik eta azkarren izatea behar dut, aho zapore txar hori lehenbailehen kentzeko. Eta ona bada, baita ere ahalik eta azkarren.

Egoera honek asko eragiten al dizu zure eguneroko bizitzan?

Emaitzak onak ez direnean beti eragiten dute egunerokotasunean. Buruari ahalik eta buelta gutxien ematen saiatzen naiz. Azkenean, egoera den bezalakoa da, eta mentalki ondo egotea da garrantzitsua. Alde horretatik ondo gaudela uste dut.

Eibar onenen artean egongo al da beste urte batez?

Datozen asteak oso gogorrak izango direla ziur nago. Jardunaldi gutxi geratzen direnean, sekulako tentsioa egoten da berdegunean. Baina guztiz konbentzituta nago mailari eusteko helburua lortuko dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.