Asier Polo. Biolontxelo jolea

«Zuzeneko musika ekitaldiak mantentzea garrantzitsua da»

Euskadiko Orkestrarekin batera arituko da gaur Asier Polo biolontxelo jolea, Kursaalean. Etenik gabeko kontzertua izango da, eta Haydnen eta Beethovenen obrak interpretatuko dituzte.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Donostia
2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestrak Asier Polo biolontxelo jotzailea (Bilbo, 1971)izango du lagun gaur, Juanjo Menaren gidaritzapean, Kursaalean egingo duen kontzertuan. Egungo biolontxelo jolerik entzutetsuenetako bat da Polo, eta nazioarteko orkestra garrantzitsuenekin aritu da bere ibilbidean.

Gaurko kontzertuan, Beethovenen 7. sinfonia eta Haydnen 44. sinfonia interpretatuko ditu EOk; tartean, Polok Haydnen Biolontxelo eta orkestrarako kontzertua joko du.

Kursaalean izango zara gaur EOrekin batera; nolako kontzertua izango da?

Bizi dugun egoera dela eta, kontzertuak ez du etenik izango. Normalean baino motzagoa izango da, ez baitu atsedenik. Bi sinfonia joko ditu orkestrak, eta ni bi obra horien tartean arituko naiz. Egitaraua egoerara egokitu dute, eta normalean orkestra sinfoniko batean jotzen duten musikariak baino gutxiago egoteko errepertorioa landu da. Zuzeneko musika ekitaldiak bizirik jarraitzea da garrantzitsuena, eta Kursaala leku segurua iruditzen zait. Denok ari gara gure aldetik ahal duguna egiten horrelako emanaldiak egin daitezen, eta ikus-entzuleak musika entzuteko aukera izan dezan.

Zer nabarmenduko zenuke Haydnen Biolontxelorako eta orkestrarako kontzertua-n?

Funtsean, errepertorio klasikoa izango da. Haydnen Biolontxelorako kontzertua aurki daitekeen obra esanguratsuenetako bat da; ez bakarrik biolontxeloarentzako, edozein instrumentutarako ere bai. Kontzertu biribila da, nire ustez: bizitasunez, alaitasunez, esperantzaz eta ilusioz beteriko obra baita. Askotan jo izan dut.

Behin baino gehiagotan jo duzu Musika Hamabostaldian; zer esan nahi du zuretzat berriz ere bertan egoteak?

Azken aldiz duela hiru urte izan nintzela uste dut, Manchesterko BBC orkestra sinfonikoarekin. Jaialdiak beti izan du gazteentzako esparru bat, eta nik lehenengo aldiz 16-17 urterekin jo nuen bertan. Harrezkero, nire aldeko apustua egin dute, eta konfiantza osoa eman didate. Urte askotan parte hartu dut orkestrarekin, eta piano emanaldiak ere egin ditut. Zorteduna eta estimatua sentitzen naiz jaialdian nagoen bakoitzean.

EOrekin eta Juanjo Menarekin batera arituko zara agertokian beste behin.

Lotura handia dut EOrekin, nire ikasle asko baitaude bertan. Lagun asko ditut, eta ilusio handia egiten dit haiekin berriz lanean aritzeak. Haien garapena ikusi dut, eta orkestrak urtero maila handiagoa duela iruditzen zait. Juanjo ni baino zertxobait zaharragoa da, baina ibilbidea garai berean hasi genuen. Berak Gasteizen ikasi zuen, eta nik Bilbon. Askotan egin dugu lan elkarrekin. Plazera da niretzat artistikoki miresten dudan pertsona batekin lan egitea. Nire laguna da, gainera. Konfiantza dudan pertsona batekin lan egitean eroso sentitzen naiz. Daukadan onena ematen dut modu horretan.

Nola egin diezu aurre agertokiei berrogeialdiko eten luzea igaro eta gero?

Oso arraroa izan da. Etxean egon naiz ikasten, errepertorio berriak eskuratzen eta eskolak ematen. Lehenengo kontzertua baino bi egun lehenago, oso urduri nengoen. Asko bidaiatzen dut entseguak, kontzertuak eta eskolak direla eta. Intentsitate horretara ohituta nengoen, eta hilabete hauetan etxean sartuta egoteak ohitura galtzea ekarri dit. Azken kontzertuetan biolontxeloa bakarrik jo dut; izan ere, etxean bakarrik entseatzeko aukera izan dut soilik. Agertokian bakarrik egotea ere ardura handia da, ez baitago inor aldamenean laguntzeko. Itzuleran, aurreko kontzertuetako sentsazioak berreskuratu nituen, eta oso hunkigarria izan zen.

Azkeneko diskoa Sevillako (Espainia) orkestra barrokoarekin egin duzu. Zer konta dezakezu?

Disko honek ilusio handia egiten zidan, baina garai egokiaren zain nengoen; azkenean diskoa egiteko baldintza guztiak bete ziren arte: nik kontzertua egin nahi nuen, orkestrak nirekin jo nahi zuen, denbora librea nuen eta nire diskoetxeak interes handia zuen proiektuan. Barrokotik klasikorako trantsizio disko bat da; eta Boccherini hor kokatzen da, trantsizioko konpositore moduan, Vivaldi eta Beethovenen artean. Freskotasun eta bizitasun handia du. 25 urtez aritu naiz beti antzeko musika jotzen, eta estimulu berri bat behar nuen: instrumentuak estilo barrokoan lantzea zen horietako bat.

Aurreko urtean Espainiako Musika Saria eman zizuten. Zer sentitu zenuen?

Deia jaso nuenean, ezin nuen sinetsi. Sari batek ez dizu gerora gauza gehiago egiteko aukerarik emango, baina nire ibilbidean egindako lanaren aitorpena da. Musika egiten ia konturatu gabe hasten da bat, eta saria inflexio puntu bat izan zen. Atzera begiratu nuen, eta egindako guztiaz jabetu nintzen. Eskertzekoa da, orain arte ondo egin dudan guztia aitortzen du. Oso pozik nago; oso polita izan da.

Ba al duzu beste proiekturik esku artean?

Proiektu bat baino gehiago ditut, baina dardarka nago egungo egoera dela eta. Italian, Mexikon eta Danimarkan kontzertuak nituen,baina atzeratu egin dira. Suitzan ere kontzertu bat dut, urtarrilean disko berri bat aterako dut, beste kontzertu bat ere badut Zagrebeko orkestrarekin... Marta Zabaletarekin zenbait emanaldi ere egingo ditut. Urte eta erdiko aurrerapenarekin egiten dugu lan, baina orain dena azken momentuan alda daitekeenez, hiruhilekoka antolatzen ari gara dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.