Ander Imaz. Baikoko pilotaria

«Motibazio handia da Unairi ahalik eta gehien laguntzea»

Unai Lasok eta Ander Imazek bikain hasi dute binakakoa, lehen partida nagusitasunez irabazita. Atzelariak dio «oso gustura» ari dela bikotekidearekin entrenatzen eta jokatzen.

GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
Oiartzun
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Gogotik ari du euria Oiartzunen (Gipuzkoa). Aterpe ona da Madalensoro pilotalekua, baina ez dabil barruko argia. Bai, ordea, Goikoplazako frontoikoa. Makina bat ordu sartu du han Ander Imazek (Oiartzun, 1994). Argazkilariak pilota bat ote duen galdetuta, korrika egin du joan-etorria Madalensorora. Oparitu egin dio gero. Kazetariari, berriz, Olioaren Desafioan irabazitako botila bat oparitu dio. Zoriontsu dago.

Binakakoaren lehen partida jokatu duzue Unai Lasok eta zuk, eta nagusitasunez irabazi diezue Mikel Urrutikoetxeari eta Aitor Arangureni: 22-9. Nekez has daiteke hobeto.

Txapelketa baten lehen partidaren atarian ohikoa da beldur pixka bat izatea: ez dakizu nola ariko zaren. Gainera, Unairekin harreman handia dudan arren, aspaldi ez ginen elkarrekin aritu. Baina dena oso ondo atera zen: biok jokatu genuen nahiko serio. Irabazi egin genuen, eta horrek konfiantza ematen du beti, are gehiago lehen neurketa izanik. Ondo hasi gara. Ea horrela jarrai dezakegun.

Nahiko serio baino gehiago jokatu zenuten.

Txapelketa batean partida bat irabazteko oso lan ona egin beharra duzu, eta horren erraz irabazteko, are eta gehiago. Gu indartsu hasi ginen, eta haiek ez zuten egun ona izan. Unaik eta biok oso txukun jokatu genuen. Oso pozik gaude.

Laso nabarmendu zen. Lau eta erdikoan erakutsitako jokoari eta erritmoari eusten dio.

Unaik beti izan ditu dohain handiak, eta azken hilabeteetan gorakada handia izan du: udan, oso ondo aritu zen; lau eta erdikoan, gutxigatik ez zuen irabazi txapela; eta, orain, binakakoan, oso ondo ari da. Entrenamenduetan ere joko handiarekin dabil. Hura lerroburu askotan agertzen bada, seinale ona izango da guretzat; partida asko irabazten eta goian gauden seinale izango da. Hiruzpalau atzelarik beste guztiok baino kolpe indartsuagoa dute, eta kolpez indar hori ez dugunok aurrelariak laguntzea behar dugu atzelari horiei aurre egiteko. Niretzat, Unai oso pilotari aproposa da horretarako: asko atzeratzen du pilota, eta ezkerreko pilota asko kentzen dizkit. Asko laguntzen dit. Gainera, sekulako konfiantzarekin ari da, eta hori kutsatu egiten da. Txapelketa ona egin dezakegu.

Zer pentsatu zenuen harekin ariko zinela esan zizutenean?

Asko poztu nintzen. Jar ziezadaketen bikotekiderik onenetako bat da, onena ez bada. Oso ondo ari da txapelketa guztietan, oso aurrean beti. Niretzat motibazio handia da hari ahalik eta ondoena laguntzea, eta bikoterik sendoena osatzea. Pizgarria da binakakoa jokatzea, eta are gehiago harekin.

Iaz, Baikoren lan gatazkan, hura enpresatik kanpo geratu zen, eta zuk ez zenuen grebarekin bat egin. Hori kontuan hartuta, deserosoa da harekin jokatzea?

Batere ez. Plazera da. Jendeak asko hitz egiten du, baina guk badakigu benetan zer pasatu zen. Pasatu zena pasatuta ere, harreman handia izan dut harekin. Orain ere oso gustura ari gara, elkarrekin entrenatuz eta elkarri mezuak bidaliz. Txapelketa ona egiteko funtsezkoa da harreman ona izatea, ahalik eta bikoterik sendoena egiteko. Zer eginik ez duzu bikotekide on bat izanda harekin harreman ona ez baduzu. Eta guk oso harreman ona dugu.

Beraz, orduko zauriak itxi dira?

Bai. Denontzako izan ziren garaizailak, bai haientzat, baita guretzat ere. Baina egoera baretu egin da. Haiek jokatzen ari dira, jendea frontoira sartzen ari da... Pixkanaka, pilota gora egiten ari da, eta hori albiste ona da denontzat.

Gaizki pasatu zenuen?

Bai. Berriro diot: ez zen garai erraza izan inorentzat. Gauza asko pasatu ziren, eta gauza asko atera ziren, batzuk egia ez zirenak. Gaizki ulertuak egon ziren ere. Baina ahaztua dut. Pasatu zenak indartsuago egin nau. Orain oso argi dut gauzak ondo doazenean aprobetxatu eta gozatu egin behar direla. Eta horrela ari naiz orain.

Burua lasai duzu?

Oso. Pilotariek bazekiten nola jokatuko nuen eta zer egingo nuen. Batzuek hobeto hartu zuten, eta beste batzuk okerrago. Baina, gero, dena argitu genuen. Garrantzitsuena da guztiok ari garela pilotan jokatzen. Baita lehengo soldata jasotzen ere. Hori ere inportantea da.

Ordukoak eragin zizun?

Bai. Binakakoa jokatzen ari ginen, eta eragin zidan. Ez nengoen ondo buruz eta jokoz, eta, hori gutxi balitz bezala, azken txanpan, kanporaketarako sailkatu edo ez jokoan zegoenean, koronabirusa harrapatu nuen. Ahazteko moduko txapelketa izan zen. Horregatik, ilusio handiz ekin diot honi.

Udan, Mastersa jokatu zenuen Joseba Ezkurdiarekin. Ez zineten sailkatu kanporaketarako, baina berriro ongi sentitzeko balio izan zizun?

Uda ona egin nuela uste dut: partida asko jokatu nituen, eta txukun aritu nintzen. Horrek konfiantza eman dit binakakorako.

Aspaldiko sasoirik onenean zaude?

Oso gustura ari naiz entrenatzen eta jokatzen. Unaik eta biok argi dugu une onak eta txarrak izango ditugula. Ez dugu ezer egin partida bat irabazita. Baina ez zen ezer pasatuko galdu izan bagenu. Oso luzea da hau, eta bikote oso onak daude. Lan asko egin beharko dugu garaipenak lortzeko.

Bihar txapeldunordeen aurka jokatuko duzue: Jon Ander Peñaren eta Jon Ander Albisuren kontra. Zer itxura hartzen diozu?

Oso partida gogorra izango da. Peñak eta Albisuk azken binakakoan erakutsi zuten bikote puska direla. Denbora asko daramate elkarrekin jokatzen, eta hori mesedegarria da. Jada argi utzi dute azken aldikoa ez zela izan kasualitatea: oso ondo aritu dira lehen partidan [22-15 irabazi zieten Jaka-Mariezkurrenari]. Peña izango da gehien hobetu duen pilotaria; bizitasun handia ematen dio pilotari, eta konfiantza handiz ari da; oso ona da. Albisu, berriz, enpresako atzelaririk onena da, eta Zabaletarekin eta Rezustarekin batera, alderik handiena egiten duena.

Non egongo da gakoa?

Zaila izango da nagusitzea, Albisuk kolpe handia baitu. Saiatu behar gara huts gutxi egiten eta partida gogortzen. Egiten badugu, irabazteko aukera izango dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.