Israel Checa. Freedonia taldeko bateria jotzailea

«Artistaren eskubidea da lana bere modura egin ahal izatea»

Musika beltzaren eremuan aintzat hartzeko talde bihurtu da Freedonia, bere irudimenagatik eta indarragatik. Euskal Herrian dira gaur eta bihar, emakumearen borroka ardatz duen diskoarekin.
FREEDONIA

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko urtarrilak 11
Soul eta funk eszenan gogor jotzen ari den talde bat da Freedonia. Ahots kartsu bat eta zortzi musikari dira; tartean, Israel Checa bateria jotzailea (Sevilla, Espainia, 1977). Marx anaien Duck Soup (1933) filmetik fikziozko herrialdeari izena hartu, eta 2006an sortu zuten taldea. Hondartzaz hondartza jo zituzten lehen kantuak, eta hirugarren lanarekin ari dira orain agertokietan: Shenobi (2017), emakumearen aldeko borrokaz diharduen hogei kantuko diskoa. Hura aurkezten izango dira egunotan Euskal Herrian: gaur, Azpeitiko (Gipuzkoa) San Agustin kulturgunean; eta, bihar, Bilboko Kafe Antzokian. Hil amaieran Iruñetik ere igaroko dira; Zentralen joko dute, urtarrilaren 25ean.

Hondartzan jotzen hasi zineten, orduan.

Lehen bi urteak hala joan ziren, bai. Musika beltzaren inguruan batzuk elkartu, eta oporretan Cadiz (Espainia) inguruko hondartzetara joaten hasi ginen. Lagunak hurbiltzen hasi ziren, eta hasierako boskotea bikoiztu egin zen. Gero hasi ginen areto handiagoetan jotzen. Eta lagunak bakarrik ez, gu ezagutzen hasi zen jendea ere hasi zen etortzen.

Handik sei urtera etorri zen lehen lana, Freedonia (2012). Ezinbesteko epea zen estudiora sartu aurrekoa gero etorriko zenerako?

Bai, hor hasi zen dena egosten. Egia da, halaber, ez genuela nahikoa baliabide disko bat grabatzeko. Tira, egun ere ez daukagu. Baina ikusten genuen gero eta zale gehiago etortzen zela kontzertuetara, eta haiek zirela diskoa eskatzen ari zitzaizkigunak. Orduan planteatu genuen lehen finantzaketa kolektiboa egitea, eta zaleek eurek egin zuten posible hura ateratzea. Bigarrena guk ekoitzi genuen, eta Shinobi-n berriz itzuli gara finantzaketa kolektibora.

Apurka hazten joate horrek nola eragin du taldearengan?

Joan-etorriak egon dira. Urte asko dira, eta esan dezagun elkarrekin ikasi dugula dena; autogestionatuak gara, eta guk geuk egiten dugu musikari dagokion alorra zein hortik kanpokoa.

Zeuen kasa antolatzeagatik irabazi duzue han-hemen «sistema ezarriaren aurka doan talde borrokalaria» izatearen ospea?

Gure ispilua, geure burua ikusteko darabilguna, errealitatea da, bizi garen gizartea. Aldarrikatu bainoago, giza eskubideez hitz egiten dute gure kantuek. Egia da disko honetan urrats bat aurrera egin dugula, eta emakumea lehen lerroan jarri, giza eskubide guztien artean, genero berdintasuna abiapuntu delako. Atzera goazela dirudi, ordea.

Igartzen da emakumearen aldeko mugimendua oholtza gaineko zein osteko jardunean?

Baietz esango nuke, eztabaida alde guztietan ireki dela. Uste dut musikan, nolabait komunikaziorako ezaugarri sentiberago bat edukitzean, kontzientzia handia dagoela. Asko dago egiteko, halere; bistan da.

Shenobi deituriko figura asmatu duzue, emakume gerlari bat.

Bai. pantailak gainditzen dituen emakume borrokalari bat da, komiki modura kontzeptualizatua. Nolabait, bideo jokoetako pantailak igaro, eta berdintasunik ezaren dramaren hainbat alderdi ezagutzen ditu: errefuxiatuak, betiko ahaztuak... Disko bikoitzak aukera eman digu sentitzen dugun hori dena kontatzeko.

Disko luzea da, hogei kantukoa. Hainbeste izanik, nola joaten da abestien sortze lana?

Taldeak duen ona da denok batera sortzen dugula. Denok botatzen dugu guretik eltzera, eta denon artean kozinatzen dugu. Musika bide askotatik heltzen da: hutsetik lokalean edo itxiago etxetik. Baina, bai, bederatzi izanik, lanerako bere era du bakoitzak. Kontua denon artean eratzea da.

Analogikoan grabatzen duzue. Soinu kontua da soil-soilik?

Bai, batez ere. Biniloan grabatzea eta editatzea gustatzen zaigu: estudioan sartu, eta denok batera grabatzea. Aurreko lana atalka egin genuen, baina orain bederatziok batera grabatu ahal izan dugu; kantu batzuetan, baita ahotsa ere. Analogikoaren freskurak eta elkarrekin grabatzeak zuzenekotik antzekoago egiten du musika, analogikoari dagokion hori ematen dio. Binilora pasatutakoan, begiak itxi eta estudioan egotea bezala da. Bero hori liluragarria da.

Finantzaketa kolektibo bidez ekoitzi, eta Creative Commons lizentziapean atera. Musika ulertzeko modu bat erakusten du?

Lehen lanetik ohartu ginen ez ginela bateragarriak, besteak beste, SGAEren politikarekin. Inoiz ez zaigu gustatu nola kudeatzen dituen egile eskubideak. [Espainiako] Kultura Ministerioak soilik hari ematen dio lizentzia, gauza erabat legez kanpokoa: ezin da eskubideen monopolio bat eduki. Artistaren eskubidea da lana bere modura egin ahal izatea. Gure kasuan, Creative Commonsekin, gainera, kantuak gure neurriaren arabera erregistra ditzakegu, bederatzientzat modu berean. SGAEn gehienez hiru figura onartzen dituzte: hitzen egilea, konponketak egiten dituena eta konpositorea.

Soulera etorrita, topatu duzue aski zirkuitu inguruan?

Egia esan, ez gara gelditu ere egiten. Lehen diskoarekin soul gordinago bat egiten genuen, klasikoagoa. Gaur, konposatzen urte batzuk eman ondoren, eta askotariko eraginak jasota, soulak hor jarraitzen du, baina jantzita dago. Planete imaginaire kantua, esaterako, lasai asko izan zitekeen kantu inpresionista bat. Zinemako erreferentzia asko ere baditugu: western filmak, soinu banda asko, edo komikira gerturatzen den mundu bat. Hori guztia soulera ekartzea, bide hori gustatzen zaigu orain gehien. Zortekoak gara jendeak ontzat jo duelako.

Zuzenekoen energia nabarmentzen dizue gehien kritikak. Hori da une gailena?

Disko bat beti da zerbait baketsuagoa, bihotza beste pultsazio batzuetan duzula entzuten da. Zuzenekoa beste gauza bat da; hiru lanak nahasten ditugu une hori berezia izan dadin eta abestiek duten energia benetan izan dezaten. Ezin dugu Dignity and Freedom suabe abestu, ondo ozen oihukatu behar da. Ideia horrekin goaz zuzenekora. Gero, ñabardurak daude; baditugu min handiena ematen duten lekuan jotzen duten kantuak ere, eta horiek ikuspuntu baikor batetik kontatzea ere polita da. Maikak [Sitte] lehen lerroan erakusten duen indarrak biltzen du ondo dena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna