Albistea entzun

Juan Mari Beltran. Musikaria eta musika ikertzailea

«Tresnak unibertsalak dira, eta geure egiten ditugu»

Herri musikako tresnen entziklopedia bat egiteko bidean da Beltran, eta flautei buruzko zatia osatu du lehenik. Liburua kalean da, eta kontzertua egingo dute etzi.
ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2022ko maiatzak 12 - Oiartzun

Juan Mari Beltranek (Donostia, 1947) Soinuenea etxeko atea ireki orduko hasi da elkarrizketa, baita erakustaldia ere: zutik, gela batetik bestera, pasioz hitz egin du musika tresnez, eta, aipatu ahala, hartu eta jo egin ditu horietako batzuk. Gaur egun, Beltranek proiektu handi bat du esku artean: Soinu-tresnak euskal herri-musikan entziklopedia. Taldean ari da hori prestatzen, Iñaki Eguren, Orkatz Arbelaitz, Itziar Navarro, Aitor Larrañaga eta Aingeru Berguices kideekin batera. Bost liburuki izango ditu, hotsa sortzeko bibratzen duen materialaren arabera sailkatuta: aerofonoak, idiofonoak, kordofonoak eta menbranofonoak. Kalean da flautei buruzko Aerofonoak I.

Lehen lana aurkezteko, Txulubite malabite izeneko kontzertua emango dute etzi, hilaren 14an, Donostian, Viktoria Eugeniako Club aretoan. Beltranekin ariko dira Errege Belda (akordeoia), Ander Barrenetxea (ahotsa eta perkusioak) eta Aitor Gabilondo (ahotsa eta gitarra).

Flautek liburuki oso bat hartu dute, toki handia duten seinale.

Txistuaren presentzia ikaragarria da; gaur egun ere bai, zorionez. Gainera, hamaika estilotan. Patxi Larralde hasten da mutil dantza bat jotzen, eta zerura eramaten zaitu, baina horrek ez du zerikusirik Aitor Amilibiaren abangoardiako kontzertuekin.

Antzeko lanak egin izan dituzu, baita antzeko izenburuekin ere, baina entziklopedia honen proiektua handiagoa da, ezta?

1985ean, argitaratu genuen Euskal Herriko soinu tresnak izeneko proiektu bat. Gero, bueltan-bueltan... [Flauta bat hartu, eta Agurra jotzen hasi da]. Huelvakoa da [Espainia]. Soinu tresnak unibertsalak dira, eta geure egiten ditugu, gure herri musikan ematen diegu forma.

Hezkuntzan horrelako lan baten beharra sumatu duzue?

Zeini eskaini lan hau? Hasteko, denei. Ezagutu nahi duzu? Hor daukazu. Gainera, hemen ez dago dena, baina hamaika erreferentzia daude irakurtzen jarraitzeko. Ikusi genuen hezkuntza musikalean tresna egokia izan daitekeela. Liburua euskara hutsean atera da, baina bere bertsioa izango du webgunean, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere bai. Eta filmazioak egongo dira hor.

Zer errepertorio jaso duzue liburuaren diskoan?

Grabazio batzuk landa lanean egindakoak dira. Lehenengoa da Barkoxen [Zuberoa] 1967an nik grabatu nuen maskarada bat. Justu-justu ezagutu nituen Jean Copen Mauletarra txirula jotzen eta Pierre Ager atabalarekin. Grabazio historiko asko daude: [Alberto] Zuloaga txilibitua jotzen, Karmelo Boneta okarina jotzen... Eta pentsatu genuen hori guztia zuzenean eman behar genuela.

Zergatik Txulubite malabite?

Txulubitak lizar makilarekin egiten dira. Makila jo egin behar duzu, izerdia harrotu egiten da, eta, pok, tutua oso-osorik ateratzen duzu. Sartu dugu 1979ko grabazio bat, Juan Bautista Lasarterena, bere labanarekin: «Txulubite, malabite,/ Frantzin sartu, Espainin atra./ Txulubite ,malabite,/ Frantzin sartu, Espainin atra:/ izardi, izardi, izardi, izardi».

Nolakoa izango da kontzertua?

Txulubitearekin eta txori kantuekin hasi, eta beste batzuetara joango gara. Kanaberazko txilibituak, zikiratzaileenak, Erronkarikoek jolasteko jotzen zituzten flautak, eta, nola ez, marabilla hau: Bizkaia aldean flautie esaten ziotena. Eta galdu da. [Hartu, eta jo egin du une batez]. Okarina ere bai, organo eramangarria, zeharkako flauta... Eta, noski, bukatuko dugu gure txistuarekin. Gainera, historian beste tresnekin osatu dituzten taldeak bilatuko ditugu.

Esan izan duzu biltze lan hori sortze lana ere badela.

Dena bat bera da. 1967an, Muneinak pieza jaso nuenean, horrenbeste erakutsi zidan... Gu ohituak gaude esaldi finkoetara: zortzikoak, eta ez hortik atera. Hor ez, hor libre da. Gero, eskolan, ikasleekin hori praktikatu, eta, derrepente... «Ui, hau berria da!» [barrez].

Errepikatuz, sortu...

Ezagutu nuen gaztetan albokari bat, Eugenio Etxebarria, Dimakoa [Bizkaia]. Bere garaian, entzun nuen Trinitateko plazan, Donostian. Ez neukan grabagailurik, eta etxera joan nintzen hari entzundakoa jotzera. Partitura idatzi, eta urteetan izan ditut eskolan: Eugenioren fandangoa, Eugenioren porrusalda, Eugenioren martxa. Handik urte askotara, joan nintzen haren tailerrera, filmatzera albokak nola egiten zituen, eta, bazkalondoan, esan nion: «Eugenio, zugandik ikasi nituen aurreneko hiru piezak joko dizkizut». Hirurak jo nizkion, eta esan zidan: «Nik bakarra ezagutu dut: martxa. Besteak ez ditut ezagutzen» [barrez]. Memoria malgua da, eta pertzepzioa, malgua eta subjektiboa.

Herri musikak asko du etengabeko sortze horretatik, ezta?

Bela Bartokek, XX. mendeko abangoardiaren eta herri musikaren figurak, zera esaten zuen: «Zenbat musikari dauden pentsatzen dutenak egiten duten hori berri-berria dela, inork ez duela halakorik egin, eta beste baten kopia egiten dutenak. Eta zenbat dauden pentsatzen dutenak beti gauza bera jotzen ari direla, eta sekula ez dute gauza bera jotzen; sortzen ari dira». Herri musikan hori asko agertzen da. Ni horrek katigatu ninduen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Dantzertiko arduradunak eta antzezlaneko aktore nahiz zuzendariak, herenegun, Getxon. ©GETXOKO UDALA

Euripides feminista bat

Iñigo Astiz

'Bakanteak' tragedia klasikoaren gaurkotze bat taularatuko dute Dantzertiko ikasleek, ostiralean, Getxon: 'Basatiak-Animales salvajes'

Mairu taldekoek giro tribala sortzen dute beren musikaren bitartez. ©MATHIEU PRAT

Mairuen doinuen baratzea

Ainize Madariaga

Mairuk lehen diskoa jalgi du, taldearen izen berekoa. Erroetara murgiltzeko musika organikoa sortzen du orkestra ttipiak. Musika elektronikoa nahasten du, eta trantze giroa sortu

Aristides Hernandez 'Ares' eta Joseba Sarrionandia, gaur, Donostian, 'Munduari bira eman zion ontzia' liburua eskuan dutela. ©Maialen Andres / Foku

Joseba Sarrionandiak 'Munduari bira eman zion ontzia' liburua kaleratu du

Andoni Imaz

Idazlearen nahia da gazteek Euskal Herriko historiari buruzko gogoetak irakurtzea, euskaraz, Elkanoren mundu bira abiapuntu hartuta. Ares marrazkilari kubatarrak sortu ditu liburuko irudiak, eta Pamielak atera du.

 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Beldurrari beldurra dion gizarte batean bizi gara»

Andoni Imaz

Jatorrira itzultzea umetako hitzen magalean berriro jartzea da, baina baita leku hartan eta norbere baitan aldatu diren gauza guztiez jabetzea ere. «Aldaketek nostalgia aktibatzen dute». Adinak ekarritako kezkei buruzko poemak idatzi ditu Zabalak, hala nostalgiaz nola umorez, «aurrera egiteko adorea» biltzeko asmoz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...