Achille Polonara. TD Systems Baskoniako jokalaria

«Nire ibilbideko denboraldirik onena egiten ari naiz»

Hegal-pibota. Hori azaltzen da italiarraren definizioan. Jar zezakeen hau ere: ondo moldatzen da ia denean, eta Ivanovicen gustukoa da. Ondo jokatzen dabil, «garrantzitsu» sentiarazten baitute.

AITOR BOUZO / SASKI BASKONIA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Zer moduz dagoen galdetu, eta erantzuna: etxean dela, alaba jaio berriarekin eta emaztearekin. Bazkaldu eta segituan [atzo] badoala taldekideekin Madrilera, gaur Real Madrilen pistan ACB ligako partida baitu TD Systems Baskoniak (21:15). Eta Gasteizen geratzen bada datorren sasoian, promesa egin du Achille Polonarak (Ancona, Italia, 1991): euskaraz ikasiko duela.

Facundo Campazzo gabe ariko da gaur aurkaria. Hobe, ezta?

Partida oso zaila izango da Campazzo gabe ere. Jokalari oso onak dauzka bestela ere. Campazzo onenetako bat zen, baina sekulako taldea da oraindik.

Baskoniak partida ona egin beharko du, hala ere. Bestela, jai.

Hori da. Jo eta su jokatu behar dugu: bestela, ia ezinezkoa da irabaztea. Kontuan izan behar da Real Madrilek ACB ligako partida guztiak irabazi dituela [11]. Anbizio horrekin goaz: ligan irabazten dien lehen taldea izan nahi dugu. Euroligan menderatu genituen, Gasteizen, eta erakutsi genien gai garela irabazteko.

Zer irizten diozu taldea egiten ari denari?

Euroliga oso lehiaketa zaila da, ACB baino zailagoa. Arraroa ere bada, jardunaldi guztietan izaten baita emaitza harrigarriren bat: handienak ere galtzen ari dira talde apalen aurka. Ia denboraldiaren hasieran gaude, eta gauza asko gerta daitezke oraindik.

Zein dira taldearen helburuak?

Espainiako Koparako sailkatu nahi dugu, eta gero, ligan, ahalik eta ondoen sailkatu, kanporaketak jokatu aurretik. Euroligan, beste horrenbeste: zortzi onenen artean bukatu nahi dugu lehenengo fasea, eta kanporaketetan aritu ondoren.

Hilabete honetan, gaurkoaz gain, beste hamar partida jokatuko dituzue, eta gehienak, etxetik kanpo. Gogorra?

Abendua pixka bat zaila izango da, etxetik kanpo direlako partida asko. Kanpoan bat irabaztea etxean bi irabaztea bezala da, asko balio baitu etxetik urruti gailentzeak. Oso hilabete garrantzitsua da guretzat.

Zure ibilbideko denboraldirik onena da hau?

Bai; zalantzarik gabe, inoizko ondoen ari naiz. Ardura handia daukat taldean eta jokoan, eta aurreko denboraldian baino askoz gehiago ari naiz jokatzen. Taldekideen eta Duskoren [Ivanovic, entrenatzailea] konfiantza daukat, et,a ondorioz, errazagoa da niretzat horrela jokatzea. Aurreko sasoian nuen egoera deserosoagoa zen niretzat, Tokoren [Xengelia] moduko jokalari on baten ordezko nintzelako eta ez nuelako asko jokatzen. Ez neukan ardurarik. Oso ondo ari naiz, eta horrela jarraitu behar dut. Tira, horrela ez, hobetzen segitu behar dut.

Ivanovicek ez dizu barkatuko, bestela.

Dusko haserretu egingo da, eta arazoak izango ditut [barrezka].

Ivanovici zutaz galdetzen dioten bakoitzean, gauza bera erantzuten du: «Nirekin beti jokatzen du ondo».

Esan nahi du energia eta intentsitate handiz jokatzen dudala beti. Harentzat garrantzitsuena da nortasun handiz, energiaz eta intentsitatez jokatzea; gero, huts egin daiteke, inor ez da-eta Michael Jordan [barrezka]. Denok sartzen dugu hanka, baina Ivanovicentzat jarrera da garrantzitsuena.

Zenbateko eragina du hark zure denboraldi on honetan?

Garrantzi handia dauka niretzat. Harro nago harentzat jokatzeagatik, eta oso pozik. Konfiantza du nigan, eta ahalik eta ondoen jokatu nahi dut bera pozik egon dadin. Taldeagatik ere jokatzen dut ondo, jakina.

Batzuk harrituta daude zer ondo ari zaren ikusita, baina Italian lortzen zenituen datuak ere oraingoak bezain onak ziren.

Bai, baina aurreko denboraldian Baskoniara heldu nintzenean, ez ninduten ezagutzen. Uste dut aurreko sasoia eta oraingoa ez direla berberak niretzat. Bost minutu jokatuta, aurreko urtean bezala, zaila da asko nabarmentzea.

Gasteizen eta Euskal Herrian gustura zaudela dirudi.

Oso pozik gaude emaztea eta biok. Hiria asko gustatzen zaigu, jendea ere bai. Alaba izan berri dugu, eta Vitoria jarri diogu izena. Horrekin ikusten da zer-nolako garrantzia duen hiri honek gure familiarentzat.

Horrek esan nahi du udan berritu egingo duzula Baskoniarekin daukazun kontratua?

Ikusiko dugu. Esan dezakedana da oso gustura gaudela hemen, eta ahalik eta denbora gehien pasatu nahi dugula hiri honetan.

Klubak egin dizu eskaintzarik kontratua luzatzeko?

Oraindik ez. Azkarregi da.

Saskibaloian jokatzeaz gainera, zer egiten duzu?

Inguruko tokietara joatea gustatzen zaigu, nahiz eta orain ezinezkoa den pandemiagatik. Baina aurreko sasoian, COVID-19arena azaldu aurretik, ezagutu genituen hainbat leku, gertukoak: Bilbo, Santander, Donostia... Euskal Herria asko gustatzen zaigu.

Ekainaren 30ean irabazi zenuten liga. Hilabete batzuen ondoren, zer datorkizu burura hori aipatzean?

Guretzat oso garrantzitsua izan zen liga irabaztea, oso lan gogorra egin baikenuen itxialdiaren ondoren. Irabazteko egin genuen lan: gure helburua hori zen. Eta, orain, beste bat irabazi nahi dugu. Gogor ari gara orain ere. BadakizuDuskori irabaztea gustatzen zaiola, eta ez dela denbora alferrik pasatu zalea; ez da pistan oinez batera eta bestera ezer egin gabe ibiltzen diren horietakoa. Oso kontzentratuta egin behar dugu lan egunero, eta oldarkorrak izan ere bai, hazten eta hobetzen segitzeko egunetik egunera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.