Eduard Pujol. JxC-ko parlamentari taldeko bozeramailea

«Elkarrizketa beti da egokia, baina negoziazioa da gakoa»

Elkarrizketa eta mobilizazioa «bateragarriak» dira, Pujolen iritziz. Haren esanetan, gatazkaren konponbidea ezin da utzi politikaren esku soilik. Herritar antolatuen indarra nabarmendu du.

JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun

Elkarrizketa eta aldebakarreko bidea. Aldagai horietako bakoitzari zer pisu eman adostu ezinik dago Kataluniako mugimendu independentista, hauteskundeen kanpainaurreko giroan murgilduta. Eduard Pujol (Martorell, Herrialde Katalanak, 1969) JxCren Kataluniako talde parlamentarioko bozeramaileak BERRIAren galderei erantzun die Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaiaren lehen bilera egin eta Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak Perpinyako ekitaldian dozenaka mila lagun elkartu eta egun gutxira.

 

Zenbateko garrantzia du Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaia eratu izanak?

Garrantzia izango dute mahaian lortuko diren emaitzek. Gatazka politikoa konpontzeko moduarengatik epaituko gaituzte, ez argazkian agertzen garen gisarengatik. Puigdemontek azken egunetan esan bezala, ez da gauza bera hitz egitea eta negoziatzea. Elkarrizketa beti da egokia, baina negoziazioa da gakoa.

Zer espero daiteke elkarrizketa mahaitik epe motzean?

Kontua ez da zer espero dezakegun, zer exijitu behar dugun baizik. Exijitzen duguna borondate politikoa da. PSOEk iragan bat duelako daukagu mesfidantza. Bete gabeko konpromiso zerrenda luzea du Kataluniarekin. Guk eskatzen duguna politika da. Politika ez da marketina egiteko erakusleiho bat bakarrik: arazoak konpontzeko balio behar du.

Aldeen arteko mesfidantza gainditzeko, Espainiako Gobernuak proposatu du adostasun puntuak identifikatzen hastea. Proposamen egokia da?

Gelaren barruan elefante erraldoi bat dago, demokraziaren defentsarekin, herrialdearen duintasunarekin eta askatasun indibidual eta kolektiboekin lotuta dagoena. Hori guztia ezin da apaindu hitz politekin soilik. Ezin dugu pentsatu manera onak direla garrantzitsuena: ilusio bat da hori. Gakoa da arazo politiko bat bide politikoetatik konpontzeko borondatea. Guk oso argi dugu erabakitzeko eskubidean, autodeterminazio eskubidean oinarritu behar duela konponbideak.

Zer neurritan egin behar du independentismoak elkarrizketa mahaiaren aldeko apustua?

Gure elkarrizketarako borondatea jartzen da auzitan, baina guk beti defendatu dugu elkarrizketa. Espainiako Estatua da beti epe motzera jokatzen aritu dena, Kataluniarentzako irtenbide bat bilatu gabe. Gure apustua hauek dira: Kataluniako erakundeak, askatasunekin eta etorkizun politikoarekin konprometitutako herritarren mobilizazioa, baita elkarrizketa mahaiaren gisako erreminta politiko bat ere.

Perpinyako ekitaldian «etengabeko mobilizaziora» deitu zuen Puigdemontek. Bateragarria da elkarrizketa mahaiarekin?

Guztiz bateragarriak dira. Elkarrizketa mahaia bildu eta 72 ordura 200.000 lagun inguru manifestatu ziren mezu oso indartsu bat emateko: Katalunian arazo bat dago, eta erantzun egin behar zaio. Ez zen edonolako ekitaldia izan. Errepresioaren kontrako ekitaldi bat izan zen, demokraziaren eta askatasunaren aldekoa, eta baldintzarik gogorrenetan estatuari aurre egiteko adorea izan dutenei babesa adieraztekoa.

Puigdemontek «behin betiko borrokarako prestatzera» deitu zuen. Zertan oinarritu behar da prestaketa hori?

Batez ere, baztertu egin behar dugu arazoa konpontzea beste bati dagokiolako ideia, politikak dena konpon dezakeelako ustea. Guztiz zeharkakoa den eta Kataluniako gizartea ordezkatzen duen mugimendu zibikoak sekulako indarra du, eta oso erabilgarria da. Horrek adierazten digu herrialdea bizirik dagoela. Halaber, frogatzen du gure askatasunen, duintasunaren eta erakundeen defentsaren zati bat gutako bakoitzari dagokigula, eta hori ezin dugu galdu.

Oinarri nahikoa ikusten dituzu JxCren eta ERCren artean bide orri bateratu bat adosteko?

Puigdemontek Europako Parlamentuan eserleku bat lortzeko egin duen borrokak adierazten digu estatuak etengabe jartzen dizkigula tranpak, bidea egiten jarraitzeari uko egin diezaiogun, batzuetan denak ezinezkoa baitirudi. Bada, ez. Batek uste osoa eta arrazoia dituenean, bere helburuak gauzatu ditzake.

Helburu horiek lortze aldera, oinarri nahikoa dago JxCk eta ERCk bide orri bat adosteko?

Guk beti defendatu dugu batasun estrategikoa, eta horretan jarraitzen dugu.

Artur Masek proposatu du prozesu subiranista Generalitatearen kanpotik gidatzea, Kataluniako Gobernua Espainiaren mende dagoelako.

Horren jatorria orain bi urteko gobernu itunean dago, eta oso gomendagarria da egunotan irakurtzea. Orain errazagoa da ulertzea zertaz ari ginen kanpo ekintzaz mintzo ginenean. Azkenean, Masen proposamena ildo berekoa da. Auzia ikusaraztea da helburua, eta Puigdemonten lidergoa oso eraginkorra izan da, Espainian ez bezala, Kataluniako egoera salatzeko askatasun osoa dagoen esparruetan. Puigdemonten ahotsak indar handia du, eta baliatu behar dugu. Kanpo ekintza mamitu da Puigdemonten jardunean, hura Europako Parlamentuan sartzean eta Perpinyako ekitaldia antolatzeko gai izan den Errepublikaren Aldeko Kontseiluan.

Puigdemonten indarra baliatu beharko litzateke Kataluniako bozetan ere? Hautagai izan beharko luke?

Puigdemont independentismoaren lider eztabaidaezina da. Independentismoaren proposamenari gehitzen dizkio duintasunaren balioa eta demokraziaren eta gure erakundeen inoiz ez bezalako defentsarena. Puigdemonten balioak ezaguterrazak dira Kataluniako gizartearentzat, eta gehiengo zabal baten aitortza dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.