Joxan Goikoetxea eta Antton Valverde. Musikariak

«Belaunaldi berriek ere egingo dute topo Leteren pisuarekin»

Klara Mendizabal sopranoarekin eta Francisco Herrero biolin jotzailearekin ariko dira gaur, Urnietan, Xabier Leteren obra oroitzeko kontzertuan, kantaria hil zenetik hamar urtera.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
2020ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Heldu den abenduan beteko da hamarraldia Xabier Lete poeta eta kantaria hil zela. Hil osteko «barne mina» baretuta, Joxan Goikoetxeak dio egun «beste sosegu batekin» bizi dutela dolua. Baina aurten da urtemuga, eta, horren aitzakian, Lete ardatz duen kontzertua emango dute gaur Goikoetxeak, Antton Valverdek, Klara Mendizabalek eta Francisco Herrerok, Urnietan (Gipuzkoa), Musika Hamabostaldian.

Hor zaude nonbait deitu duzue emanaldia. Aitortza, hutsunea... zein da emanaldiaren oinarria?

JOXEAN GOIKOETXEA: Egunero izaten dugu aitzakiaren bat Xabierrez gogoratzeko. Gordeta gelditu diren bizipenak eta materialak arakatzen ditugu etengabe. Beharra, nahia, zorra, ardura, eskertza, modu askotan adierazi daiteke sentitzen duguna, guztiak beharrezkoak Lete beraren eta bere lanaren eta legatuaren puzzlea osatzeko. «Zer ez dago, eta zerk egon beharko luke?», horri erantzuten saiatzen gara.

ANTON VALVERDE: Larreren batean egongo al da! Kezka nagusia hori zuen Xabierrek. Xalbadorri egin zion galdera bera egiten diogu guk: Non hago? Joan zaizkigunak utzi diguten hutsuneaz ari gara; gogoan dauzkagun bitartean, ez dira guztiz desagertu.

Lau kide ariko zarete. Zertan oinarrituko da errepertorioa?

J.G.: Hamabostaldian izateak baldintzatu du. Letek izugarri zekien musika klasikoari buruz. Anttonen eta Karlos Gimenezen estiloak eragin zuzena izan zuen haren ibilbidean; beti izaten zen esperimenturen bat Anttonen eta Leteren saioetan: Schubert, Strauss, Vivaldi... Halako bitxikeria bat aurkitu dugu orduko grabaketa batean: Bachen suite baten polonesa bati jarritako hitzak eta egokitzapena.

A.V.: Doinu herrikoi batean izan ezik (Xabierrek eta Lourdesek oso gogoko zutena), Xabierren hitzak darabilzkigu. Musika, berriz, Joxan, Carlos Gimenez, Schubert, Richard Strauss eta nirea da.

Pianoa, akordeoia, biolina eta sopranoa. Nola uztartu dituzue?

A.V.: Armamentu hori ondo ezkontzen da Xabierren poemekin. Nobedadea, pozgarria, Klara Mendizabal da. Ez da ohikoa bel cantoa lantzen duen artista bat gurean aritzea. Besteok elkarrekin ibiliak gara; euskal kantaren mundua ez da oso zabala...

J.G.: Erraza izan da elkarrekin bat etortzea. Entseguak oso gustagarriak izan dira, eta pena da horrelako lana hartzea saio bakar baterako. Egoera dela eta, musikariok zuzenekoen egarriz gaude.

Ezaugarriren bat nabarmenduko zenukete?

J.G.: Ezingo dugula bizitza osoa omenaldiz omenaldi aritu. Hori alde batera utzi, eta beste modu bateko ekitaldi edo aitortza asmatu beharko dugu.

A.V.: [Xabierrek] Berak esana zuen hil eta gero ez zuela omenaldirik nahi; hala ere, egin zitzaizkion, eta erantzuna harrigarria izan zen.

Agortuta daude sarrerak. Leteren izen hutsa amu da oraindik?

J.G.: Garai honetan, Sold Out afixa ezartzea ez da oso gauza zaila, aforoen murrizketa dela eta. Baina Lete markak erakarpen handia du, noski. Gogora datorkit Xabier etxera ekartzen nuenean azken emanaldi poetikoetatik, harriduraz egiten zuela eguneko balantzea: «Ikusi al duk zenbat jende gaur ere?». «Bai, eta nola adierazten duten hirekiko maitasuna?». Bizitzan sentitu zituen desadostasun ugarik azken garaietan aurkitu zuten bakea. Belaunaldi berriek ere egingo dute topo haren obraren pisu eta aberastasunarekin.

Eta nola ikusten duzue poeta eta kantari gisa egin zuen ekarpena gaur-gaurko munduan?

J.G.: Zaila zait arlo horietara mugatzea Xabierren ekarpena. Asko al dira hainbeste gai eta esparrutan horrelako pentsaera eta koherentzia erakutsi duten euskaldunak? Etika, gizatasuna, aberria, kultura, euskara...

A.V.: Beti egoten dira figura prominente batzuk, mugimenduaren buru diren hiruzpalau kantari. Eta, hemen, dudarik gabe, Xabier izan zen kantari inportanteenetakoa. Gertatzen dena da poeta eta pentsalaria ere izan zela.

Berriki aurkeztu du Alex Gurrutxagak Leteren obraren gaineko doktore tesia (eta liburua); bertan dio figura errekonozitua izan arren ez dela asko ikertu.

J.G.: Oso aberatsa eta beharrezkoa zait Alexen lana. Datozen urteetan ikusiko da belaunaldi berri batek nola interpretatzen duen Lete, ikuspegi akademiko eta humanistikotik. Asko sakondu daiteke oraindik haren inguruan, iparrorratza gure ardura bada ere.

A.V.: Hala ere, aurten zenbait omenaldi eta lan aterako dira. Ondo aztertua dagoen ez dakit, baina askok hartu dute eredu gisa.

Gurrutxagak hiru fasetan aztertu du Leteren ekarria: 1968-1978, 1978-1990 eta 1990-2008. Zein etapatako Lete antzemango du entzuleak zuen emanaldian?

J.G.: Asko gustatu zitzaidan Alexek Sisifo, Ikaro eta Orfeoren alegoria egin izana; oso ongi islatzen ditu Xabierren aro horiek. Ni ondoen ezagutzen dudanarekin geldituko naiz, hirugarrenarekin: gaitzaren eragin ilunarekin bada ere, Leteren bertsio perfekzionatuena da; agerraldi eta idatzietan, maisutasunez erakusten zigunbere pentsaeraren muina. Orduko poema esanguratsuenak Anttonek musikatu ditu, modu oso hunkigarrian. Horiek entzuteko aukera izango dugu kontzertuan.

A.V.: 1978-1990 artean egin zituen kanturik ezagunenak; baina hasierakoetan ere badira finko geratu direnak: Altzateko jaun eta abar. Bukaerakoak ere, gaixotasun eta transzedentzia aldikoak, uste dut oso ezagunak direla. Beraz, hirurak: hiruretan da Xabier.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.