Berta Muñoz Caliz. Irakaslea eta ikerlaria

«Zentsura likidoa da gaur»

Luze ikertu du Muñozek zer eragin izan zuen frankismoko zentsurak garai hartako antzerkian. Esan du erregimenak bazuela antzerkiaren indarraren berri, eta indar hori galdu egin duela egun.
JON URBE / FOKU

Itziar Ugarte Irizar -

2018ko uztailak 4
Berta Muñoz Caliz filologia hispanikoan doktorea da Madrilgo Alcala de Henaresko unibertsitatean (Espainia). Diktadura frankistaren zentsurak antzerkian izandako eragina ikertzen dabil azken urteetan, eta baditu hainbat argitalpen gaiaren bueltan. Horretaz jardun zuen orain bi aste, Donostiako Miramar jauregian, Zentsura eta literatura: memoria eztabaidatuak nazioarteko biltzarrarean. Iberiar literaturetan zentsurak izan duen eragina aztertzea izan zuen helburu biltzarrak, eta, horien artetik, frankismoan gaztelaniaz sortutako antzerkiaz aritu zen Muñoz.

Zergatik da garrantzitsua erregimen frankistaren zentsura ikertzea gaur?

Antzerkiari dagokionez, garrantzitsua da ezin delako ezagutu Espainian diktadura frankistaren 40 urteetan idatzitako eta estreinatutako antzerkia zentsurarekin zer gertatu zen jakin gabe. Hannah Arendtek esaten zuenez, antzerkia da arteetan politikoena, alde handiarekin. Arte kolektibo bat da, zeinetan publikoak erantzun bat eman dezakeen, eta jazarleek beldurra zuten errepresentazio hori mitin bihurtuko zen. Frankismo guztian ikaratuta egon ziren antzerkiarekin, egun boterea dagoen baino askoz gehiago. Antzerkiak potentzial politiko ikaragarria dauka, eta gaurko antzerkia nahiko desaktibatuta dago politikoki; ez dago antzerki politikorik, eta, baldin badago, oso urria da.

Antzerkiak gizarte baten adierazpen kolektiboa izateari utzi dio. Antzerkira goaz motibo kulturalengatik, egunean egoteagatik, obra bat ezagutzeagatik... Baina ez hainbeste gertaera kolektibo bat delako; eta frankismoan, zentsurapean, hala izan zen.

Hitzaldian aipatu duzu zentsurak antzerkia jo zuela gogorren, baina hori ikertu dela gutxien.

Bai, eta baita zinema ere. Antzerkia bezala, zinema jende askorengana iristen den arte bat da; poesia ez bezala, esaterako. Zentsura zinematografikoa, ordea, asko ikertu izan da, eta antzerkikoa, ez. Lauro Olmoren lana salbu, 1990eko urteetara arte inor ez da hasi ikertzen zer gertatu zen zentsura espediente horiekin.

Antzerkiak baditu ezaugarri oso propioak. Zer forma hartu zuen zentsurak haietan?

Antzerkia keinu sistema oso konplexua da, eta dena zentsuratzen zen; testua, albo-oharrak, eszenako elementuak, eskuorriak... Baita errepresentazioa bera ere. Konpainiek libretoak aurkeztutakoan, zentsoreek, marratu, eta entsegu orokorrera azaltzen ziren gero, ziurtatzera ea zentsuratutakoak benetan errespetatzen ziren eta hitzezkoak ez ziren keinuren batek ihes egin ote zien. Kritiko zentsoreak ere bazeuden.

Zentsoreen helburua garai hartako errealitatea estaltzea ei zen.

Bai. Ez zuten nahi gerraosteko Espainiako bizitza modu ezkor batean islatzerik. Adibidez, Buero Vallejok Historias de una escalera estreinatu zuenean, 1949an, gai zentral bat gorde zuen: Espainiako gerra zibila. Gai hori tabu bat izan zen oholtzan, 1967an Bueno VallejokEl tragaluz estreinatu zuen arte.

Bestela pentsa daitekeen arren, urtez urte zentsura gogortu egin zuen, zuk diozunez.

Zentsuratu aurreko zentsura bat ere bazegoen gizartearen gogoan. Hasieran, gutxiago debekatzen zen, askok ez zutelako pentsatu ere egiten ezer aurkeztea. Frankismoaren bukaeran, baina, zentsurak gora egin zuen, erresistentzia kulturala ere haziz joan zelako.

Antzerkia idatzi zutenen artetik, Alfonso Sastre eta Fernando Arrabal aipatu dituzu batik bat.

Ustea da egile horiei jazarri ziela gehien erregimenak. Arrabalek esaten zuen Francoren erregimenak bere obra guztiak debekatu izana hobea zela Nobel saria jasotzea baino. Garai batean, zentsura horretarako ere erabiltzen zen. Baina, bai; bi horiei, Lauro Olmori eta Jose Maria Rodriguez Mendezi debekatu zizkieten obra gehien. Errealismo sozialaren garaikoak dira, Arrabal salbu.

Zer trikimailu erabiltzen zituzten zentsurari izkin egiteko?

Askok antzerki historikora jo zuten, obrak iraganean edo asmatutako herrialdeetan girotuz. Mimo eta alegoria lengoaia ere asko garatu ziren. Esaterako, Jesus Camposek 7.000 gallinas y un camello izeneko obra bat dauka, 1976an estreinatu zena. Baserri baten istorioa da, eta oiloak zapalketaren irudia dira, bati lepoa ere bihurritzen diote. Musika klasikoarekin hasten da, mundu ordenatu eta burges bati dagokiona, eta musika bera jartzen diote oiloei, gehiago jan dezaten. Flamenko-rocka bilakatzen da gero, askatasunaren oihu. Zentsoreek ez zuten ulertu, noski; are, saritu egin zuten. Erregimenari gol bat sartzeko modu bat zen.

Salatu duzu trantsizioan frankismoko urteetan idatzitakoari ezinikusia egin zitzaiola.

Trantsizioaren ostean, badirudi badagoela asmo bat frankismoan debekatutako antzerkia berreskuratzeko, baina, 80ko hamarkadatik aurrera, memoria historikoaren atal hori berreskuratu ordez, kultura antifrankista izan zen guztia alboratzen hasten da. Orria pasatu eta atzean utzi nahi da. Parentesiaren teoriaz hitz egiten dugu hemen, frankismoak denboran eten bat markatu izan balu bezala, eta kulturen egitekoa garai hartakoa aurrekoarekin —bigarren errepublikakoarekin— lotzea balitz bezala. Eta, horrela, frankismoan sortu zen dena ahaztea.

Zentsura berriz dabil ahoz aho. Atzerapausoak daude adierazpen askatasunean?

Kasu batzuk oso argiak dira, baina ez denak. Adibidez, ezagutzen dut konpainia bat arazo handiak dituena bere lanak programatzeko, eta susmo argiak dituena ustelkeriaren aurka egin zuten obra batengatik dela. Espainiako antzoki gehienak publikoak dira, kultura zinegotzien eskuetan daude, eta kontrola erabiltzen dute, argi dago. Zentsura likidoa da gaur. Hemendik eta handik zabaltzen da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna