Oier Lazkano. Movistarreko txirrindularia

«Nekea da okerrena halako itzulietan; eta onena, giroa»

«Gustura» dago Lazkano Movistar taldeak orain arte Giroan egin duen lanarekin, eta nagusiari begira daudela dio. «Nahiko ondo» ibili dela uste du. Minez dago, herenegun erori ondotik.

LUCA BETTINI.
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Lehen urtea ari da osatzen World Tourrean Oier Lazkano (Gasteiz, Araba, 1999), eta bigarren aldia du hiru asteko itzuli batean. Giroa lehiatzen ari diren lau euskal herritarretako bat da, eta nekatuta iritsi da atseden egunera, bezperan Apeninoetan bost mendate igo ondoren.Lan egin, ikasi eta esperientziaren zakua aleka betetzea du helburu.

Zer gustatzen zaizu egitea atseden egunetan?

Ez daukat errutina edo metodo berezirik. Denetarik egiten dut, aldartearen arabera: irakurri, zerbait ikusi, taldekideekin solasean aritu... Gauza baten eta bestearen artean, airean pasatzen zaigu eguna. Bizikletaz ere ez gara erabat ahazten: ordu eta erdiko entrenamendua egin dugu, gutxienez hankak luzatzeko. Hori bai, garrantzitsua da arreta lehiatik atera eta beste nonbait jartzea. Dagoeneko bi aste daramatzagu kanpoan, Budapesterantz joan ginenetik, eta bi aste gelditzen zaizkigu oraindik. Luze egiten da.

Zer moduz moldatu zara Giroko lehen bederatzi etapetan?

Taldea ondo dabil, eta horrekin gustura nago. Pertsonalki, atzo [herenegun] erori egin nintzen, eta ez nago oso animoso. Pellorekin [Bilbao] batera erori nintzen, etapa hasieran, eta mina dut saihetsetan. Ez dakit zer, baina badut zerbait. Ea zer moduz nabilen datozen egunetan, halako gauzekin ezin baita sekula jakin. Buruari ez diot buelta gehiagorik ematen. Zertarako pentsatu? Bestela, nahiko ondo ibili naizela esango nuke. Datuei erreparatuta, potentzia dezente landu dut. Eta tropel buruan agertu naiz behin baino gehiagotan. Hori da nire egitekoa.

Hanketan neke handia uzten du Blockhausen gisako mendate puska batek?

Ez da Blockhaus bakarrik: 5.000 metroko desnibeleko etapa izan zen. Asko da. Eta Napoliko etapa ere oso gogorra izan zen, tentsio aldetik. Egunetik egunera indarrak galduz zoaz, eta nabaritzen da. Blockhausera jada nekatuta iritsi ginen. Eta irabazteko lehian ibili ez arren, berdin-berdin igo behar zen.

Goraipatzekoa Alejandro Valverderen lana:bederatzigarren bukatu zuen, 46 segundora. Nagusiari begira zaudete?

Noski. Alejandrok sekulako bermea ematen du lider gisa. Horrela jarraitzen badu, garbi dago anbizioa eduki behar dugula nagusiko borrokan jarduteko. Horrek ez du nire zeregina aldatzen: taldearen alde lan egitea.

Halere, sartu nahiko zenuke etaparen baten lehian?

Zergatik ez? Hori bai, garbi daukat zein den nire egitekoa. Adibidez, ihesaldi oso jendetsu bat osatzen bada, hogei bat lagunekoa, hor ordezkaritza izan behar du taldeak, eta halako egoera batean aurrera egiteko aukera izan nezake. Baina ez da hori nire eginbehar nagusia. Alde horretatik, ez daukat begiz jotako etaparik.

Bigarren itzuli handia da zuretzat, iaz Espainiako Vueltan debuta egin ostean. Alde handia dago bi lasterketen artean?

Ez: etapa lasaiak lasai egiten dira, eta gogorrak oso gogorrak eta azkarrak izaten dira. Lehiatzeko modua eta erritmoa antzekoa dela esango nuke. Eta zaleei dagokienez, Vueltan ere jende asko izaten da errepidean. Egia da, era berean, italiarrek pasio handiz bizi dutela Giroa, eta polita da herri guztiak arrosaz jantzita ikustea. Xarma dauka.

Zer egiten da gogorren hiru asteko itzulietan? Eta zerekin gozatzen da gehien?

Nekea da okerrena, zalantzarik gabe. Egunek aurrera egin ahala, lanak izaten dira esfortzuetatik osatzeko. Txanponaren beste aldean, errepide bazterrean izaten den giroa azpimarratuko nuke. Gauzak oso era berezian bizi dira itzuli handietan.

Hasiberria zara World Tourrean. Oraindik irabazi beharra duzu aurkarien errespetua?

Alejandro taldean izanda, errazagoa da errespetu hori lortzea. Hari aurrean ibiltzea gustatzen zaio, eta gainontzekook ere hor egon behar dugu. Gazteok asko eskertzen dugu hura aldamenean izatea: erosoago gaudelako tropelean, eta maisu handi bat delako. Ederra da txirrindularitza nola bizi duen ikustea. Urte mordoa darama, baina ikaragarri profesionala da oraindik ere.

Klasiko sonatu batzuk ere lehiatu dituzu: Paris-Roubaix, Lieja-Bastogne-Lieja eta Fleche Wallonne. Luxuzko egutegia duzu Movistarrera heldu berritan.

Konfiantza handia jarri dute nigan, eta oso gustura nabil. Konfiantza horrek ardura ere badakar. Hala ere, ez dut lehen baino presio gehiago nabaritzen. Nire lehen urtea da World Tourrean, eta esango nuke ongi egokitu naizela. Taldeen egiturak nabarmen handiagoak dira elitean, eta erraztasun gehiago dauzkagu; aldea, batez ere, alde horretatik nabaritu dut.

Zer helburu duzu etorkizunera begira?

Zer da etorkizuna? Kar-kar. Oraingoz, ikasi beste helbururik ez daukat. Ez naiz itsutzen etapa garaipenekin eta antzekoekin. Ez naute horretarako fitxatu. Ez dut amets berezirik txirrindulari bezala. Giroa lehiatzen aritzea, ametsa baino gehiago, helburu bat dela esango nuke. Vuelta ezin izan nuen bukatu, eta ea Giroa osorik egiten dudan. Ederra izango litzateke Veronara iristea.

Busti zaitez: nork irabaziko du Giroa?

Valverdek! Kar-kar. Igandeko etapa ez nuen ikusi, ez dakit zer gertatu zen beste hautagaien artean. Irabazlea baino ordubete beranduago iritsi nintzen, pentsa. Egia esan, zaila da apustua egitea, eta ez dut inor madarikatu nahi. Gauzak paretsu egongo dira. Ea euskal herritarren bat ikusten dugun podiumean. Entzun dudanez, Mikel Landa oso indartsu ibili zen Blockhausen. Bestalde, Pelloren erorikoa ez zen, itxura batean, gogorregia izan. Ongi zegoela esan zidan. Eroriko inozoa izan zen, baina, askotan, halakoak izaten dira okerrenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.