Rafa Pueyo. Bilbo Basketeko kirol zuzendaria

«Ez da erraza izango, baina lehiakorrak izango gara»

Denboraldi aparta egin ondoren, Bilbo Basketek Txapeldunen liga jokatuko du beste behin. Hala ere, Rafa Pueyo kirol zuzendariak ligan jarri du lehentasuna.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
pettan uralde
2022ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Bilbo Basket ACB ligako kanporaketak jokatzetik garaipen bakarrera geratu zen aurreko denboraldian. Ezustean eta inork espero ez zuenean agertu zen Bizkaiko taldea. Ligako bigarren itzuli bikaina egin ondoren, gertu izan zituzten tituluaren kanporaketak. Denboraldi honetan, Europan ere izango dira, Txapeldunen ligan. Rafa Pueyo kirol zuzendariak (Bilbo, Bizkaia, 1971) lana gogotik egin behar izan du talde lehiakor bat osatzeko, bi txapelketetan ahalik eta maila onena ematearren.

Eraberritzea aulkitik hasi duzue: Alex Mumbru joan da, eta Jaume Ponsarnau etorri da. Zerk bultzatu zaituzte Ponsarnau fitxatzera?

Jaumek esperientzia handia du ligan entrenatzaile gisa, baina baita Europako txapelketetan ere. Euroliga jokatu du, eta Valentziarekin txapeldun izan zen Eurokopan. Gurekin, falta zaion txapelketa jokatu ahal izango du: Txapeldunen Liga. Esperientzia horretaz gain, haren ezagutzak eta jokatzeko estiloa gustatzen zaizkigu. Entrenatzaile gisa transmititzen duena ere gustatzen zaigu.

Oraintxe bertan, Bilbo Basketek hamabi jokalari ditu. Taldea erabat itxita dago?

Hasieran, multzoa itxita dago. Zazpi fitxaketa egin ditugu, eta bost jokalari berritu ditugu. Beraz, hamabi jokalariko taldea itxita dago. Baina tira, beti gaude prest aldaketaren bat egiteko merkatuan aukeraren bat sortzen bada. Adi egoten gara beti.

Zer irizpide erabili dituzue fitxaketak egiteko?

Taldea entrenatzailearekin adostuta egiten dugu beti. Argi dago bera dela jokalari horiek kantxan jarri behar dituena, eta haiengan konfiantza izan behar duena. Bilatzen duguna betikoa da: taldea orekatua izatea, posizio bereko jokalariak osagarriak izatea eta posizio batean baino gehiagotan joka dezaketen jokalariak egotea.

Aurreikusita zenuten taldea osatu duzue? Txapeldunen liga jokatzeak lagundu egin dizue horretan?

Europako lehiaketa jokatzea beti da erakusleiho ona jokalarientzat, eta erakargarria da haientzat. Argi dago Bilbok berez baduela erakargarritasuna, eta baita ACB Ligak ere, baina, Europan lehiatuz gero, jokalari gehiagok etorri nahi dute.

Pozik zaude osatutako taldearekin? Aurreko sasoikoa baino lehiakorragoa izango da?

Gu pozik gaude egindako taldearekin eta entrenatzailearekin. Aurreko sasoian baino lehiakorragoak izango garen ez dakit, baina egoera desberdina da. Bi lehiaketekin lan gehiago izango dugu. Umiltasunez eta lana eginez, ahalik eta goren egoten saiatuko gara. Aurreko denboraldia bikaina egin genuen, kanporaketara sartzeko zorian egon ginen, eta ziur ez dela erraza izango errepikatzea, baina lehiakorrak izateko gaitasunak ditugu.

Ia inork ez zuen espero kanporaketen atarian gelditzea. Denboraldi honetan zein da helburua?

Helburu nagusia beti da ACB Ligan finkatzea, Europako ligarik indartsuena baita. Badakigu oso zaila dela; aurreko denboraldian, Europan lehiatzen ziren eta aurrekontu handiak zituzten bi talde jaitsi egin ziren LEB ligara. Lehenengo helburua finkatzea da, eta ez sufritzea. Hortik aurrera, datorren guztia ongi etorria izango da. Bi lehiaketetan ahalik eta goren egoteko lan egingo dugu.

Nolako Bilbo Basket ikusiko da sasoi honetan?

Zaila da jakitea martxan jartzen garen arte. Hasieran, saskiratzeko erraztasuna duten jokalariak ditugu kanpoko lerroan, eta jokalari fisikoak barruko jokoan. Hortik abiatuta, joko azkarra egitea espero dugu, defentsan oinarritutako jokoa, korri egiteko aukera emango diguna.

Jokalari beteranoak, gazteak, kalitate handikoak, ospe handiko entrenatzailea... Zein izango da taldeko liderra?

Entrenatzailea beti da taldeko liderra, baina, hasieran, pistan argi dago Andrew Goudelock izan daitekeela liderra. Esperientzia handia du, eta bere ibilbidean lorpen handiak erdietsi ditu. Gainera, aurreko sasoian taldeko saskiratzailerik onena izan zen. Uste dut taldeko liderra izan beharko lukeela, Xavi Rabasedarekin batera. Ligan eskarmentu handiko jokalaria baita, eta ACB ligan ibilbide esanguratsua baitu. Gaztea izan arren, Ludde Hakanson ere izan daiteke lider, Suediako selekzioan den moduan.

Fitxaketa batzuk ezagunak dira, ligan lehenago jokatutakoak direlako. Baina Michale Kyser eta Denzel Andersson barneko jokalariak ezezagunagoak dira zaleentzat. Zer espero daiteke haiengandik?

Kyserren inguruan, batez ere, bere gaitasun atletikoa eta fisikoa nabarmenduko nituzke. Espero dugu defentsan jokalari garrantzitsua izatea. Erasoan ez da saskiratzailea petoa, baina 4-5 metroko jaurtiketetan esku ona du. Anderssoni dagokionez, kantxan hitz egingo duen jokalari bat bilatzen dugu, hiru puntuko lerrotik mehatxua izango dena. Espero dugu energia emango diguten jokalariak izatea.

Guztira hamasei urte Bilbo Basketen. Nondik ateratzen duzu jarraitzeko indarra?

Urte hauetan guztietan nire lana gustura egin dut eta egiten dut oraindik ere entrenatzaile gisa, eta orain azken urte hauetan kirol zuzendari gisa. Saskibaloia da gustatzen zaidana, nire pasioa da. Gainera, nire etxean, Bilbon, lan egitea luxu handia da, eta beste urte askoan jarraitzea espero dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.